Armentia Ikastolak ikasle berrientzako bisita eta aurkezpena egingo du larunbatean

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 07:00
Armentia ikastolaren sarrera. / GOOGLE MAPS

Hezkuntza zentroetan 2021-2022 ikasturterako izena emateko epea aurreratu egin du Eusko Jaurlaritzak, eta urtarrilaren 18tik 29ra izango da. Armentia Ikastolak urtarrilaren 16an, larunbatean, egingo du proiektuaren aurkezpena eta Ikastolako bisita.

Eguraldi aurreikuspenaren ondorioz, joan den larunbatean egitekoa zen ate irekien ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuen Armentia Ikastolak. Datorren larunbatean egingo da, hilaren 16an.

Aurkezpen ekimena osasun egoeraren arabera moldatutako segurtasun eta osasun neurriak bermatuz egingo du Armentia Ikastolak. Horregatik, taldeka eta txandaka antolatu dute ikasle berriei begirako bisita eta aurkezpena.

Haur Hezkuntzarako hiru txanda antolatu dituzte: 10:00etan, 12:00etan eta 17:00etan. Haur Hezkuntzari buruzko informazioa jasotzeko, msantos@armentiaikastola.eus helbidera idatzi daiteke. Bisita egin nahi izatekotan, eskainitako ordutegien artean aukeratu eta mezuan adierazi beharko da. Egun horretan bertaratzeko aukera ez dutenentzat, beste bi aukera egongo dira: urtarrilaren 11n online egingo duten aurkezpenean parte hartzea edo hitzordu berezi bat eskatzea.

Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako hitzordua 11:30ean izango da.

Aurkezpen guztietan, taldeak 20 familiakoak izango dira. Hasieran, aurkezpen orokorra egingo da horretarako aukera ematen duen espazioan, eta ondoren lau pertsonako talde txikiagoetan banatuko dira bisita egiteko.

Gainera, bisita eguna baino lehen idatzizko informazioa helaraziko da. Edozein zalantza argitzeko, Ikastolako telefonora (945 145 445) deitzeko edo msantos@armentiaikastola.eus helbide elektronikora idazteko aukera dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide