Alaves 1 - 2 Atletico

Alavesek azken unean galdu du Atletico Madrilen aurka

Ibon Gorrisi 2021ko urt. 3a, 20:19
Argazkia: @Alaves

Mendizorrotzean jokaturiko neurketa 1-2ko emaitzarekin amaitu da. Alavesek, ilusioz beterik, Atletico Madrilen aurka galdu du; Luis Suarezek, azken unean, garaipenaren gola lortu du. 

Alaves

1

Atletico Madril

2

Lehen zatian, Marcos Llorentek huts eta batekoa egin du, eta bazirudien erraz irabaziko zuela talde madrildarrak. Bigarren zatian, partida erabat maldan gora jarri zaio etxeko taldeari, epaileak Laguardiari txartel gorri zuzena erakutsi dionean.

Baina gauzak nolakoak diren! Gutxi espero zenean, eta, kontraeraso batean, Felipek baloia urrundu nahian sareetara bidali du, eta banako berdinketa jarri du markagailuan, 85. minutuan. Dena den, Simeone entrenatzailearen taldeak ez du sekula santan besoak jaisten, eta norgehiagoka azken minutuetan zegoenean, garaipenaren gola egin du. Hor argi eta garbi erakutsi du Liga honetako talderik sendoena dela.

Talde madrildarrak jokoaren ekimena eraman du, eta une oro kontrolpean izan ditu jokoaren nondik norakoak.

Partida korapilatsua zen Alaves taldearentzat, oso korapilatsua. Lehen minututik talde madrildarrak jokoaren ekimena eraman du, eta une oro kontrolpean izan ditu jokoaren nondik norakoak. Halere, lehen zatian oso gol aukera gutxi izan dira. Atletico Madrilek bi jaurtiketa egiten ditu, eta horietariko batean gola egin du. Horren ondorioz, 0-1eko emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian, gauzak bide beretik joan dira. Une batetik bestera talde arabarraren susperraldia izango zela antzematen zen. Halere, okerrera egin du partidak, 62’. minutuan epaileak Laguardia atzelaria kanporatu duelako. Hasiera batean txartel horia erakutsi dio, baina, handik gutxira, bideoz lagunduriko epaileak gorria erakusteko adierazi dio. Norgehiagoka zaila baldin bazegoen ere, askoz zailago jarri da.

Simeoneren taldeak ez du sekula santan besoak jaisten, eta norgehiagoka azken minutuetan zegoenean, garaipenaren gola egin du.

Halere, gauza handirik egin gabe eta kontraeraso batean etorri da berdinketaren gola. Ilusioz beteriko unea izan da, eta aurrera jarraitzeko indarra. Edonola ere, talde handi-mandi hauen kontra ez dago segundo bat huts egiterik. Inor gutxik espero zuenean, Luis Suarezek, kupidarik gabe, saretara bidali du Joao Felix egindako erdiraketa. Handik aurrera eta luzapeneko minutuetan, ahaleginak egin ditu Alavesek berdinketa lortu ahal izateko. Baina ezinezkoa izan da.

Sailkapenean gauzak estutzen ari dira, eta puntuak pilatzea behar beharrezkoa da zuloan ez sartzeko. Hurrengo neurketa datorren igandean izango da, etxetik kanpo eta Cadiz taldearen aurka, 16:15ean. Aukera paregabea garaipenaren bidera itzultzeko.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Lejeune, Javi Lopez (87’. Adrian Marin); Edgar Mendez (75’. Lucas Perez), Manu Garcia (68’. Tachi), Battaglia, Jota Peleteiro; Borja Sainz (68’. Luis Rioja), Deyverson (75’. Joselu).
    • Txartel gorria: 62’. Laguardia.
  • Atletico Madril: Oblak; Vrsaljko, Felipe (88’. Lodi), Gimenez, Hermoso; Llorente, Koke, Lemar, Carrasco (82’. Saul); Correa (62’. Joao Felix), Luis Suarez.
    • Txartel horiak: 30’. Carrasco, 92’. Luis Suarez.

Golak

  • 0-1: 41’. Marcos Llorente.
  • 1-1: 85’. Felipek (bere atean).
  • 1-2: 90’. Luis Suarez.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala ikuslerik ez. Harmailak hutsik eta izoztuta. Klubeko langileek lan izugarria egin dute berdegunean pilatutako elurra kentzeko. Horren ondorioz futbol zelaia egoera ezin hobean izan da. Epaileak, bideoz lagundurik, Laguardiari txartel gorria zuzena atera dio sarrera gogorra egiteagatik.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Gaurkoa bai dela partida zaila. Oso zaila, oso korapilatsua. Beno, bada, gutxienez aukera izango dugu berriz Marcos Llorente ikusteko. Ze jokalari puxka! Berak eta Ibaik egindakoak oraindik orain denon buruetan baitago.
  • Baina ze hamaikakoa zelairatuko du! Bost aldaketa aurreko neurketarekin alderatuz gero. Atzeko lerroko bi hegalekoak, bi gazte, Martin eta Javi Lopez. Aurrealdean Borja Sainz eta Deyverson eta Peleteiro hasierako hamaikakoan. Gaztetasunak dena emango du, hor ez dago zalantzarik. Halere, Atletico Madril liderra da eta Luis Suarez, Koke, Gimenez eta era horretako jokalariak azeri zaharrak dira.
  • Hasiera ona, oso ondo atzealdean, sendo. Haiek beti egiten dute joko hori, motela, motela baina azken metroetan abiadura izugarria izan dute. Momentuz ondo ari da eusten. Ia-ia ez dute jaurtiketarik egin. Bakarra Carrascok egin duena. Egia da guk erasoan ez dugula ezertxo, ezertxo ere egin. Area ingurura ezta hurbildu ere.
  • Gol, gol, gol, Marcos Llorenteren gola. Hutsaren ondorioz gola. Hauek ez dute barkatzen. Aukera txikia emanez gero saretara bidaltzen dute.
  • Bigarren zatirako taldeak pizgarria behar du. Joselu eta Lucas Pérez berdegunera atera behar dira partida goitik behera aldatzeko. Ea egia den!
  • Bada, ez dago aldaketarik. Beraz, itxaron beharko dugu taldea erasora joateko.
  • Txartel horia Laguardiari, itxaron, itxaron bideoaren epaileak gorria esan dio. Txartel gorria Laguardiari. Ufff, partida honako hau irabaztea, zaila ez hurrengoa! Oso zaila. Orain Simeoneren taldea bere saltsan arituko da.
  • Goooooooooooooooooooool, Gooooooooool, sinestezina, banako berdinketa, erdiraketa ona izan da baina Lucas Pérezek ez du ukitu, atzelariak egin du kriston gola. Sinestezina, sinestezina, berdinketa eta epaileak ahalik eta lasterren bukaera adierazten duen!
  • Gol, gol, gol, Luis Suarezen gola. Ezin da, ezin da atzealdean akatsik egin. Haiek huts horietatik beti etekina ateratzen dute. Argi eta garbi ikusi dugu, bigarren gola eta haientzat garaipena.
  • Hau pena! Hau pena! Beno, hurrengoan Cadiz taldearen aurka. Hor garaipena eta kitto!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide