Covid19aren aurkako txertaketa kanpaina abiatu zenetik astebete baino gutxiago igaro den arren, jasotako 8.000 dosietatik 6.000 banatu dituela azaldu dute Jaurlaritzako ordezkariek. "Jai-egunek sortutako eragozpenak" kontuan hartuta, txertaketa-prozesua "normaltasunez" burutzen ari dela gaineratu dute.
Txertaketa abenduaren 27an hasi zen, lehen 400 unitateak banatuta. Bi egun beranduago, 15.600 dosi jaso zituen Euskal Autonomi Erkidegoak, eta gaur bertan, bigarren sorta handia iritsi da, beste horrenbeste txertorekin. Jasotako dosi horiei esker, adinekoen egoitzetan txertaketak egiten jarraituko dute datozen egunotan, erabiltzaile zein arreta ematen dieten langileen artean.
Gobernuak ohar batean adierazi duenez kanpainaren lehen hiru aste hauetan dosiaren erdia gordetzen ari dira. Helburua erreserba "estrategiko" bat mantentzea da, hornidura arazoak izanez gero, lehen dosia jaso duten pertsonek bigarrena ere jaso ahal dezaten. Pfizerren txertoak emateko bi dosi injektatu behar dira 21 eguneko aldearekin eta, modu horretan, lehen faseko hartzaile guztiei bigarren dosia eman ahal izateko unitate "nahikoak" geratzen direla bermatu nahi dute.
Egoera epidemiologikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Lurraldearteko Kontseiluari azaldu dio Euskadiko ospitale-okupazioaren datuek bilakaera "ona" dutela. Hala ere, azken egunetako kasu positiboen intzidentzia metatuak azken asteotako beherakadaren "geldialdia" islatzen duela onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek datozen egunetan pandemiaren bilakaeraren aurrean "adi" egotera behartzen du.
Araban, 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatua 283an kokatzen da gaur. Atzokoan 39 positibo kasu berri antzeman ziren, urte berriko lehen bi egunetan izandako 80 eta 73 kasuak baino koska bat beherago.