Mendia, tranpa bihurtuta

Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 08:00
Ertzaintzaren Mendiko Erreskate Unitatea Gorbeian eguberrietan egin zuen erreskate batean / @UVR ERTZAINTZA

Inon ez dago zero arriskurik, eta mendian are gutxiago, baina prestakuntza, planifikazioa eta ekipamendu egokia izanik azken egunetan ikusi ditugun ezbeharrak eta ondorengo erreskateak saihestu daitezke. Mendiari errespetua galdu zaiola uste dute mendizaleek: "Mendia ez da soilik denbora-pasa".

Pandemian ezarritako neurrien ondorioz, arnasa hartzeko beharragatik Euskal Herri osoko landa eremuak eta mendiak gainezka egon dira. Halaber, elurteek utzitako paisaia miresgarriek ingurune menditsu jakinen neurri gabeko "okupazioa" areagotu dute. Araban, Gasteiztik gertuen dauden mendi eta paraje ezagunetara jo dute herritarrek; eta horietan denetariko arazoak sortu dira. Gorbeian eta Anboton azken egunotan gertatu diren ezbeharrak eta erreskate-lanak dira joera berri horren adibide agerikoenak. "Argi dago mendian arriskua dagoela, eta mendiari errespetua eskaini behar zaio; 2020an errespetu hori galdu da apur bat".

Izaskun Agirre alpinistaren ustea berretsi dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak esku artean dituen azkeneko datuek. Iazko zenbakiekin alderatuta, eta 2020koak soilik urrira arte bilduta, Araban, mendi-erreskateen kopurua %16,4 hazi da. Zenbatzeko hilabeterik txarrenak falta dira: azaroa eta abendua. Arabako erreskateen zerrenda luzea Toloñon hasi zen, iazko urtarrilaren 3an. Mendilerro horretan harrapatuta geratu ziren bi mendizale erreskatatu behar izan zituzten Arabako suhiltzaileek eta Ertzaintzaren Mendiko Erreskate Unitateak, Larrasako gailurraren eta Palomaresen arteko eremu malkartsu batean harrapatuta geratu ostean; abuztuan, Oketan eta Nerbioiko ur-jauzian izan ziren erreskateak; azaroan, Los Goros kobazuloaren sarreran, hainbat metroko erorikoa izan ondoren, buruan zauritutako gizon bat erreskatatu zuten; abenduan, Babio mendian zorabialdia izan zuen mendizale baten bila ibili behar izan ziren.

"Uste dugu zerbitzu publiko oro doakoa dela, ez duela dirurik balio"

Halere, Tologorrin jazo zen urteko istripurik lazgarriena, urtea amaitzear zela. Abenduan, 52 urteko mendizale bat hil zen Tologorriren Arabako aldean, konortea galdu, erorikoa izan eta hipotermiak jota. Erreskatea oso zaila izan zen eta orduak iraun zituen, euria, behe-lainoa eta haizeagatik helikopteroa ezin izan baitzen bertaratu. Gainera, mendizalearen lagunak, behin jaitsitakoan, ez zekien zehatz-mehatz non zegoen bere laguna.

"Ez dago zero arriskurik"

Txikitatik ibili izan da mendian Agirre sakandarra, eta egun mendiko gida formazioa amaitzen ari da. Ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak eta ekar dezaketen arriskua. "Badakizu mendiak arriskuak dituela, meteorologia dela eta edo mendiak dituen baldintza konkretuak direla eta. Ez dugu ikusi behar mendia soilik denbora- pasa bezala edo disfrutatzeko toki bat bezala; zentzuarekin jokatu behar dugu". Hain justu, eguberri hauetan gertatu diren ezbeharren inguruan, Agirrek uste du "txunditu" egin garela eta ez direla kontuan hartu komunikabideak ematen ari ziren abisuak: "Ero-eroan joan gara mendira".

"Atzera egiten ere jakin behar da, zuhurtziaz jokatu behar da mendian"

Begoña Ariznabarreta Geurekin Mendira taldeko kide eta esperientzia handiko mendizaleak ere azpimarratu du "zero arriskurik" ez dagoela mendian. "Zeintzuk dira arrisku nagusiak? Gehiegizko konfiantza, bakarrik joatea eta informazioa ez ematea, entrenamendu falta, gorputzaren abisu fisikoei edo psikologikoei kasurik ez egitea, ezjakintasuna eta axolagabetasuna". Ariznabarretak gaineratu du elurte hauekin Euskal Herriko mendietan ibiltzea ez dela erraza, eta neurriak hartu behar direla. "Gure mendiak askotan Pirinioak diren modukoak dira, elur jauziak daude, hotza, izotza, hezetasuna, haize bortitzak, laino sakonak... eta egoera horretan materiala behar da: elur- erraketak, kranpoiak".

Bi mila euro orduko

Patxi Urizar Abalos Gaubeako Babes Zibileko taldeko koordinatzaileak uste du elurteen ostean mila metrotik gora igotzen denak zerbait txarra gertatzeko aukera asko dituela. "Jendea ez da ohartzen baldintza horietan 700 edo 800 metroko altuerara igotzen hasten denean beste hirurehun metro gehiago igotzen dituenean edozein arazo txiki areagotzen dela: lainoa, desorientazioa, haize-boladak, hipotermiak...".

Gainera, Urizarrek nabarmendu duenez, horrelako baldintzetan mendira igotzen denak arriskuan jartzen du bere bizitza eta erreskatatzera doazenena. "Gaur egun ohituta gaude zerbitzu publiko oro doakoa dela pentsatzera, eta ez duela dirurik balio, eta jendea ez da jabetzen ordubetez helikopteroa mugitzea bi mila euro inguru dela. Diruaz gain, profesionalak eta boluntarioak arriskuan jartzen dira". 2011n onartu zituen Eusko Jaurlaritzak erreskate edo salbamenduagatiko tasak. Lehenik eta behin, jarduera mota hartzen da kontuan. Jaurlaritzak "arriskutsutzat" jotzen dituen kiroletako bat praktikatzen ari bagara eta istripurik badugu, erreskatea ordaintzea egokituko zaigu. Halaber, arriskutsutzat jotako guneetan edo sarbide mugatua edo debekatua duten eremuetan jarduteak ordaintzea ekarriko du. Alerta laranja edo gorria dagoenean ere kobratzen da; eta, jakina, zerbitzua eskatzen bada, eta erreskatea egiteko justifikatutako arrazoirik ez badago. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren datuen arabera, 2015. urtean 11.718.266 euroko aurrekontua erabili zuten erreskate eta bilaketa taldeek, eta 2016an 11.393.007 euro.

Mendizaletasuna

Pandemiaren ondorioz ezarri diren murrizketek jende gehiago erakarri dute mendietara. Argi dute hori Agirre eta Ariznabarreta mendizaleek. Gazteen artean sumatu du Agirrek mendira joateko ohitura horren gorakada. "Lehen tabernetan, gaztetxean edo lokaletan egoten ziren, eta orain mendira joateko ohitura hartu dute". Ariznabarretak, berriz, gero eta jende gehiago bakarrik edo lagun batekin joaten dela atzeman du, esperientziarik gabe.

"Mendia lotu dugu erronkekin, denborarekin, arin joatearekin"

Bestalde, ohitura handia dago ezagunak diren mendietara joateko. "Deigarriena izena delako: Aizkorri, Gorbea, Anboto..., eta beste inongo ebaluaziorik gabe horietara goaz, ezagunak direlako; eta askotan edo gehienetan gertatzen da ez gaudela prestatuta mendi horretara igotzeko. Agian ez ditugu gure inguruko bidexkak edo mendi txikiak ezagutzen eta abentura bezala goaz", dio Agirrek.

Eta Pirinioekin konparatuta Euskal Herriko mendiak ez direlako horren arriskutsuak. Hori uste dute, bederen, mendira joaten diren askok eta askok. Sakanako alpinistak hori ukatu du: "Arriskua lotu beharko genuke faktore askorekin, eta pertsona bakoitzaren ezaugarriak daude horien artean, pertsona horrek eskaini eta mendiak dituen ezaugarriekin. Ez da soilik fisikoki miresgarria izatea, baizik eta ingurua ezagutzea eta jakitea hor ibiltzen, eta hori ez da egiten mendi esanguratsuak egiten, poliki-poliki eta progresio batekin egiten da".

Hala, ikastetxeetan eta ikastoletan mendizaletasuna gehiago landu beharko litzatekeela uste du Agirrek, eta mendi irteera gehiago antolatu. "Txikitatik bizi izan badugu lotura mendiarekin, asko ikasten da, ingurunea interpretatzen, meteorologia, orientazioa; horrek hobeto ibiltzen lagun dezake". Gurasoekin edozein menditara egun pasa joatea berreskuratzeko beharra ikusten du, eta ez trekking luze bat egitera. "Agian hori galdu da, eta mendia erronkekin lotu dugu, denborarekin, arin joatearekin".

Halaber, mendi taldeek eskaintzen dituzten aukerak nabarmendu dituzte bi mendizaleek. "Mendi taldeak edo klubak oso aukera polita dira, oso aberasgarria, eta oso modu segurua esperientzia askorekin hasteko". Beste aukera bat litzateke gida profesional bat kontratatzea. "Agian soilik hirumilakoekin lotzen ditugu, baina beste mendi xumeetan hasteko zerbitzua ere eskaini dezakete".

Erreskatea Tologorri mendian, Arabako aldean. @URV ERTZAINTZA

Prestakuntza, planifikazioa eta ekipamendua

Mendira behar bezala joateko, gauza dezente hartu behar dira kontuan. Prestakuntza da horietako bat, Agirreren eta Ariznabarretaren aburuz. "Zure buruari galdetu behar diozu: Prestatuta nago mendira joateko? Eta ez soilik fisikoki, baita informazioaren aldetik ere. Prestakuntza hori profesionalek emandako formakuntza batekin osatu ahal badugu hobeto", esan du alpinista nafarrak. Ariznabarretak, berriz, Geurekin Mendira taldeko esperientziatik ikusita, uste du oso inportantea dela gorputza gehiegi ez behartzea. "Zuretzat kaltegarria da eta ingurukoentzat ere". Hortaz, mendira joateko sasoian egon behar da, "egingo duzun mendirako prestatu egin behar duzu, eta taldean baldin bazoaz jakin behar duzu talde horren maila zein den".

Halaber, aldez aurretik antolakuntza behar da, helburua zehaztu, ibilbideak eta desnibela aztertu, eta denbora kontuan hartu. "Eta plan alternatibo bat prestatu. Txindokira joateko asmoa dugu eta txapela daukala ikusten badugu, agian plana aldatu behar dugu".

Ekipamendua ere garrantzitsua da: materialak aldez aurretik prestatu eta ezagutzea, arropa egokia eramatea meteorologia kontuan hartuta, material teknikoa behar izango dugun aurreikustea: erraketak, kranpoiak, segurtasun ekipamenduak, janaria, ura, oinarrizko botikin bat. Ariznabarretak azaldu duenez, bere motxilan beti daude iparroratza, mapak, linterna, glukosa, manta termiko bat, hiru zakar-poltsa eta txilibitua "telefonoa hotzarekin deskargatu daitekeelako kolpe batean". Gainera, bi makil erabiltzea ere oso ona dela esan du. "Berandu erabiltzen da, lesioak daudenean, baina horiek ekiditeko eta nekerako oso onak dira".

Mendian bertan zentzuarekin jokatzea eta erabaki onak hartzea ezinbestekoak dira bi mendizaleen aburuz. "Atzera egiten ere jakin behar da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide