David Manganak irabazi du Cafe Bar Bilbao antzezlan laburren saria

Erredakzioa 2021ko urt. 20a, 16:50
Asier Hernandezek eta David Manganak jaso dituzte sariak. /Tartean Teatroa

Gasteiztarrak gaztelaniazko saria eraman du; Asier Hernandezek, berriz, euskarazko lanagatik jaso du.

Cafe Bar Bilbaok eta Tartean teatroak urtero banatzen dituzten sariek David Mangana eta Asier Hernandezen lanak nabarmendu dituzte aurten. Sari bakoitzeko irabazleek 400 euro jasoko dituzte, eta antzezlanak Cafe Bar Bilbaoren webgunean argitaratuko dituzte. Guztira, 19 gidoi aurkeztu dituzte, horietatik 12 gaztelaniaz eta 7 euskaraz. 

David Mangana kazetari eta Arabako ALEAko kolaboratzaileak El muffin de Proust lanagatik irabazi du saria. Haren esanetan, topaketaren inguruko jolas eszeniko txiki bat da. "Harremanak berez sortzen dira? Bilatzen dira? Behartu egiten dira?… Emakume bat eta gizon bat egunero gurutzatzen dira, goizean, etorbide batean. Egun batean, gizonak buelta eman eta emakumearen atzetik hasiko da. Neska konturatuko da eta bere atzetik joaten hasiko da. Nork bilatzen du nor benetan? Erakarpena eta nazka indarrak orekatzen hasi dira ‘Shock & Tira’ tabernaren pista inprobisatuan".

Euskarazko gidoi saritua, berriz, Asier Hernandezen Kili, kerra eta karma lana izan da. "Bat bateko transformazioa bizi duten hiru lagun, funtzionario bat, ama hil zaion kilker bat. Guztiek heriotzari, pandemiari, euskara batuari, politikari, transformazio Kafkianoari … buruz hausnarketa egingo dute, bakoitzak bere moduan, ordenarik gabe, inongo logikarik gabe, maitasunari eta erditu zituen Amari kantu bat eskainia", azaldu du egileak.

Sari hauek 2002 urtetik hona ematen dira, eta dramaturgoak antzezlan mota hauek idaztera animatzea daukate helburu nagusia. Urte guzti hauetan egile hasiberri edo jada aritu askok jaso dute aitortza. Hauen artean, Arantxa Iturbek, Lutxo Egiak, Pako Aristik, Imanol Ituño de Miguelek, Teresa Calok, Gaizka Sarasolak, Mikel Mikeok, Fredi Paiak, Galder Perezek, Txema Trujillok edota Aizpea Goenagak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide