Zorionak Deportivo Alaves!

Mirian Biteri 2021ko urt. 23a, 08:00
2017. urtean sortu zen nesken taldea.

Futbol talde arabarrak ehun urte beteko ditu gaur.

Gaur, larunbata, 100 urte betetzen ditu Deportivo Alavesek; hain zuzen ere, 1921. urteko egun hartan horrela pasa zen deitzera hilabete batzuk lehenago sortutako Sport Friend’s Cluba; ordutik hona, asko izan dira klubak izandako gorabeherak, kirolarekin lotutakoak batzuk zein ekonomikoak beste batzuk.

Kirol arloan, helburua lehen mailan lehiatzea izan bada ere, ehun urte hauetan kategoria ezberdinetan jokatu izan dute arabarrek. Bigarren mailan eman dituzte denboraldi gehien: 37. Lehen mailan, berriz, 16 denboraldi jokatu dituzte. Eta hirugarren mailan, 22.

Lorpen esanguratsuenak, berriz, azken bi hamarkadetan lortu ditu taldeak: arabar guztien oroitzapenetan dago oraindik ere 2001. urtean, Alemaniako Dortmund hirian, Liverpoolen aurka jokatutako UEFAko finaleko partida historiko hura. Porrotarekin itzuli ziren Gasteizera, baina burua tente. Denboran aurrera eginez, nabarmentzekoa da, 2016/2017 denboraldian, Espainiako Errege Kopako finalera heldu zela; askotan aipatu da Alavesek afizio onenetarikoa duela eta horren adibide da Bartzelonaren kontrako final horretan 25.000 zale inguru elkartu zirela Madrilen babazorroak animatzera.

Neska taldea, 2017. urtean

Emakumeen taldearen sorrera izan da Alavesen mugarri garrantzitsuenetariko bat. 2017an, nesken taldea izateko apustu berria egin zuen taldeak eta akordioa sinatu zuen Gasteizko Neskak Futbol Elkartearekin; Deportivo Alaves Gloriosas sortu zuten, eta egun Espainiako bigarren mailan jokatzen ari da taldea. Azken urteko partiden ostean bere taldeko buru da Alavesen emakumeen taldea.

Mendeurrena behar bezala ospatzeko, Gure bizitzako bidaia lelopean, ehun ekimenetik gora antolatu ditu Alavesak. Prestatutako ekintzen artean, Santiago de Pablo historialariak jorratutako Deportivo Alaves: Ehun urteko historia (1921-2021) liburuaren argitalpena dago. Horrez gain, 150 urte betetzen dituen Heraclio Fournier enpresak eskuz egindako marrazkiak dituen karta-sorta bat diseinatu du. Eta mendeurrena ospatzeko ere kamiseta berezi bat kaleratu dute.

Instituzioen aitortza

Halaber, instituzioen aldetik jasoko du Alavesek saria. Hala, Aldundiak erabaki du taldeari ematea Arabako Domina, Aldundiak ematen duen saririk handiena, "Arabako herritarrentzat kirol eta gizarte balio nabarmenak defendatzeaz gain, Arabako Lurralde Historikoaren enbaxadore gisa lan handia egin duelako". Era berean, Gasteizko Udalak bat egingo du Deportivo Alavesen mendeurreneko ospakizunarekin, eta urdinez argiztatuko dira eraikin enblematikoak, igandera arte.

Futbol klubaren ibilbideari errepasoa:

Armarria

Alavesek hainbat armarri izan ditu sortu zenetik. 1920ko hamarkadan, banderatxo zuri-urdin bat zen taldearen ikurra, urrezko masta baten gainean. Ordutik, zortzi aldaketa gehiagok irudikatu dute Glorioso-aren armarria 100 urteko historian zehar.

Armarria azkenekoz aldatu zuten mendeurrenaren atarian. Armarria osatzen duten elementu guztiak sartzeko aukera ematen duen forma esferiko perfektuaren aldeko apustua egin zuten pasa den urtean. Banderatxo ikonikoa errespetatu zuten, eta erakundeak 1923an erabiltzen zuen zigilu zirkular bati keinu egin nahi izan zioten. Koloreei dagokionez, erakundearen koloreak, zuria eta urdina, aukeratu zituzten.

'Babazorro azeria'

Babazorro azeria maskota ezaguna da Deportivo Alavesen. 1997ko maiatzean jaio zen Iñaki Gonzalez-Oribe artistaren eskutik. Aurretik, klubak maskota bat sortzeko lehiaketa deitu zuen diseinatzaile eta publizisten artean. Bere diseinuan, Gonzalez- Oribek azeri bat aukeratu zuen: "Animalia bizkorra da, azkarra, maltzurra, futbol jokalari on batek izan behar dituen ezaugarri guztiak ditu", azaldu zuen bere garaian. Lehiaketa irabazi zuen.

Babazorro azeriak umeak eta helduak animatu egiten ditu Mendizorrotzeko partidetan. Oso maitatua da jarraitzaile zuri-urdinen artean, besteak beste, animatu, txalotu, dantzatu, jarraitzaileekin argazkiak atera, txikiekin jokatu edota autografoak sinatzen dituelako.

Elastikoa

Moldaketa eta egokitzapen txikiak izan baditu ere, 1921. urtean taldea eratu zenetik, Alavesek ez du bere elastikoan erabilitako koloreetan aldaketa aipagarririk izan. Bigarren ekipazioan, etxetik kanpo erabili ohi den horretan, izan dira diseinu aldaketa aipagarriak: horia, beltza, laranja edo gaur egun Gasteizko ikurrinaren koloreak erabiltzen dituen gorria adibidez; nabarmentzekoa UEFA lehiaketan erabilitakoa, hizkiz betea bazkide guztien izenak jasotzen zituena, esate baterako.

Mendizorrotza

Mendizorrotzeko estadioa 1924ko apirilaren 27an inauguratu zuten; galsoro baten gainean eta belodromo baten ondoan eraikita zegoen eremu berria. Inaugurazio bitxia izan zen egun horretakoa, Sociedad Deportiva Deustoren kontra jokatutako partidaren aurretik txirrindularitza eta atletismo lasterketa bana izan zirelako. Inauguratu ondoren lekuz aldatu ez den Espainiako Futbol Liga Profesionaleko kluben hirugarren futbol zelai zaharrena da.

Bere ibilbidean zehar, zelaiak hainbat birmoldaketa jasan ditu. 1950-1951 denboraldian hiriko irratiak estadioari erantsitako dorre bat instalatu zuen partidak emateko. Hiru urte beranduago, lehen tribuna eraiki zuten, eta 1962an zaleak eguraldi txarretik babesten zituzten estalkiak jarri ziren. Argiztapen elektrikoa, ordea, 1971n iritsi zen. Azken birmoldaketa 2016an egin zuten, Alaves lehen mailara igo zenean; 19.840 ikuslerentzako tokia du gaur egun.

Deportivo Alavesek museo bat du Mendizorrotzeko beheko partean, 2005 urte hasieran inauguratu zena. Barruan, besteak beste, UEFA Kopako txapeldunordea bezalako garaikurrak daude, eta baita Alaveseko zaleak, UEFAren arabera, 2001eko onena bezala sailkatzen dituen plaka bat ere.

Ereserkia

Jose Luis Grazianteparaluzetak bildutako informazioaren arabera, mendeurrena dela eta egunotan aurkeztutako ereserkia kenduta, beste bost ereserkia izan ditu Alavesek bere ibilbidean. Guztien artean, Alfredo Donnay Gomez (Gasteiz, 1894ko urtarrilaren 21a - Gasteiz, 1986ko martxoaren 1a) musikari eta poeta gasteiztarrak osatu zuena da ezagunena eta gaur egun taldea animatzeko abesten dena.

Arabako herri-kantutegia osatzen duten obra musikal askoren sortzailea da Donnay; Gasteizen eta Araban ezagunak diren abestien sortzaile. Tartean, futbol taldearena. Haren ereserkia idatzi izanagatik, 1969. urtean Alaves eta Alcoyanoren arteko norgehiagoka jokatu zuten, eta partida horretan ohorezko sakearekin omendu zuten Alfredo Donnay.

Ez da hori musikari gasteiztarrak jasotako omenaldi bakarra. 2018ko azaroaren 18an, bere ibilbideagatik omendu zuten Urrezko Zeledonek. Ekitaldi horretan Urrezko Zeledonek hilabete batzuk lehenago sortutako Alavesen ereserkiaren euskarazko bertsioa abestu zuten lehen aldiz.

Aurten, taldeak 100 urte betetzen dituela ospatzeko, Alaveseko arduradunek Mikel Izal musikari gasteiztarrari ereserkia berri bat egiteko eskatu zioten. Alta la frente izenburupean, pasa den astean aurkeztu zuen taldeak abesti berria. Bertan, 100 urtetako bizipenak jaso nahi izan ditu Izalek. Taldeak piztutako sentimenduak eta bere historiako pertsonaia esanguratsuenak jaso nahi izan ditu musikariak.

Mendeurreneko ereserkia honek euskarazko bertsioa ere badu eta aste honetan aurkeztu berri dute. Mikel Izal berak abestuta, Miren Agur Meabek egin ditu euskaratzeko egokitzapen eta moldaketak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide