Koronabirusa

Covid-19aren aurkako txertoa iritsi da Arabara

Erredakzioa 2020ko abe. 28a, 10:00

91 urteko Consuelo Landak jaso du Arabako lehen txertoa, Ajuria egoitzan. / IREKIA

Igande honetan, Txagorritxura heldu dira Covid-19aren aurkako txertoaren lehen 405 dosiak, eta horietako 140 Araban geratu dira. Gasteizko Ajuria foru egoitzako 91 urteko emakume bat izan da txertoa jaso duen lehen arabarra.

Covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak iritsi dira Guadalajaratik EAEra, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua txerto horien harreran izan da Txagorritxun, Arabako Unibertsitate Ospitalean; Pfizer eta Biontech botika-enpresek garatutako txertoak dira.

Sailburuak adierazi duenez, txertoaren etorrera "itxarondako unea da, eta pandemiaren aurreko eta ondorengo" bat izango da. Osasun sailburuorde Iñaki Berraondo, Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Itziar Larizgoitia eta Arabako ESIko ordezkariak egon dira Sagarduirekin.

 

140 dosi Araban

Igande honetan jasotako materiala 405 dosi dituen aurrerapen bat da, eta hiru lotetan banatu dira, txertaketa-kanpaina hiru lurralde historikoetako egoitzetan banatzeko: 140 dosi Araban, 85 dosi Bizkaian eta 180 Gipuzkoan.

Aurreikuspenen arabera, astero 16.000 dosi inguru iritsiko dira EAEra, txertoa eremu soziosanitarioko egoiliar zein profesionalei jartzeko. Erizaintzako eta erizaintza-laguntzaileko 16 profesionalek osatutako Osakidetzako taldea hiru egoitzetan izan da igande honetan, egoiliarrei eta zentroetako profesionalei lehen txertoak emateko.

Lehena, Ajuria foru egoitza

Arabaren kasuan, lehen txertoa Gasteizko Ajuria foru egoitzan jarri da. Consuelo Landa, 91 urteko egoiliarra, izan da txertoa jaso duen lehen arabarra, Paula Ortiz de Zarate Osakidetzako profesionalaren eskutik. Datozen egunetan jarraituko du txertaketa-kanpainak, hurrengo dosiak iritsi ahala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago