Koronabirusa

380.000 txerto iritsi dira Forondako aireportura, Barajasen alternatiba gisa

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 08:55

Pfizerren txertoaren beste kargamentu bat iritsi zen abenduko azken egunetan. / @ForondaAirport

Koronabirusaren aurkako 380.000 txertoko sorta bat iritsi da astelehen honetan Belgikatik. Denboralearen ondorioz, Barajasen ordez Forondako aireportura iritsi dira, ondoren autonomia erkidego guztietara garraiatzeko.

Pfizer eta BioNTech konpainiek sortutako txertoaren 380.000 dosiko beste sorta bat iritsi da astelehen honetako lehen orduetan, Belgikatik Gasteizera, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez. Izan ere, Filomena denboraleak eta elurrak eraginda, Gasteizko Forondako aireportua proposatu egin dute, une honetan itxita jarraitzen duen Barajasko aireportuaren alternatiba gisa.

Igande honetan egoeraren balantzea egiteko prentsaurreko batean, txertoen banaketa "bermatuta" dagoela azpimarratu dute Jose Luis Abalos Garraio ministroak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. Txerto horiek Forondara iritsi bezain pronto, errepidez garraiatuko dira dagozkien puntuetaraino, estatu osoko autonomia erkidegoetan.

16.000 txerto EAEra

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak astelehenean zehar EAEri dagokion lotea jasotzeko aurreikuspenari eutsi dio: 15.600 dosi. Ziurtatu dutenez, txertaketa kanpainak "normaltasun osoz" jarraituko du astean zehar, txertoak une oro edukitzeko Osakidetzak sortutako "erreserba estrategikoari" esker.

EAEn 10.692 pertsonari jarri zaie txertoa abenduaren 30etik; oraingoz egoitzetan eta langile soziosanitarioaren artean. Hala ere, hainbat ahotsek salatu dute txertaketaren erritmoa behar baino motelagoa izaten ari dela. Eusko Jaurlaritzak, ordea, txertoa jarri behar duten langileen oporrak argudiatu ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago