Laudioko 'Begirada berriak'

Erredakzioa 2020ko abenduaren 25a

Laudioko hamaika sortzaileren lana bildu dute erakusketan. / Vital Kutxa

Urtarrilaren 7ra arte ikus daiteke erakusketa, Vital Kutxa Fundazioaren aretoan.

Begirada berriak erakusketari esker, Laudioko hamaika egileren estilo eta teknika ezberdineko hogei pieza ikusiko dira Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa zentroan. Ia guztiak dira arte plastikoetako profesionalak, eta San Roke Kofradiak bildu du euren lana, bizilagunen sormen artistikoa zabaltzeko asmoz. Bideoak, collageak, argazkiak, zeramikak, olioak, akrilikoak, euskarri eta teknika ugari ikus daitezke. 

Duela hamaika urte, bertako ondarea babesteko asmoz, Aiaraldeko kultura aberastasuna ezagutaraztea erabaki zuen San Roke kofradiak. Orduan, herriko margolarien Berriz aurkitutako begiradak erakusketa antolatu zuen, hildako zein lanean ari ziren egileen piezez osatua. Erakusketa horren bidez, ordura arte gutxi ezagutzen zen Joaquin Barbara y Balzaren aberastasuna eta kalitatea aurkitu zituzten. Haren biografia egin zuten, eta ahalegin horretan ia hiru urte eman zituen Egoitz Bernaolak. Ordura arte ezezaguna zen eta sakabanatua zegoen bere obraren zati handi bat berreskuratu eta ikusgai jarri zuten.

Prozesu horretan, Laudioko beste autore batzuek arte adierazpide berritzaileak kalitate bikainaz jorratzen zituztela aurkitu zuen San Roke Kofradiak. Iragana eta oraina elkartuta, herriko egile plastikoen beste erakusketa kolektibo bat prestatu zuten, eta horixe da orain Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan ikusgai dagoena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago