Koronabirusa

Abian da Arabako osasun langileen txertaketa kanpaina

Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 18:30
Jose Luis Lobo, Pneumologiako zerbitzuburua, Txagorritxun txertatutako lehen osasun langilea. / @OSIArabaESI

Lehen lerroan dauden Arabako 1.200 osasun langile inguru izango dira Covid-19aren aurkako lehenengo txertoak jasoko dituztenak: ZIUko langileak, larrialdietakoak, Covid solairuetakoak, lehen mailako arretakoak eta adineko profesionalak.

Duela bost egun Gurutzetako ospitalean osasun langileen txertaketa kanpaina abiatu ostean, Arabaren txanda iritsi da astearte honetan. Gure lurraldeko osasun langileek Covid-19aren txertoa jasotzen hasiko dira astearte arratsaldean.

Horrela hasi da Arabako Unibertsitate Ospitaleko Txagorritxu eta Santiago ospitaletako zein osasun zentroetako lehen 120 profesionalen txertaketa. Covid-19arekiko unitate zaurgarrienak izango dira: Zaintza Intentsiboko Unitateak (ZIU), larrialdiak, Covid pazienteak artatzen dituzten solairuak Txagorritxuko seigarrena eta zazpigarrena, lehen mailako arreta, eta, azkenik, adineko profesionalak.

Ostiralera bitartean, Arabako 1.200 osasun langile ingururi txertoa jartzeko asmoa du Osakidetzak, eta, ondoren, Pfizer zein Moderna konpainien horniduraren arabera, aurrera egingo du txertaketa kanpainak. Azken bidalketan, Pfizer txertoaren 8.775 dosi iritsi ziren EAEra, aurreko bidalketen %56. Oraingoz, txerto gutxien erabiltzen ari diren autonomia erkidegoen artean jarraitzen du EAEk.

Osakidetzaren helburua Arabako osasun sare publikoko 6.000 langileen gehiengoari txertoa jartzea da, martxora bitartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide