Koronabirusa

Araba eremu gorriaren atarian: Iruña Oka, Lantaron eta Legutio ere konfinatuko dituzte

Erredakzioa 2021ko urt. 21a, 13:00

3.500 biztanle baino gehiagorekin, Arabako udalerri jendetsuenetako bat da Iruña Oka. / WIKIPEDIA

176 positibo berri atzeman dira Araban, eta intzidentzia tasa metatua 439,72koa da une honetan. Gainera, Iruña Oka, Lantaron eta Legutio gehitu dira konfinatutako udalerri arabarren zerrendara.

Araba eremu gorriaren atarian dago. Intzidentzia tasa metatuaren hazkundeak ez du etenik: azken 24 orduetan, 176 positibo berri atzeman dira Araban azken hilabeteetako errekorra, eta intzidentzia tasa metatua 439,72koa da une honetan. Hiriburuan, Gasteizen, 436,14koa da. Eremu gorritik kanpo mantentzen den arren, datozen egunetan 500era iritsiko da, eta konfinamendua mahai gainean dago.

Konfinamendu perimetrala ezarriko den udalerrien ebazpena plazaratu du Osasun Sailak. Iruña Oka, Lantaron eta Legutio ere konfinatuko dituzte, eta, bihartik aurrera, lurraldeko hamaika udalerri izango dira konfinatuta, azken 14 egunetan metatutako intzidentzia tasa altua dela eta. Horrek esan nahi du gutxienez 19.000 arabar inguru konfinamendu perimetralaren menpe izango direla bihartik aurrera:

  • Agurain: 784,61
  • Arratzua-Ubarrundia: 772,95
  • Asparrena: 2.475,25
  • Bastida: 1.153,11
  • Donemiliaga: 1.928,37
  • Guardia: 1.108,21
  • Iruña Oka: 696,38
  • Lantaron: 846,56
  • Lantziego: 2.124,83
  • Legutio: 600,44
  • Villabuena: 5.319,15

Ondorioz, ostiraletik aurrera ezin izango da udalerri horietatik irten (edo bertan sartu) justifikaziorik gabe. Konfinamenduarekin batera, gainera, beste neurri batzuek eragina izango dute udalerri horiengan:

  • Ostalaritza itxita mantenduko da.
  • Eskola kirola eta taldeko jarduera fisikoa ez dira baimenduta egongo.
  • Joko areto zein apustu etxeetan ez da jarduerarik egongo.

Gainera, 5.000 biztanletik beherako beste hainbat udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua:

  • Armiñon: 1.793,72
  • Arraia-Maeztu: 546,45
  • Artziniega: 889,59
  • Berantevilla: 801,60
  • Kuartango: 806,45
  • Okondo: 1.150,37
  • Mañueta: 934,58
  • Navaridas: 500,00
  • Samaniego: 829,88

 

Datu txarrak EAEn

EAEko egoera orokorra erabat kezkagarria da. Asteazken honetan 13.664 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 1.115 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %8,2 izan ziren. Ospitaleen egoerari buruzko informazio gutxi eman du ostegun honetan Osasun Sailaren azken txostenak:

  • Covid-19a duten 101 pertsona ZIUetan daude.
  • [Astearteko datuak] 83 pertsona ospitaleratu ziren Covid-19aren ondorioz.
  • [Astearteko datuak] 465 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
  • [Astearteko datuak] Guztira, 562 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan.

Ostiralean, LABIren bilera

Egoera horren aurrean, Iñigo Urkullu Lehendakariak LABIren bilera deitu du ostiralerako, neurri murriztaile berriak hartzeko, baina ez da adostasunik lortu autonomia erkidego guztien arteko Lurraldearteko Kontseiluan. Beraz, Osasun Ministerioak baztertu egin du etxeratze agindua 20:00etara aurreratzea.

Orain, Eusko Jaurlaritza aztertzen ari den neurri proposamenak honako hauek dira: ostalaritza eta merkataritza 19:00etan ixtea, gehienez lau pertsonako topaketak eta udalerri guztien konfinamendu perimetrala, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago