Aurrera doa Aernnovako langileen greba, Eusko Jaurlaritzari esku hartzea eskatuz

Erredakzioa 2021ko urt. 14a, 17:46
Aernnovako langileen manifestazioa, urtarrileko hirugarren greba egunean. / ELA

Urtarrilean deitutako hirugarren greba egin dute Aernnovako langileek, kaleratzeak gelditzeko erakundeen inplikazioa eskatuz. Los Angeles elizako "itxialdian" jarraitzen dute, eta Miranda Ebro eta Berantevillako alkateen babesa jaso dute, besteak beste.

Asteartean, Los Angeles elizan "itxialdia" ez dute bertan lo egiten eta apaizaren onespena dute bertan egoteko abiatu zuten Aernnovako langileek, urtarrilean zehar deitutako bederatzi greba egunetako bigarrenean; bertan izango dira, gutxienez, datorren astelehenera arte, eragile sozial, sindikal eta politikoekin biltzeko: besteak beste, SDA Factory, Michelin, Mercedes eta Celsa Atlantic-Laminaciones Arregui enpresetako langileekin bildu dira egunotan. Protestaren gune ere bihurtu dute eliza.

Ostegun honetan izan da hirugarren greba eguna, erabateko jarraipenarekin berriro ere. Manifestazio bat abiatu da 12:00etan Bilbo Plazatik Los Angeles elizaraino. Bertan, 13:30ean, Miranda Ebro eta Berantevillako alkateen babesa jaso dute, komitearekin batera egin duten prentsaurreko batean:

 

Protestekin jarraituko dute urtarrilean zehar, eta, gaurko lanuztearen ondoren, hilaren 18an, 20an, 22an, 25ean, 27an eta 29an ere greba egingo dute.

Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa

Protesta egun hauetan, Aernnovako langileek gatazka konpontzeko gakoetako bat jarri dute mahai gainean: erakundeen eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa.

Los Angeles elizaren aurrean gogorarazi dutenez, "presio instituzionalari esker", 2015eko azaroan, Berantevillako lantegian 133 langilerentzat aurkeztutako EEEa bertan behera utzi zuen Aernnovak. "Orduan egin bazen, orain ere egin daiteke. Eusko Jaurlaritza inplikatu behar da, kaleratzeak geldiarazteko gaitasuna duelako", adierazi du langileen batzordeko presidente Juan Carlos Gomezek.

Izan ere, Javier Zarraonaindia Industria sailburuordearekin bildu ziren asteazkenean, eta, besteak beste, gatazka honetan esku hartzeko eskatu zioten langileek.

82 langile kalera

Otsailaren 1ean, Aernnovak Berantevillan duen fabrikako 82 langile kalean geratuko dira, 450 langilek osatutako plantilla osoaren %20 inguru: 55 kaleratze, 14 aurrejubilazio —ordainsari gordinaren %65 jasoko dute eta borondatezko 13 baja pizgarriekin. Lan Ikuskaritzak eta auzitegiek erabaki bitartean, zuzendaritzak jarraituko ez duten langileen zerrenda plazaratu zuen 2020ko abenduaren 31n, Gabon Zahar egunean.

Enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aukera ireki zenetik iragarri zuen bezala, enpresa batzordeak ez du kaleratzerik onartuko eta protesta dinamikarekin jarraitzea erabaki du, "gehiegikeria" gisa definitu dutenari aurre egiteko. Izan ere, langileen ustez, enpresak bizi duen egoera "koiunturala da, eta ez egiturazkoa". Beraz, alternatibak bilatzeko eta kaleratzeak bezalako "neurri traumatikoak" baztertzea eskatu diote zuzendaritzari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide