Duela bost egun Gurutzetako ospitalean osasun langileen txertaketa kanpaina abiatu ostean, Arabaren txanda iritsi da astearte honetan. Gure lurraldeko osasun langileek Covid-19aren txertoa jasotzen hasiko dira astearte arratsaldean.
Horrela hasi da Arabako Unibertsitate Ospitaleko Txagorritxu eta Santiago ospitaletako zein osasun zentroetako lehen 120 profesionalen txertaketa. Covid-19arekiko unitate zaurgarrienak izango dira: Zaintza Intentsiboko Unitateak (ZIU), larrialdiak, Covid pazienteak artatzen dituzten solairuak —Txagorritxuko seigarrena eta zazpigarrena—, lehen mailako arreta, eta, azkenik, adineko profesionalak.
Ostiralera bitartean, Arabako 1.200 osasun langile ingururi txertoa jartzeko asmoa du Osakidetzak, eta, ondoren, Pfizer zein Moderna konpainien horniduraren arabera, aurrera egingo du txertaketa kanpainak. Azken bidalketan, Pfizer txertoaren 8.775 dosi iritsi ziren EAEra, aurreko bidalketen %56. Oraingoz, txerto gutxien erabiltzen ari diren autonomia erkidegoen artean jarraitzen du EAEk.
Osakidetzaren helburua Arabako osasun sare publikoko 6.000 langileen gehiengoari txertoa jartzea da, martxora bitartean.
✅ Gaur hasi da #ArabaESI-n profesionalei COVID-19 txertoa jartzeko kanpaina #Osakidetza
— OSI Araba ESI (@OSIArabaESI) January 19, 2021
????⚕️ José Luis Lobo, Pneumologiako zerbitzuburua, SARS-CoV-2ren aurkako txertoa jaso duen Araba ESIko lehen profesionala pic.twitter.com/LpSPTg7Mk3