Etxez etxeko laguntzako langileak dirua itzultzera behartuta, «gehiegizko kilometrajeagatik»

Erredakzioa 2021ko urt. 22a, 10:00
Langile baten autoa traktore batekin gurutzatzen, landa-bide batean. / MENDIALDEA.info

Mendialdean, Lautadan eta Arabako Errioxan etxez etxeko laguntza ematen duten langileek dirua itzuli behar dute «kilometro gehiegi egiteagatik». Enpresa kudeatzaileak Google Mapseko ibilbide «laburrena eta merkeena» lehenestea nahi du.

Mendialdea.info hedabideak etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen salaketa jaso du. Etxez etxeko laguntzako lanak kudeatzen dituen Zaintzen Clece enpresako –Aldi Baterako Enpresa Elkartea (ABEE)– langileek azaldu dutenez, udaz geroztik, «gehiegizko kilometrajea» berrikustera behartu ditu zuzendaritzak.

Etxez etxeko joan-etorri horiek Aldundiak deitutako lehiaketaren enpresa esleipendunak eskaintzen dituen zerbitzu-loteei lotuta daude: Mendialdean, Lautadan eta Arabako Errioxan. 2020 osoko kilometrajearen berrikuspenaren barruan, dieta horiengatik kobratutako zenbatekoak itzultzeko eskatu die enpresak. Itzulketak batzuk 100 eurokoak dira, baina badaude 2.000 euroraino iristen diren kasuak; «gehiegizko» kilometro bakoitza 0,29 euroko kostua du.

Modu horretan, «auzia epaitegietara ez eramateko akordio konpentsatzaile bat» behartu nahi du, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatutako enpresa batzordeak salatu duenez. Dirua itzultzeko «presioa» herriz aldatu behar duten «langile gehienetara» zabaldu da, Nuria Lopez de Uralde LABeko ordezkari sindikalaren arabera.

Enpresa batzordeak agerraldi bat eskatu du Batzar Nagusietan. Bestalde, Mendialdea.info ataria Zaintzan Clece enpresaren azalpen zuzena lortzen saiatu da, baina, oraingoz, arduradunek ez dute eskaera onartu.

Google Mapsen ibilbideak

Sindikatuek azaldu dutenez, zerbitzua egiteko autoa erabiltzen duen langile bakoitzak bere etxeko helbidea markatu behar du hasieran, eta, ondoren, erabiltzailearena, helmuga gisa; lanaldi osoan zehar.

Arazoa da enpresak Google Maps aplikazioaren irizpideak kontuan hartzen dituela; hau da, aplikazioak «ahalik eta ibilbide laburrena» egiteko ezartzen dituen kilometroak, eta ez foru sareko errepide batean dauden benetako kilometroak. «Errepide batzuk landa-bideak dira, egoera txarrean daude, traktoreak edo artaldeak daude... Horrek ez die axola, ibilbide laburrena eta gehienez 10 minutukoa egitea baizik», adierazi du Lopez de Uraldek.

Mendialdea.info atariak argitaratutako informazioa ekarri dugu ALEAra, euskaraz; jatorrizko albistea hemen duzue ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide