Pablo Machin entrenatzailea kargutik kendu du Alavesek

Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 11:40
2020ko abuztuaren 5ean, Machin denboraldi baterako fitxatu zuen Alavesek / deportivoalaves.com

Astearte honetatik aurrera, Alaves taldearekin lotura izateari utzi dio Pablo Machin entrenatzaile soriarrak. Klubak abuztutik zuten kontratua etetea erabaki du. Pitu Abelardo izango da entrenatzaile berria.

Gaurko entrenamendu saioa orain arte taldeko bigarren entrenatzaile Javier Cabellok zuzendu du. Klubak eskerrak eman dizkie Pablo Machini eta Jordi Balcellsi, "klubari eskainitako lanagatik eta dedikazioagatik", eta "zorterik handiena" opa die etorkizun profesionalean.

Arabako taldeak gutxik espero zuten erabakia hartu du azken sei jardunaldietan lau partida galdu ostean. Une honetan, Alaves sailkapenaren hamaseigarren postuan dago, jaitsieratik bi puntutara; baina jokatutako bi partida gehiagorekin, Elxek Bartzelonaren eta Sevillaren aurka jokatzeke dituenak.

Horrela, Gasteizera iritsi eta bost hilabetera, Pablo Machin ez da Alaveseko entrenatzailea izango. Lau garaipen, sei berdinketa eta zortzi porrotekin joango da; Kopako bi txandatan Rincon eta Coruñako Deportivo kanporatu ostean.

Entrenatzaile berria Pitu Abelardo izango da. Oraingoz, denboraldi baterako kontratua sinatu du, baina taldea Lehen Mailan mantentzea lortzen badu, beste denboraldi baterako geratuko da, gutxienez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide