2019tik hamaika preso hil dira Zaballako espetxean

Erredakzioa 2021ko urt. 7a, 14:34
Zaballako espetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. / ALEA

Salhaketa elkarteak aste honetan jakitera eman duenez, abenduaren 25ean beste preso baten hilotza agertu zen Zaballako espetxearen barruan. 50 urteko gizonezkoaren heriotza 2020 urteko seigarrena izan da.

Abenduaren 25ean, 2020. urteko seigarren hildakoa agertu zen Zaballako espetxean; haimaikagarrena 2019tik. Azken kasu honetan, 50 urteko gizonezko bat izan da hildakoa; 5. moduluan zegoen, eta "osasun arreta faltagatik, arduragabekeriagatik, hipermedikalizazioagatik eta gainerako ankerkeriengatik hildakoen zerrenda makabroko azken presoa da", Salhaketa elkarteak azaldu duenez.

Salhaketaren arabera, kartzelan jazotako "heriotza guztiak ekidin daitezke, baina errutinazko gertaera bihurtu da, arduradunen erantzun aktiborik gabe, eta hori zigorgabetasun estrategiaren parte da, argi eta garbi".

Elkarretaratzea deitu dute datorren astearterako, urtarrilaren 12rako, 12:00etan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Besteak beste, Arabako espetxearen barruko heriotzak amaitzea eskatu eta horiek "sistematikoki ezkutatzeko politika" salatuko dute.

Heriotza ezkutatzeko saiakera

Elkarteak eta hainbat hedabidek salatutakoaren arabera, Espetxe Erakundeek heriotza ezkutatzeko saiakera egin dute. Izan ere, abenduaren 25ean bertan, GARA egunkariko kazetari Jon Salgado Zaballako espetxearen atarian zegoen Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenaren berri ematen, ehorztetxeko ibilgailu bat espetxera sartu zenean.

Hedabide horrek informazioa eskatu zion Espetxe Erakundeetako zuzendaritzari, eta hark ez zuen erantzunik eman nahi izan, kazetariak berak salatu duenez. Azkenean, presoa hil eta hamar egun beranduago, Salhaketa elkarteak baieztatu zuen albistea, aste honetan bertan.

Neurri zehatzak

Osasun krisiak presoen egoera "dezente okertu" duela deritzo Salhaketak, eta, salatu dutenez, "gutxieneko eskubideak bertan behera geratu dira inolako informaziorik gabe, ezta presoekin partekatutako irizpiderik gabe ere". Horren aurrean, Zaballako espetxeko arduradunek zer egiteko asmoa duten galdegin dute.

Behin eta berriro egindako eskaera berretsi du elkarteak. Izan ere, elkartearen aburuz, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "besterik gabe, indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz". Ildo horretan, hainbat neurri zehatz ezartzea eskatu ditu:

  • Fiskaltzak heriotza horiek ofizioz ikertzea kasu guztietan.
  • Espetxeetako zuzendaritzek "inpartzialtasunez" familiak informatzea.
  • Familiei beharrezko laguntza guztia ematea, erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko.
  • Droga-mendekotasunak gainditzeko programak ezartzea, prozesu-fasean dauden zigorrak ordezteko eta betearazpen-fasean daudenak baldintzapean eteteko neurriak garatzeko.
  • Gaixotasun larriak dituzten presoak "berehala" askatzea, bereziki fase terminalean daudenak, baita gaixotasun mentalak dituztenak ere; izan ere, egoera horiek suizidioa eragiten dute kasu askotan.
  • Zigor eta espetxe legeriaren berehalako erreforma, zigorrak "beharrik gabe" ez luzatzeko.
  • Presoen kopurua murriztea, espetxe bakoitzaren "gaitasun optimoa" lortu arte, egungo masifikazioa saihesteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide