Osasuna 1 - 1 Alaves

Alavesek puntu bateko mokadua lortu du Sadarren

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 31a, 19:53
Argazkia: LA LIGA

Urtezahar eguneko derbian Osasuna taldearen aurka bana berdindu du Alavesek.

Osasuna

1

Alaves

1

Sadarren Osasunak eta Alavesek 2020ko urteko jokaturiko azken partidan bana berdindu dute. Hasieratik neurketa erabat desitxuratu da epaileak Rubén atezainari txartel gorri zuzena atera diolako. Jokaldia zortzigarren minutuan izan da eta hortik aurrera norgehiagoka erabat moteldu da. Futbola era honetako gauzak izaten ditu. Izan ere, kanporaketa baino minutu bat lehenago talde nafarrak aukera paregabea izan du markagailuan aurrea hartzeko. Baina, “nola aldatzen diren gauzak kamarada”, hurrengo jokaldian hamar jokalariekin gelditu dira. Hau komeria!

Lehen zatian talde arabarrak izan du jokoaren ekimena. Halere, eraginkortasunik gabe aritu da. Asko kostatu zaio talde gorritxoren areara inguratzea. Esan genezake ia-ia ez dela gauza izan gol aukerarik sortzeko. Osasunak atzealdean lerroak elkartu ditu eta ia-ia ez du inongo zirrikiturik utzi. Horren ondorioz, bi taldeak aldageletara joan dira golik egin gabe.

Bigarren zatian gauzak bide beretik joan dira. Alaves erasora joan da behin eta berriz baina tentu handiz eta gehiegi arriskatu gabe. Osasunak, premia gorrian egonik, dena jarri du jokoan golik ez jasotzeko. Dena den, talde gorritxoak jakin bazekien putzutik urruntzeko kontraerasora jokatu behar zuela. Aukera oso gutxi izan ditu era horretako jokaldiak egiteko baina 67’. minutuan ondo baino hobeto egin dute. Roberto Torresek bukaera ezin hobea eman dio eta 1-0koa jarri du markagailuan.

Maldan gora jarri zaio partida. Eskerrak handik minutu gutxira epaileak Alaves taldearen aldeko penaltia adierazi duela. Lucas Perezek ez du zalantzarik izan eta banako berdinketa jarri du. Handik aurrera, berriz ere, norgehiagoka moteldu da. Biak ala biak porrotaren beldur izan dira baina nekearen ondorioz azken minutuetan biek aukera izan dute gola egiteko.

Besterik gabe amaitu zaigu urtea eta taldeak azken neurketa honetan itxura onik ez badu eman puntua lortu du. Azken finean hori oso garrantzitsua baita. Urte berriarekin batera, urtarrilaren 3an, arratsaldeko 16:15etan, Mendizorrotzan Alavesek Atletico Madrilen aurka jokatuko du. Goi mailako neurketa izango da. Madrileko taldea Liga honetako liderra baita. Ea taldeak onena ematen duen eta garaipena lortzen duen!

Hamaikakoak

  • Osasuna: Rubén; Nacho Vidal, David García, Aridane, Juan Cruz; Roberto Torres (90’. Kike Barja), Oier, Moncayola (93’. Javi Martínez), Rubén García (90’. Jony); Calleri (46’. Enric Gallego) y Budimir (13’. Sergio Herrera).
    • Txartel horiak: 41’. Calleri, 64’. Sergio Herrera, 73’. Oier
    • Txartel gorria: 8’. Rubén
  • Alavés: Pacheco; Ximo Navarro (76’. Tavares), Laguardia, Lejeune, Rubén Duarte; Edgar Méndez (66’. Borja Sainz), Manu García, Tomás Pina (76’. Jota Peleteiro), Luis Rioja; Deyverson (46’. Lucas Pérez), Joselu.
    • Txartel horiak: 37’. Tomás Pina, 39’. Deyverson, 55’. Lejeune, 81’. Jota Peleteiro

Golak

  • 1-0: 67’. Roberto Torres
  • 1-1: 75’. Lucas Pérez

Sadar futbol zelaiko harmailak

Ikuslerik ez harmailetan. Pena era honetako derbietan zalerik ez egotea, oso egun politak izaten dira. Ea hurrengo urtearekin batera aukera izaten dugun Sadar, Mendizorrotza edo Ipurua bezalako futbol zelaiak barru-barrutik gozatzeko. Epaileak bi jokaldietan erabili du bideo eta bietan Alavesen alde jokatu du. Lehendabizikoan atezaina kanporatu du eta bigarrenean penaltia adierazi du. Eguraldia erabat kaxkarra izan da.

Alde Zaharreko tabernetatik partidari begira

  • Egun polita partida ikusteko Alde Zaharrean. Hasiera batean Athletic eta Reala jokaturiko derbiaren bukaera ikusteko parada. Ikusiko dugu gaur Osasunaren aurka. Gorritxoek puntuak behar dituzte.
  • Beno, badakizue 6etan txupinazoa eta denak etxera. Beraz, ezin partidaren bukaera ikusi tabernetan.
  • Badoa partida. Hamaikakoan sorpresarik ez. Beno, Lucas Perez ordezkoen aulkian. Badirudi azkenetan Deyverson aldeko apustua egiten duela Machinek.
  • Uff, haiek zutoinera. Ondo hasi gara, bada. Erne, erne. Ea zer dioen epaileak. VAR erabiliko du. Atezainari txartel gorria. Partida osoa aurretik eta haiek hamar jokalariekin. Aukera paregabea aspaldiko partez bi partida jarraian irabazteko.
  • Hau partida! Ez batak ez besteak ez dute ezer egiten. Besterik gabe joan zaigu lehen zatia eta ez da ezertxo ere gertatu.
  • Alavesek irabazi nahi badu bizitasuna eman behar dio norgehiagokari. Bizi-bizi jokatu behar du. Ikusiko dugu bigarren zatian ea gauzak aldatzen diren!
  • Lehengo lepotik burua. Hemen ez dago aldaketarik. Osasunak puntuak behar ditu eta seguru kontraeraso batean..
  • Gooool! Osasunaren gola. Orain ikusiko dugu. Komeriak!! Gezurra dirudi, baina esandakoa. Jokaldi batean partida irauli dute.
  • Eskerrak, eskerrak, VAR, VAR, gaur gure alde dago. Eskerrak penaltia.
  • Goooooooooooool, Lucas Pérez, Lucas Pérez. Eskerrak gola egin duela. Berdinketa, gutxienez, ez da emaitza txarra. Ea eusten diogun.
  • Puntu bat, eskerrak. Aurrera jarraitzeko puntu bat.
  • Bukatu da, bukatu da akabo urtea. Ea hurrengo urterik onena izaten den!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide