Almeria5 |
Alaves0 |
Porrot mingarria, oso, Alavesek Almeriaren aurka jaso duena. Bost gol jaso ditu eta modu penagarri batez amaiera eman dio Kopan egindako ibilbideari. Taldea eta zaleak erabat ilusionaturik agertu dira aste honetan Pitu Abelardoren aro berriarekin. Baina gauzak lehen minututik erabat okertu dira, eta partidan emandako itxura oso kaxkarra izan da. Gainera, umekeria baten ondorioz, lehen zatia amaitzear zela epaileak txartel gorria zuzena erakutsi dio Tomas Pinari.
Alavesek bost gol jaso ditu eta modu penagarri batez amaiera eman dio Kopan egindako ibilbideari
Entrenatzaile berriak galtzak bete lan izango du hemendik aurrera taldeari nortasuna emateko. Aurkezpenean Abelardok argi eta garbi esan zuen taldeak defentsan sendo eta erasoan zuzen eta bizkor jokatu behar zuela. Bada, Almeriaren aurkako norgehiagokan kontrakoa gertatu baita.
Izan ere, atzealdean 8. minutuan egindako huts baten ondorioz, Saiq aurrelariak 1-0koa jarri du markagailuan. Gol horrek pitin bat piztu du Alavesen jokoa, eta baloia zenbait unetan ondo erabili dute baina sakontasunik gabe.
Jokaldirik erabakigarriena 35. minutuan gertatu da. Epaileak, inongo zalantzarik gabe, Tomas Pina kanporatu du txartel gorria zuzena erakutsiz. Handik gutxira, Ager Aketxek areaz kanpotik jaurtiketa egin du, Sivera atezainak huts egin, eta baloia saretara bidali du. Hori gutxi balitz, hurrengo jokaldian, defentsan beste huts baten ondoren, hirugarrena egin du Saiq. Beraz, esan genezake partida lehen zatian amaitu dela.
Bigarren zatian, Alavesek helburu garbia izan du, hau da, gol zaparrada ez jasotzea
Bigarren zatian, Alavesek helburu garbia izan du, hau da, gol zaparrada ez jasotzea. Horrexegatik partidari erritmo gutxi eman dio. Talde arabarrarentzat partida aldrebesa zen, eta horren erakusle laugarren gola izan da. Battagliak buruz bere atean sartu du. Gauzak oker daudenean askoz ere gehiago oker daitezke. Taldea erabat etsita, ez adorerik, ez borrokarako grinarik, bukatzeko ahalik eta lasterren. Emaitza borobiltzeko, epaileak Almeriaren aldeko penaltia adierazi du, eta Juan Villarrek maisuki saretara bidali du. Taldeak bost gol jaso ditu, eta Kopatik kanpo geratu da. Ahalik eta lasterren ahaztu beharreko partida, eta orain Ligan buru belarri aritu behar da.
Hurrengo partida, datorren asteartean, urtarrilaren 19an, 21:30ean, Mendizorrotzan Sevillaren aurka. Hori gutxi ez balitz, urtarrileko aldapa honetan eta mendeurrenaren egunean, urtarrilaren 23an, 21:00etan, etxean, Real Madril taldearen aurka jokatuko du. Ea taldea lehiakor eta ausarta ikusten dugun!
Hamaikakoak
- Almeria: Makaridze; Balliu, Maras, Cuenca, Akieme; Samu (74’. Petrovic), Morlanes; Corpas (65’. Fran Villalba), Ager Aketxe (65’. Lazo), Carvalho (65’. Robertone); y Sadiq (74’. Juan Villar).
- Txartel horiak: 36’ Samu, 42’. Corpas, 68’. Sadiq.
- Alaves: Sivera; Martin, Laguardia (70’. Lejeune), Ximo Navarro, Javi Lopez (60’ Adrian Marín); Pere Pons, Pina; Borja Sainz (60’. Burgui), Jota Peleteiro (60’ Manu Garcia), Edgar; Guidetti (46’. Battaglia)
- Txartel gorria: 35’. Tomas Pina.
Golak
- 1-0: 8’. Sadiq
- 2-0: 44’. Ager Aketxe
- 3-0: 45’. Sadiq
- 4-0: 52’. Battaglia (buruz bere atean)
- 5-0: 81’. Villar (penaltiz)
Juegos Mediterraneos futbol zelaiko harmailak
Ohi bezala harmailetan ikuslerik ez. Bakar bakarrik kazetariak eta argazkilariak izan dira bertatik bertara ikusten. Oso tenperatura atsegina norgehiagoka ikusteko. Kopako partida hauetan ez dago VAR-ik. Epaileak ez du inongo zalantzarik izan txartel gorria erakusteko Tomás Pina erdilariari. Umekeria egin du eta burukada eman dio Samu atzelariari. Bi taldeek aldaketa ugari egin dituzte bigarren zatian neurketa erabat erabakita zegoelako.
Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira
- Egun oso atsegina Alde Zaharreko tabernetatik partida ikusteko. Giro polita terrazetan eta denak ilusionaturik entrenatzaile berriarekin, 'Pitu' Abelardorekin.
- Ikusiko dugu nola aldatzen den taldearen jokoa. Seguru aldaketa pizgarri moduan izango dela. Ea partida ikusten dugun!!
- Hamaikako polita zelairatu du. Jende gaztea, ikusiko dugu.
- Ufff, entrenatzaile berria eta akats zaharra. Gola, Almeriaren gola. Hau da hau, maldan gora jartzea partida. Hau desastrea!! Atzealdean ez dabiltza batere fin.
- Konturatzeko partida erabat korapilatu da. Atzealdean sendo ari behar bestela jai. Edozeinek gola egiten dizu.
- Bada, joko gutxi, oso gutxi. Erritmo gutxiko partida da. Taldeak zerbait gehiago eman behar du berdinketa nahi baldin badu.
- Lehen zatian joaten ari zaigu taldeak ezer erakutsi gabe.
- “Gora burua”, “gora burua”
- Gora burua, baina ez burukada eman. Tomás, Tomás Pina, zer egin duzu? Baina zer egin duzu? Txartel gorria. Tontakeria bat da, baina epaileak hor bertan zegoen. Bat gutxiagorekin jokatu beharra, beti bezala.
- Zenbat partida dira hamar jokalariekin izan garela. Zazpi, ezta? Hau desastrea!!
- Ai, ene!, ai, ene! Almeriaren gola, bigarren. Bi eta huts. A zer-nolako hutsa egin duen Siverak. Ze hutsa! Baina zer egin du atezainak. Ez dago ezer egiterik.
- Eta orain, hirugarrena, orpoz, edo, ematen eskolako patioan jokatzen ari direla. Hala, bada!” Agur Kopari. Guk egin beharko duguna zerbait jatea izango da, gutxienez, kafea eta kopa guk hartzeko.
- Akabo fandango! Agur Kopari. Beno, ikusiko dugu bigarren zatian.
- Gol, Almeriaren gola, baina guk sartu dugu, Battagliak buruz egin du gola.
- Hau da hau!!
- Epailea, ordua, ordua da! Tira, ea behingoz sufrikario honako hau amaitzen den! Abelardok lana izango du.
- Penaltia, garbia. Benga, gol. Gol zaparrada jaso dugu.
- Agur Kopari. Ongi etorria Liga. Orain Sevilla eta Real Madril. Partida zailak baina dena ematera atera behar da.