Gida praktikoa

Nola egin aurre izotzari eta muturreko tenperatura baxuei?

Azken egunetako elurteak utzi dituen irudietako bat, Gorbeialdean. / ALEA

Datozen egunetan ere, tenperatura baxuak eta izotza izango dira Arabako bazter guztietan. Egoerari aurre egiteko hainbat gomendio plazaratu dituzte erakundeek, eta errepideen unean uneko egoera kontsultatu dezakezu ALEAn.

2021. urtea elurteekin, muturreko tenperatura baxuekin eta izotzarekin hasi da. Asteburuan ere elurra, tenperatura baxuak eta izotza izango ditugu Araban. Larunbatean elurte handi bat aurreikusi da Iberiar penintsula osoan, eta baita gure lurraldean ere.

Ostegun honetan, adibidez, -13,9ºC izan dira Agurainen, eta Gasteizen -6,8ºC. Muturreko tenperaturak ez dira soilik lehen orduetan izan, baizik eta goiz osoan zehar.

Datozen egunetan ere, larunbatera arte behintzat, egoerak horrela jarraituko du. Elurtea, tenperatura baxuak eta izozteak direla eta, alerta horia mantenduko da. Zonalde menditsuetan izozteak izango dira eguerdi partean, eta, gainera, baliteke izozteak eta behelainoak bat egitea Arabako hainbat eskualdetan.

Gomendioak

Udaleko Herritarren Segurtasunaren Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritzaren hainbat gomendio gogora ekarri dituzte, egoerari aurre egiteko:

Prebentzio neurriak

  • Ondo jantzita ibili, batez ere, kanpora irten behar baduzu. Bereziki, eskuak eta burua babestu; jantzi oinetako egokiak eta ahoa estali arnasa hartzean, aire hotzegia ez arnasteko.
  • Erregaien erreserba hobetze aldera, ez berotu etxe osoa; hobe da gelak ixtea, eta berogailua soilik behar den lekuetan jartzea.
  • Kontuz ibili berogailu lagungarri, sutontzi edo estufekin, ezustekoren bat gerta daiteke eta.
  • Ahal izanez gero, ez igaro leku ilunetatik, handiagoa baita izotza izateko arriskua.
  • Leku batetik bestera joateko, ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.

Bidaiatzekotan

  • Eskatu informazioa abiatu aurretik, bideak nola dauden eta eguraldia zer nolakoa izango den jakiteko.
  • Eguraldia bereziki txarra baldin bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal dela, erabili garraio publikoa.
  • Alabaina, bidaiatzea ezinbestekoa bada, ziurtatu pneumatikoak, galgak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; hartu kateak, erregai-tanga beteta eraman eta ez ahaztu berokiak.
  • Ahal baduzu, telefonoa eraman beti; bereziki, bigarren mailako errepideetan gidatu behar baduzu.
  • Poliki ibili; izotz plakarik balego, adi beti, batez ere lainotzean.
  • Aurreko autoarekiko tarte handia utzi, normalean uzten den tartea baino handiagoa.
  • Ez aldatu noranzkoa bortizki. Bolanteari gozotasunez eragin, eta martxa laburretan ibili.
  • Izoztuta dagoen zati batera sartzean, ez zapaldu galga; utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.
  • Izotza edo elur gogorra topatuz gero, jarri kateak; baita zirkulazioko agenteek agintzen dizutenean.
  • Irratia oso lagungarria izan daiteke, une oro ondo informatuta egoteko.

Ibilgailua geratzen bada

  • Bertan geratu, kotxe barruan.
  • Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki.
  • Berriztatu airea tarteka.
  • Saiatu loak ez hartzen.
  • Bero jantzita ibili.

Larrialdirik gertatuz gero, 092 edo 112 telefonora deitu.

Errepideen egoera, zuzenean

Izotzak arrisku egoerak sortu ditu Arabako errepideetan. Horregatik, Arabako Foru Aldundiak larrialdi fasean mantendu du Neguko Bidezaintza Plana: elurra kentzeko 9 makina eta 28 langile prest daude uneoro, beharrezkoa izanez gero Arabako errepideetan esku hartzeko. Gasteizko Udalak ere aktibo mantenduko du Larrialdietarako Plana.

Iturria: araba.eus

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren kameren bitartez, lurraldeko errepide nagusien unean uneko egoera ikusteko aukera dago:

OHARRA: Posible da kamera batzuen seinalea galtzea zenbait unetan. Iturria: trafikoa.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide