Juncal Ballestinen lana gogoratuko du Artiumek

Erredakzioa 2021ko urt. 7a, 17:53
'Desnudo en la alfombra', 1986./ Artium

Solasaldi-ziklo baten bidez, egilearen lana aztertuko dute hainbat artistak

Asteburu honetan ekingo dio denboraldi berriari Artium museoak, Juncal Ballestin artistaren inguruko topaketaren lehenengo saioarekin; hilaren 29an amaiera emango diote egitasmoari Zinema feministaren historiak zikloaren azken aurreko saioarekin.

Juan Carlos Romanek Juncal Ballestinen inguruan ostiral honetan eskainiko duen hitzaldia Artiumek Bizitza ariketa gisa proiektua testuinguruan kokatzeko darabilen elkarrizketa-zikloaren zati bat da. Erakusketa horrek, urtarrilaren amaieran, ikerketa eta zaharberritze lan handi baten ondoren, 2015ean hildako artistaren ondarea ezagutzeko aukera emango du. Ballestinen lanetik hurbil dagoen artista eta Vigoko Unibertsitateko eskultura irakasle titularra da Roman, eta "Artistaren poetikan agertzen diren tentsioak, ausentziak eta susmoak" aztertuko ditu ostiral honetan, urtarrilaren 8an, 18:30etik aurrera, objektuen azterketatik abiatuta.

Ballestinen inguruko topaketa sortak, gainera, Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak bere lana kontserbatzeko eta berreskuratzeko egindako lanari buruzko sarrera saio bat izango du, hilaren 15ean, eta artistaren irudiari buruzko mahai-inguru bat, 22an; eta Bizitza ariketa gisa proiektuaren komisario Fernando Illanaren hitzaldia hilaren 29an (ostirala). Egun horretan bertan irekiko da erakusketa jendearentzat.

Topaketa guztietarako sarrera doakoa da eta izena emateko 945-20 90 20 telefonora deitu behar da. Bestalde, urtarrilaren 9an, larunbata, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren seigarren saioa egingo da, Artiumek eta Tabakalerak elkarrekin antolaturik. Sahatsa Jauregi artistaren aurkezpenaren ondoren, Lizzie Borden-en Born in Flames (1983) filma proiektatuko da, kultuko film eta feminismoaren ikono bihurtu dena.

Zikloa otsailaren 6an amaituko da, Cheryl Dunyeren The Watermelon Woman pelikularen proiekzioarekin. Sara Hernandez Tabakalerako zinema saileko koordinatzaileak aurkeztuko du. Hilabete hauetan zehar, programa honek lehen planoan jarri ditu zinemaren historiaren kanonetik kanpo geratu diren zuzendarien izenak eta filmak, zinema feministaren historia eraikitzen joan diren emakumeen ahotsek aurkezturik.

Bisitari jaitsiera

2021. urtea egoerari buelta emateko baliatuko dute Artiumen, Covid-19agatik azken 12 hilabeteek utzitako datu eskasak aldatzen hasteko.  27.560 bisitari izan dira azken hamabi hilabeteetan; 2019ko datuekin alderatuta, % 70eko jaitsiera izan du.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide