AHTaren aurkako plataformak Espainiako Gobernuarekin bildu dira

Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 19:48

AHTren aurkako Arabako eta Nafarroako plataformetako kideak. / AHTrik EZ ARABA

AHTren aurkako plataformek jarrerak hurbildu dituzte Ingurumeneko Estatu Idazkariarekin, egungo trenbideen egokitzapenean oinarritutako irtenbide bat bilatzeko. "Garai berrietara egokitutako erabakiak" espero dituzte epe laburrean.

Asteazken honetan, urtarrilaren 13an, Espainiako Gobernuko Ingurumeneko Estatu idazkari Hugo Moran AHTren aurkako eta trenaren aldeko Arabako eta Nafarroako plataformekin bildu da. Plataformen proposamenari erantzunez, Ministerioaren planteamendu estrategikoaren helburua "gaur egungo azpiegiturak hobetzea eta egokitzea" dela adierazi die Moranek.

"Ingurumeneko Estatu Idazkariak adierazitako jarrerak erantzukizun politiko arduratsu baten erakusgarri dira", baloratu dute AHTren aurkako plataformako kideek. "Erakundeek ildo hau jarraitzen badute, baikortasunez eta epe laburrean garai berrietara egokitutako erabakiak hartuko diren itxaropena dugu".

Lau kezka nagusi

Bileran, "funtsezko" lau gai helarazi dizkiote Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren ordezkariari.

Lehenik eta behin, Abiadura Handiko Trenaren erabilera esklusiborako trenbide-plataforma berri bat eraikitzeak Nafarroan eta Araban eragiten dituen "ingurumen-inpaktu larrien" berri eman diote. AHTren aurkako ekintzaileek azaldu dutenez, proiektatutako plataforma berri hori gaur egungo trenbidearen alboan eraikiko litzateke.

Horrekin batera, kaltetutako udal eta kontzejuen "ezinegona eta kezka" adierazi diote. Izan ere, ekintzaileen ustez, trenbide-korridore berri bat egiteak desjabetzeak, ingurunearen gaineko eragin larriak, landa eremuen isolamendua, despopulazioa, enpresen deslokalizazioa eta "beste eragin negatibo batzuk" ekar ditzake. Era berean, dagoeneko eraikitzen ari direnak gelditzeko eskatu diote.

Hirugarrenik, plataforma berri bat eraikitzeari alternatiba bat proposatu diote: "Egungo trenbideak egokitzea, mota guztietako trenen erabilerarako; eskualdekoak, distantzia ertain eta luzea, prestazio handiak eta merkantziak".

Eta, azkenik, trenbide-plataforma berria eraiki beharrean, "0 alternatiba" hautatzea eskatu diote; hau da, "egungo trazadurak hobetzea eta egokitzea".

Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bildu) eta Juan Lopez de Uralde (UP) ere bileran izan dira.

 

Trenbideen egokitzapena eta hobekuntza

AHTren aurkako Arabako eta Nafarroako plataformek positibotzat jo dute egunotan Errioxatik iritsi diren berriak: Errioxako presidente Concha Andreuk, Garraio eta Mugikortasuneko eta Hiri Agendarako Jose Luis Abalos ministroak eta ADIFeko presidente Isabel Pardo Verak protokolo bat sinatu dute, AHTa egungo bideetatik Logroñora iristea ahalbidetzeko epe laburrean.

Gauza bera eskatu dute Araba eta Nafarroarentzat: egungo trenbideen egokitzapenean eta hobekuntzan oinarritutako irtenbide bat proposatu dute. Baina ez da aldarrikapen berri bat; izan ere, proiektu horiek aurkeztu zirenetik, egungo trenbidearen defentsa berretsi dute AHTren aurkako plataformek.

"Irtenbide horrek, gainera, lurraldea kohesionatu eta herriak, eskualdeak, hiriak eta industrialdeak lotzeko aukera ematen du, ingurumena errespetatuz eta etorkizunerako bideragarriak diren kostu ekonomikoekin", adierazi dute.

Bileran, Ministerioaren planteamendu estrategikoaren helburua "gaur egungo azpiegiturak hobetzea eta egokitzea" dela adierazi die Ingurumeneko Estatu idazkariak plataformei, "azpiegitura berriak egin aurretik; hau da, bidaiariek eta merkantziek erabiltzea, azpiegiturak bikoiztu gabe".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago