'Aramaio' eta 'Hezegune izoztua', neguko argazki lehiaketaren irabazleak

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 20a

'Hezegune izoztua' (Valentin Perez) eta 'Aramaio' (Asier Elorza).

248 botorekin, Hezegune izoztua argazkiaren egile Valentin Perez izan da publikoaren sariaren irabazlea. Hala ere, ALEAko epaimahaiaren saria Asier Elorzari ematea erabaki da, Aramaio argazkiagatik; jasotako boto kopurua (218) eta argazkiaren kalitatea kontuan hartuta.

Zaila izan da Araba izoztua neguko argazki lehiaketara aurkeztutako 146 argazkien artean aukeratzea. Aurkeztutako lanetako askok merezi zuten saria, eta publikoak boto bidez hautatu du Valentin Perezen Hezegune izoztua argazkia. Horrez gain, boto kopuruagatik bigarren postuan gelditu den Asier Elorzaren Aramaio argazkia hautatu du ALEAko epaimahaiak.

Horrenbestez, bi irabazle atera dira lehiaketatik, eta Errigorako saski bat eramango du bakoitzak.

Mila esker parte hartu duzuen guztioi, eta hurrengo lehiaketetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Araba izoztua

Egunotan, Araba izoztua neguko argazki lehiaketa antolatu dugu ALEAn, urte hasierako elurteek Araban utzitako irudiak biltzeko asmoz. Urtarrilaren 8tik 15era bitartean luzatu zen parte hartzeko epea, eta bozketa hilaren 20an itxi da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago