Cadiz 3 - 1 Alaves

Porrot mingarria Cadizen aurka jasotakoa

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 10a, 20:26
Argazkia: LA LIGA

Alavesek ez du aukerarik izan eta 3-1 galdu du Ramon de Carranza futbol zelaian, Cadizen aurka.

Cadiz

3

Alaves

1

Makal, oso makal aritu da Alaves Ramon de Carranza futbol zelaian. 3-1 galdu du eta ia ia bigarren zati osoa hamar jokalariekin aritu da, epaileak 50’. minutuan Tachiri bigarren txartel horia erakutsi diolako. Lehen zatia banako berdinketarekin amaitu da, eta bi goletan VAR-ak hartutako erabakiak izan dira. Bigarren zatian, Cadiz taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da, eta, horren ondorioz, garaipena etxean gelditu da.

Lehen zatian, bi taldeak kontu handiz aritu dira, eta baloia galdu bezain pronto atzealdean ondo kokatu izan dira gola ez jasotzeko. Hasiera honetan argi ikusi da gola egitea oso zaila izango zela.

Alaves hamar jokalariekin aritu da ia ia bigarren zati osoa

Baina gauzak une batetik bestera aldatzen dira partida batean. Horixe bera gertatu da. Izan ere, Cadizek egindako lehen kontraerasoan, Alexek baloia saretara bidali du. Alaveseko jokalariek falta eta jokoz kanpo eskatu dute, eta hori ematen zuen. Epaileak minutuak hartu ditu jokaldia ikusteko, eta VAR-ak esandakoa kontuan hartzeko. Horren ondorioz, balekoa eman du gola. Talde andaluziarrak ezer egin gabe aurretik jarri da markagailuan.

Handik gutxira, arriskurik gabeko jokaldian, Fali atzelariak area barruan Tachi lurrera bota du, eta epaileak VAR kontsultatu eta jokaldia ikusi ondoren penaltia adierazi du. Oraingo honetan ere, talde arabarrak ezertxo ere egin gabe banako berdinketa lortu du, Joseluk egindako jaurtiketari esker. Gauzak horrela, lehen zatia horrelaxe bukatu da.

Bigarren zatian, Cadiz taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da, eta, horren ondorioz, garaipena etxean gelditu da

Bigarren zatia hasi bezain pronto, erabat korapilatu zaio norgehiagoka talde babazorroari. Epaileak, zalantzarik gabe, bigarren txartela erakutsi dio Tachiri, eta taldea hamar jokalariekin gelditu da. Maldan gora, berriz ere.

Handik minutu gutxira, Cadizek bigarren gola egin du Choco Lozanoren bitartez, eta porrota aurreikusten ari zen. Halere, binako berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du Luis Riojak. Baina honek egindako jaurtiketa atezainak pitin bat desbideratu du, eta baloia zutoinera joan da. Hurrengo jokaldian, talde andaluziarraren hirugarren gola etorri da, eta hor bukatu da partida.

Porrot mingarria aurkari zuzen baten aurka. Partida kaxkarra izan da, eta Alavesek ez du itxura onik eman. Gainera, partida askotan jokalari baten bat galtzen du epaileak kanporatzen duelako. Bigarren porrota jarraian, eta hurrengo aurkaria Ligan Sevilla izango da. Hurrengo neurketa Kopako partida izango da, Almeriaren aurka; urtarrilaren 16an, 21:00etan.

Hamaikakoak

  • Cadiz: Ledesma; Iza, Alcala, Juan Cala, Espino; Alex (91’. Bobby), Jonsson, Fali (82’. Garrido), Alberto Perea; Alvaro Negredo (88’. Malbasic) eta Choco Lozano (82’. Alvaro Gimenez).
    • Txartel horiak: 22’. Fali
  • Alaves: Pacheco; Martin, Lejeune, Tachi, Ruben Duarte; Jota Peleteiro (57’. Manu Garcia), Battaglia (75’. Pere Pons), Pina (75’. Keller), Luis Rioja (82’. Borja Sainz); Deyverson (57’. Edgar Mendez) eta Joselu.
    • Txartel horiak: 40’. Tomas Pina, 43’. Deyverson,
    • Txartel gorria: 50’. Tachi (46’. eta 49’. txartel horiak)

Golak

  • 1-0: 18’. Alex
  • 1-1: 23’. Joselu (penaltiz)
  • 2-1: 56’. Choco Lozano.
  • 3-1: 68’. Negredo

Ramon de Carranza futbol zelaiko harmailak

Ikuslerik gabe harmailetan, ohi bezala. Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da Marcelo García Robles Cadizeko jokalari ohia omentzeko. Etxeko taldea horiz aritu da eta Alavesek elastiko zuri-gorria jantzi du. Lehen gola balekoa eman du epaileak VAR erabili ondoren. Gerora, talde arabarraren aldeko penaltia adierazi du, berriz ere, VAR erabiliz. 81. minutuan Cadizeko entrenatzaileari, Alvaro Cerverari txartel horia erakutsi dio epaileak.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Kaleetan ia-ia elurra desagertu da. Baina herrialdea zuri-zuria dago. Cadiz aldean ze ondo izango ginateke. Tenperatura gutxienez askoz atseginagoa, dudarik gabe.
  • Partida gogorra izango da eta oso garrantzitsua. Biak ala biak hor daude sailkapenean. Beno, Cadizek bi puntu gehiago dauka, beraz gaur irabaziz gero aurretik jarriko gara.
  • Hamaikakoan nobedade askorik ez. Igual, berriz ere, Lucas Pérez ordezkoen aulkian izango dela.
  • Joko gutxi, partida kaxkarra. Baina, zer da hori, ia-ia ondoko marraraino sartu da eta gola, gola. Cadizen gola. Eskerrak VAR dagoela. Jokoz kanpo edo falta dela ematen du. Ikusiko dugu, bideoak zer dioen. Gola, gola baleko eman du. Baina ze jokaldi mota izan da hori! Gaizki atzealdean, oso leun.
  • Erne, erne, hori penaltia izan daiteke. Berriz ere, VAR. Minutuak eta minutuak. Penaltia, bai, penaltia. Joseluk jaurti eta goooooooooool, Primeran, egindako oparia aprobetxatu eta berdindu.
  • Ezer egin gabe, ez batak, ez besteak bana berdinduta aldageletara. Ikusiko dugu bigarren zatian itxura hobeagoa eman duen taldeak.
  • Bigarren zatiak ez dauka itxura onik. Txartel horia, aiba, bigarren txartel hori Tachirentzat. Maldan gora partida, berriz ere. Hau da hau! Ia-ia partida guztietan taldeak hamar jokalariekin jokatu behar du.
  • Bat gutxiago eta gainera Cadizek bigarrena egin du. “Choco” Lozanok gola egin du, inongo oztoporik gabe. Zer nolako bigarren zatiaren hasiera. Bigarren txartela, bigarren gola eta partida pikutara.
  • Rioja, Rioja, hor dago berdinketa. Uff, ze pena, zutoinera. Cadizen gola. Akabo fandango. Negredok egin du gola, hirugarrena eta jokalari bat gutxiagorekin miraria behar da.
  • Partida kaxkarra. Oso kaxkarra. Orain larunbatean Kopako partida eta handik gutxira, urtarrilaren 19an Ligan Sevilla izango dugu aurkari. Garai zailak datoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide