Duela bi urte heldu zen Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) familiarekin AEBetara, New Yorkeko Liburutegi Publikoko Cullman sormen bekari esker. Columbia unibertsitatean ere eskolak eman ditu, eta orain azkeneko nobelan du arreta jarrita, aurten argitaratzeko asmoz lanean. «Azkeneko pasarteak idazten ari naiz; bakarrik doa».
Nola bizi duzue urte hasiera "zoro" hau?
Nahiko hasiera arraroa izan da, bai. Errege eguneko gertakizunak eta gero, nahiko asaldatuta dago hemen jendea, beldurtuta ere bai gerta litekeenarekin. Beldurra dago eskuin muturrak erakutsi duen indar horrengatik, eta okerrena da alderdi handi batek ideia guzti horiek bereganatu dituela. Ez da soilik eskuin muturreko taldeak Kapitolioa hartu zuela, baizik eta alderdiaren gehiengoa ere ideia horien atzean dagoela. Beldurgarria da.
Hannah Arendt ekarri duzu gogora Berria-ren podcast-ean. «Gezurra hobeto hazten da arima bakartietan…».
Totalitarismoaz idatzi zuten egileak irakurtzen egon naiz egun hauetan: Stefan Zweig, Hannah Arendt..., eta, egia esan, beldurra ematen du. Nola sortu zen faxismoa Europan, eta nola hemen inolako oinarririk ez duten gezurrak defendatzen diren, eta gainera indarkeria erabiliz.
New York oasia da AEBetan?
Hiri oso aurrerakoia da, mundu osoko jendea dago hemen, eta gutxiengoek indar handia dute. Gizarte zibilak indar handia dauka, baina hala ere jendea asaldatuta ikusi dut. Egoerari buruz, Paul Auster mailako idazleek idatzi dute oso larrituta daudela esanez. Eta jendea nahiko aktibo dago gerta litekeen horren kontra.
«Euskal literaturak behar ditu dendak, behar du Durango, behar ditu irakurraldiak»
Herrialdean arrakala handia da elkarbizitzarako...
Milioika pertsona nahiko deseroso daude gutxiengoek eta baztertuta egon diren horiek lortu duten edo dugun eskubide horiekin. Hemen zuriak, mendebaldarrak, heterosexualak eta kristauak diren horiek pribilegioak galdu dituztela sentitzen dute. Eta mundu mailakoa da hori. Nolabait jende horrek esan du «bueno, nahikoa da; nahikoa eman diegu euskaldunei, nahikoa eman diegu emakumeei, nahikoa gay eta lesbianei...». Ideia hori ondo garatu du Trumpek, eta jende horrengana iritsi da. Alderdi errepublikanoa eskumatik handitu du, ez erditik. Gutxiengoak lortzen ari diren eskubideekin deseroso dagoen jende horrekin konektatzea lortu du, eta hortik hainbeste milioi boto.
Literaturari nola eragin dio egoera honek eta azken urteko osasun krisiak? Idazteko aukera izan duzu?
Hasieran oso zaila izan zen idaztea, umeak etxean zeuden eskolarik gabe eta arduratuta gainera; familia babesteko unea izan zen. Orain oso gustora ari naiz idazten. Literaturan gertatu da liburu asko saldu dela, baina liburu denda eta liburu-saltzaileek asko sufritu dutela. Amazonetik saldu dira. Kulturari eutsi diogu, kulturara jo dugu inoiz baino gehiago, baina euskal literatura osatzen duen sistemak asko sufritu du; euskal literaturak behar ditu dendak, behar du Durango, behar ditu irakurraldiak... Mundu mailan egile oso famatuenak saldu dira, baina euskaraz egindakoak sufritu du, hori argi dago.
Nobela bat idazteko asmoarekin joan zinen New Yorkera. Asko aldatu da eleberria hasieran zenuen asmo hartatik?
Asko. Hemen, New Yorkeko liburutegi publikoan, bizitzak daude gordeta, ez soilik liburuak. Pertsona jakin baten gutunak, argazkiak, ondare osoa hara eramaten du jendeak, eta, besteak beste, aktibistak izan diren pertsonak daude. Feminismoan, bakearen alde lan egin duen jendea, gay eta lesbianen eskubideen aldekoak, afroamerikarrak... Bizitza osoak daude hor. Nik, ia konturatu gabe, emakume baten bizitza aurkitu nuen, liburuzain batena, amaituko ez zuen liburu bat idazten 40 urte egin zituen batena. Ideia hori gustatu zitzaidan. Kutxak zabaltzen hasi nintzen, horrek nora eramango ninduen jakin gabe, eta halaxe hasi zen nobela. Gero, pandemiagatik eta mugarri den egoera politiko honengatik, aldatuz joan da nobela. Indartsua izango dela uste dut.
Bien bitartean, besteak beste, New Yorker aldizkarian Emakumeak fabrikatik bueltan poema publikatu zenuen 2020an.
Alde horretatik, oparoa izan da urte amaiera. Gaztelaniaz atera nuen 17 segundo, Japonian Bilbao-New York-Bilbao poltsikoko edizio berri bat atera dute, eta AEBetan hainbat poema agertzen joan dira. Nolabait ikonikoena New Yorker aldizkaria izan da, eta gainera euskarazko bertsioarekin. Poz handi bat izan zen hori, batez ere euskararentzat, euskaldunontzat, nolabait territorioa irabazten ari garelako. Urte zaila izan da, baina ondo amaitu zen urtea.
Gasteizko Irakurle Klubera gerturatzeko asmoa zenuen abenduan.
Azkenean ezin izan genuen, eta jakin dudanez hara joan diren euskaldunek arazoak izan dituzte bueltatzeko. Covid-aren egoera hemen inoiz baino okerrago dago, eta oso zail ari dira jartzen, baimenak behar dira bueltatzeko. Eta nahiz eta txartelak ere hartuta genituen Euskal Herrira joateko, hemen geratzea erabaki genuen. Gabon bereziak izan dira, baina ondo pasatu dugu halere. Umeekin, txapela jantzita, euskal kantak abesten kar-kar.
Nolakoa izan zen irakurzaleekin hitzordu birtuala? Zorrotz fama du Gasteizko Irakurle Klubak...
Sakona esango nuke. Jendeak sakon irakurtzen ditu liburuak, oharrak hartuta, beraien iritziarekin... Gustora egon nintzen. Gainera konturatzen naiz ez dela erraza poesia irakurtzea, ez digutelako erakutsi, eskolan ez dugulako ikasi poesia irakurtzen, eta jendeari kosta egiten zaio. Halere, uste dut saioak balio izan zuela poesiaren klabe batzuk emateko. Oso aberasgarria izan zen, eta pozgarria Iban Zaldua berriz ikustea, nahiz eta birtualki izan. Irakurraldien eta klubetara joatearen alde egon naiz beti, gustuko ditut; behar beharrezkoa da irakurlearekin harremana izatea. Idazterakoan gauzak oso argi dituzu buruan, eta halakoetan konturatzen zara beharbada ez daudela horren argi... beti ikasten da.
17 segundo poema liburua izan zenuten solasgai. Galera gai nagusia duen bilduma.
Gure belaunaldiaren bizitzako momentu desberdinak jasotzen ditu: gaztaroa, haurtzaroa, Gasteizko urteak, unibertsitatea, intsumisio garaia eta kartzela, bidaiak, heldutasuna, gurasoen zahartzaroa, lagunak eta azkenik hona etorrera. Liburuen liburu bat da, poema liburu luzea.
Forma ugari dituzten poemekin.
Atal bakoitzak forma jakin bat dauka, eta oso desberdina. Horrekin jokatu nahi izan dut, formak ere esanahi bat izan dezan. Kartzelako poemak, esaterako, haiku moduan idatzita daude, oso poema laburrak; kartzelan normalean ez duzu luze idazten, ahotsa ez da izaten arnas luzekoa, niri behintzat gogoeta laburrak atera zitzaizkidan, eta horregatik haikuak. Japoniara egindako bidaiari buruzko poemak, berriz, tanka eran daude, eta zortziko txikian umoretsuagoak direnak...
"Espainiako literatur sistemak kristalezko kupula bat jartzen dizu"
Esan izan duzu ez duzula zure bizitza azaldu nahi lanetan, baina zure bizitzako pasarteak dira, ezta?
Bai, badago nire bizitzatik asko. Baina nahiz eta nire bizitzan oinarritu, irakurleak hor bere bizitza ikustea gustatzen zait. Sekula ez dut ikusi poesia edo literatura konfesio moduan; gehiago ikusten dut garai bat jaso nahi izatearekin, nola bizi duen gure belaunaldiak haurtzarotik heldutasunerako pasaera hori, hori jaso nahi izan dut. Nik alabaz hitz egiten badut, jendeak bere alaba ikustea nahi dut, edo amari buruz hitz egiten dudanean bakoitzak bere ama ikustea.
Ibilbidean aurrera, gero eta presio handiagoa idazterakoan?
Uste dut izan nuela presio hori. Musscherekin adibidez, Bilbao-NewYork-Bilbaoren oso desberdina egin nahi nuen, eta jauzia halakoa izan zen, pertsonajeetan zentratutako nobela batekin. Elkarrekin esnatzeko orduaren presioa zen euskal historiako momentu inportante eta jakin bat kontatzea, ordurarte kontatu ez zena, emakume baten bizitza oinarri hartuta; informazio asko kudeatu behar nuen, ondo egin behar nuen, eta gainera azpimarratu nahi nuen benetan gertatu zela, eta horregatik hainbat dokumentu eta agiri... lan handia izan zen. Nobela berriarekin ez naiz ari pentsatzen presioan, ahaztu zait, oso gustura nabil idazten. Agian izango nuen iaz momentu hori, baina orain ez, badoa eta listo. Bere bidea egiten ari da, ia ia bakarrik idazten ari da.
Denborarekin, askeago?
Bai, denborarekin bai. Eta hona etortzeak ere eman dit arnasa, lasaiago sentitzen naiz. Badaude bi presio: batetik, euskaldunena, txikia dena; eta, bestetik, espainolena, handiagoa dena. Eta, agian, hona etortzearen gauza on bakarretako bat izango da Espainiatik ere aldendu naizela. Espainiako literatur sistemak kristalezko kupula bat jartzen dizu, eta ez dut uste euskal idazle bat beraien pareko sekula ikusiko dutenik. Emango digute zeozer, sariren bat, baina ez dute pareko ikusten ez euskaldun, ez galiziar, ez katalan bat, salbuespenak kenduta. Zentzu horretan, hemendik idazten askoz libreago nago. Hemendik zuzenean idatz dezaket euskaraz mundura. Horrek lasaitasuna ematen dit.