Koronabirusa

Etxeratze-agindua 18:00etara edo 20:00etara aurreratzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 13:25

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. / IREKIA

Etxeko konfinamendura itzultzea ekiditeko helburuarekin, etxeratze-agindua 18:00etara edo 20:00etara aurreratzea aztertzen ari direla ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak. Bitartean, Arabako egoerak okertzen jarraitzen du.

Naiz Irratian eskainitako elkarrizketa batean Zupiriak azaldu duenez, Urkulluk "bizpahiru aldiz" eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari egungo araudia aldatzeko, etxeratze-agindua aurreratu ahal izateko.

Pandemiak eragindako egoerak okerrera egin duelako, baina etxeko konfinamendua saihesteko helburuarekin plazaratu du bere kezka Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, hainbat adituk eskatzen ari diren muturreko neurri hori berrezarri baino lehen, etxeratze-aginduaren aurreratzea lehenetsi nahiko luke Lehendakariak.

Datu kezkagarriak Araban

Arabako egoerak okertzen jarraitzen du, eta intzidentzia tasaren hazkundea kezkagarria da: azken 24 orduetan, 100 positibo berri atzeman dira lurraldean, eta intzidentzia tasa metatua 345,54koa da une honetan. Hiriburuan, Gasteizen, 353,10ekoa da; eremu gorritik kanpo mantentzen da, oraingoz, baina igotzen jarraitzen du.

Bestalde, une honetan, beste hainbat udalerritan 500etik gorakoa da intzidentzia tasa metatua, eta, era berean, goranzko joera ematen ari da udalerri horietan:

  • Agurain: 691,20 (zerrenda honetatik, 5.000 biztanle baino gehiago dituen bakarra)
  • Armiñon: 1.793,72
  • Artziniega: 1.098,90
  • Asparrena: 2.165,84
  • Donemiliaga: 1.101,93
  • Eskuernaga: 3.546,10
  • Guardia: 521,51
  • Lantziego: 1.593,63
  • Lantaron: 529,10
  • Mañueta: 934,58

EAEko egoera orokorrari erreparatuz, ostegun honetan 13.224 test diagnostiko egin ziren, eta, horietatik, 760 positiboak izan ziren; hau da, emaitza positiboak %5,7 izan ziren. Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailaren azken datuen arabera:

  • 50 pertsona ospitaleratu ziren asteazkenean Covid-19aren ondorioz; guztira, 367 lagun daude Osakidetzan ingresatuta.
  • Covid-19a duten 84 pertsona ZIUn daude.
  • Urtarrilaren 4tik 10era bitartean, 66 hildako izan dira Covid-19aren ondorioz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago