Unai Gonzalez

"Eskola kirola ezinbesteko jarduera bezala ulertu behar da"

Mirian Biteri 2021ko urt. 15a, 08:00
Bultza Kirola Euskadi plataformako kide Unai Gonzalez.

LABI Aholku Batzordeak hartutako neurri berrien artean, eskola kirola berriz ere martxan jartzearena dago, hainbat mugarekin. Bultza Kirola Euskadi plataformatik ohartarazi dute lanean jarraituko dutela.

Euskal Autonomia Erkidegoan eskola eta kirol federatuen esparruan erakundeek hartutako erabakiekin kezkatuta dauden klub eta elkarteen plataforma da Bultza Kirola Euskadi. Bertako kide Unai Gonzalez gasteiztarrak eskola kirolak ume zein gazteen artean duen garrantziaz ohartarazi du, eta, hortaz, "funtsezko jarduera" bezala hartu arte lanean jarraituko dutela iragarri du.

Zein da LABi Aholku Batzordearen erabakiaren inguruan egiten duzuen lehen balorazioa?

Hasiera batean, positiboki balo ratzen dugu eskola kirola berriz ere martxan jartzeko erabakia. Baina kezka sortzen digu pentsatzea zerbait koiunturala dela; alegia, urtarrilaren 11ko dekretuan eskola kirola baimentzea eta hemendik hilabetera, berriz ere, atzera egin dezaketela imajinatzeak kezkatzen gaitu. Guretzat ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak eskola kirola ezinbesteko jarduera gisa hartzea, eta beraz, bermatzea ez dela bertan behera geratuko, ez bada konfinamendu zorrotz batera goazelako.

Aste honetako dekretuak hainbat muga ezarri ditu dagoeneko; tartean, eremu gorrian dauden udalerrietan eskola kirola bertan behera uztearena. Erabaki hori ulertzen al duzue?

Ulertu dezakegu eskola kirola ezinbesteko jarduera gisa ulertuko balute kasu zehatz batzuetan galaraztea; gu ezin gara sartu salbuespen horiek zeintzuk diren aipatzen, irizpide teknikoen araberakoak direlako. Baina abiapuntua beti izan behar da eskola kirola normaltasunez garatu ahal izatea, hezkuntzak edo bestelako sektoreek jarduten duten moduan.

Eta sei pertsonako taldera mugatzearekin ados zaudete?

Besterik egon ezean, muga hori onartu beharko dugu. Zentzua izan dezake hainbat kasutan: esaterako, kirol klub batzuetan hainbat ikastetxetako umeak elkartzen direnean. Baina beste kirol jarduera batzuetan gelako burbuilak mantentzen dira; 25 ikaslek sei ordu elkarrekin igarotzen badituzte, ez du logikarik esateak ikas- tetxetik ateratzean beste ordubete gehiago batera egon ezin daitezkeela. Baina ezarritako kopuruan gu ezin gara sartu; oinarria da jarduerak aurrera egitea, eta jarritako baldintzak beteko ditugu eskola kiroletik; urrian hasi ginen segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko protokoloak sortzen eta formatzen. Guztia prest genuenean, martxan jarri ginen eta azaroan eskola kirola bertan behera uztea erabaki zuten, gaur egungo datu berdinekin.

Baina, azaroan, kirol jarduerak bertan behera utzi baziren ere, denborarekin, datuak hobetzean, federatuta dauden helduek kirola praktikatzeko aukera berreskuratu zuten. Umeek, berriz, ez. Zein da arazoa?

Ez da bakarrik, behar fisikoa; beraien ongizate emozionalak, sozialak eta kognitiboak ere harreman estua dute jarduera fisikoarekin.

Ez dago fundamenturik. Ikerketek diote umeek gutxiago kutsatzen dutela; eskola kirola martxan egon zen denboran, kutsatuen portzentajea %0,30ekoa izan zen. Ez du inongo zentzurik adin batetik aurrera helduek kirola egin ahal izatea eta txikiek ez. Gainera, ulertzen dugu umeek eta gaztetxoek badutela jarduera fisikoa egiteko behar are handiagoa. Ez da bakarrik, behar fisikoa; beraien ongizate emozionalak, sozialak eta kognitiboak ere harreman estua dute jarduera fisikoarekin; are gehiago, ez gara gai jakiteko etorkizun ertain eta luzera begira ohitura sedentario hauek zer nolako ondorioak izango dituzten ume eta gazteengan.

Eta zergatik urtarrilean bai eta azaroan ez?

Faktore asko egongo dira atzetik, baina Bultza Kirola plataformatik eta beste elkarte batzuetatik egindako presioak eragina izan duelakoan gaude. Herria mugitu izan ez balitz eta inork ezer esan izan ez balu, ez zuten berriro martxan jarriko. Baina mugitu gara eta lortu dugu egoerari buelta ematea. Apurka gaia sozializatzen joan gara, eta jendarteak ulertu du ez duela zentzurik umeak kirola egin barik egoteak; uste dugu Eusko Jaurlaritzara ere heldu dela azkenik mezu hori.

Noiztik dago zehazki Bultza kirola plataforma lanean?

Ikasturte hasierarekin batera hasi ginen ikastxeetako koordinatzaileen artean harremanetan jartzen; handik gutxira, jakin genuen klubetakoak ere beraien artean hasi zirela kontaktuan, eta azaro hasieran, eskola kirola bertan behera uztea erabaki zutenenean, elkarlanari ekin genion. Antolatutako lehen ekimena adierazpen bati atxikimendua ematea izan zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 550 klub eta elkarte baino gehiago batu ziren hasieran; gaur egun gehiago izango dira. Araban mailan, askotariko 100 inguruk eman diote babesa, klub, ikastetxe edo guraso elkarte gisa.

Adierazpenaz gain, bestelako ekimenak ere egin dituzue...

Hala da, bai. Azarotik hona, gaia bideratu nahian, hainbat alditan eta bide ezberdinetatik jarri izan gara instituzioekin harremanetan: besteak beste, Jaurlaritzari eta Diputazioei gutunak bidali dizkiegu, eta egia esan, erantzunak gutxi izan dira; pilota bata bestearen teilatuan jartzen ibili dira, erantzunik eman gabe. Bestetik, egoera honek umeei zelan eragiten dien ere jakin nahi izan dugu, eta horretarako kirol elkarte ez-berdinen artean inkesta bat egin genuen.

Zeintzuk dira inkestak utzitako ondorioak?

Latzak. Jakin dugu eskola kirola indarrean zegoenean, astean, neska-mutikoek kirolari sei bat ordu dedikatzen zizkiotela, eta gaur egun, batez beste, bi ordu baino ez dutela ariketa fisikoa praktikatzen. Gainerako denbora hori ohitura sedentarioetan erabiltzen dute orain; kasu askotan, bideo-jokoekin jolasean. Inkestatik jasotako datu guztiak batu eta Jaurlaritzari bidali genizkion, eta handik bi egunetara Jaurlaritzako Kirol sailak berak antzeko inkesta bat igorri zien kirol klubei; ohartu ziren datu horiek behar zituztela.

Eskola kirola martxan jarrita, zer gertatuko da orain plataformarekin?

Lanean jarraituko dugu eskola kirola ezinbesteko jarduera bezala hartu arte. Hortik aurrerakoak, aztertzeko daude oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide