Juanito Oiarzabalek agur esan die zortzimilakoei

Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 17:26
Juanito Oiarzabal Khumbu bailaran, 2x14x8000 espedizioan, 2016an. / @@JOiarzabal

Bere lehen zortzimilakora igo eta 35 urte beranduago, 64 urteko mendizale arabarrak aste honetan jakinarazi du ez dela itzuliko munduko mendi garaienetara.

Ostegun honetan, Gasteizko Gran Hotel Lakuan eskainitako prentsaurreko batean, Juanito Oiarzabalek jakinarazi du ofizialki agur esan diela zortzimilakoei. 1985ean igo zen Cho Oyura (Tibet, 8.201 metro), bere lehen zortzimilakoa; orain, 2021ean, 35 urte baino gehiagoren ostean, goi mailako ibilbide profesionalari amaiera ematea erabaki du.

Lau arrazoi nagusik eraman dute erretiroa hartzera: Dhaulagirin izandako edema bat, 7.000 metrotik aurrera lehen bezala ez doala nabaritzen duela, hamalau handiak errepikatzeko proiektuan ere parte hartzen ari zen Alberto Zerainen heriotza, eta, azkenik, ez zaiola "batere" gustatzen mendi espedizio komertzialetan ikusten duena.

"Bitartean, zaletasunagatik mendira joango naiz eta nazioarteko gidari lanetan jarraituko dut jendea Pirinioetara, Alpeetara, Afrikara, Caucasora, Andesera edo Himalayara eramanez", ziurtatu du mendizaleak.

Bizitza bat munduaren gailurrean

1999an, munduko hamalau gailurrik altuenak igo zituen lehen euskalduna izan zen; munduko seigarren pertsona. Beranduago, 2002an Alberto Iñurrategik eta 2010ean Edurne Pasabanek —munduko lehen emakumea lortuko zuten.

Juanito Oiarzabalek 2009an ekin zion berriro ere hamalau tontor horiek bigarrenez igotzeko erronkari, baina biriketako edema batek proiektua bertan behera uztera behartu zuen, 2012an. Bederatzi urte beranduago, erronka albo batera uzteko erabakia hartu du arabarrak.

"47 espedizio eta 26 zortzimilakoen ondoren, zailagoa da hemen egotea. Naturalena hilda egotea litzateke. Juanitoren handitasuna izan duen zortean datza", azpimarratu du. Hori bai, gaur gaurkoz, historia osoan zehar munduko zortzimilako gehien igo dituen pertsona da.

Dokumental bat

Iragarri duenez, dokumental bat egingo du, agur gisa, bere seme Mikelekin eta Al filo de lo imposible saioko zuzendari Sebastian Alvarorekin batera. Dagoeneko hasi dira lana filmatzen, eta Pakistan, Nepal eta Patagonian grabatuko dute, besteak beste.

Izan ere, gasteiztarra Karakorumetik (Pakistan) iritsi berri da, dokumentalaren lehen irudiak grabatzetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide