Alaves 2 - 1 Eibar

Alavesek garaipen oso baliotsua lortu du derbian

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 24a, 10:09
Balio handiko hiru puntu horiekin, sailkapenean 13. postura igo da Alaves. / LA LIGA

Mendizorrotzan jokaturiko partidan 2-1 irabazi dio Alavesek Eibar taldeari.

Alaves

2

Eibar

1

Alavesek Eibar taldearen aurka lorturiko garaipenak arnasa hartzeko balio izango du. Izan ere, azken bi partidak galdu ondoren beheko postuetan ari zen, eta puntuak pilatzea beharrezkoa zen gora begira jartzeko. Balio handiko hiru puntuak eskuratu ditu eta sailkapenean hamahirugarren postura igo da.

Bigarren zatian, Eibarrek ia-ia ez du aukerarik izan partida berdindu ahal izateko

Partida bizi-bizia izan da, lehen minututik neurketa oso borrokatua izango zela ikusi baita. Hasi eta berehala, Pedro Leonek korner baten bidez gol ia-ia olinpikoa egin du. Gol horrek hasiera batean min ikaragarria egin dio talde arabarrari. Izan ere, handik gutxira Ximo Navarrok egindako hutsa ez da bigarren golarekin bukatu gutxigatik. Halere, hortik aurrera partidan sartu dira, eta kontraerasora jokatuz berdinketaren bila joan dira.

Asko kostatu zaie arabarrei ate ingurura hurbiltzea. Dena den, kontraeraso bikain baten bitartez berdinketa etorri da. Bat bikoa egin dute Deyversonek eta Edgar Mendezek, eta azken horrek maisutasunez banakoa jarri du markagailuan, 41. minutuan. Hori gutxi balitz, handik bost minutura Deyversonek bigarrena egin du. Partida garaipenaren bidean zegoen. Halere, bigarren zati osoa jokatzeko zegoen.

Erdietsitako puntuak oso baliotsuak dira lasaitasunez aurrera begira ahal izateko

Bigarren zatian, talde arabarra atzealdean erabat sartuta izan da, baina eginiko kontraerasoetan gol aukera paregabeak izan ditu neurketa bukatutzat emateko. Halere, ez du inongo zirrikiturik utzi atzealdean, eta Eibarrek ia-ia ez du aukerarik izan partida berdindu ahal izateko. Gol aukera bakarrenetariko bat luzapenean izan du, baina atzelari batek kornerrera bidali du.

Alavesek merezimendu osoz garaipena lortu du. Gainera, erdietsitako puntuak oso baliotsuak dira lasaitasunez aurrera begira ahal izateko. Hurrengo norgehiagoka Urte Zaharraren egunean izango da. Berriz ere, derbia izango dugu Osasunaren aurka, 16:15ean. Kontutan izanik gorritxoen egoera, aukera paregabea izango da bi neurketa jarraian irabazteko.

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte (92’. Jotra Peleteiro); Edgar Mendez (72’. Martin) , Battaglia (72’. Manu Garcia), Tomas Pina, Luis Rioja (86’. Adrian Marín); Deyverson, Joselu.
    • Txartel horiak: 38’. Edgar Mendez, 56’. Battaglia, 61’. Tomas Pina, 88’ Laguardia.
  • Eibar: Dimitrovic; Pozo, E. Burgos (83’. Kike Gonzalez), Bigas, Arbilla; Sergio Alvarez (45’. Diop), Exposito (77’. Unai Arietaleanizbeaskoa); Pedro Leon (45’. Kevin Rodrigues), Inui (60’. Recio), Bryan Gil; Kike García.
    • Txartel horiak: 82’. Bryan, 87’ Unai Arietaleanizbeaskoa.

Golak

  • 0-1: 4’. Pedro Leon
  • 1-1: 41’. Edgar Mendez
  • 2-1: 45+2. Deyverson

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, ikuslerik ez. Lehen minutuetan euri zaparrada bota du. Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da Javier Ortiz de Zarate taldeko zuzendaritzako partaide eta harrobiko sustatzailea omentzeko. Deyverson aurrelariak eginiko gola Ely-ri eskaini dio bere elastikoa erakutsiz. Izan ere, atzelariari ebakuntza egin diote eta agur esan dio aurtengo denboraldiari. Bukaeran Ruben Duartek min hartuta berdegunea ohatilan utzi behar izan du.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Ikusiko dugu partidaren nondik norakoak baina zuloan sartu nahi ez badugu gaur bai ala bai irabazi behar da.
  • Aldaketak hamaikakoan. Eskerrak Laguardia osatu dela, gutxienez atzealdean ohiko lerroak jokatuko du. Talde borrokalaria zelairatu du.
  • Gola, Eibarren gola. Gol olinpikoa. Hau da hau! Ezin okerrago, hasiera kaxkarra baino kaxkarragoa ezin da izan.
  • Taldea ez dago, ez dago. Ze akatsa Ximok egin duena. Eskerrak bigarren gola ez dutela egin. Bestela jai!
  • Taldeak gola behar du, berdinketa lortu behar du. Oso atzean sartuta dago eta kontutan izanik bi partidetan golik ez dugula egin, bada, dena esanda dago.
  • Gooooooool, hori da hori kontraeraso bikaina egitea. Banako berdinketa, eskerrak. Orain partidaren bila joan behar da. Garbi dago haiek jokoaren ekimena eramaten dutela eta guk kontraerasora.
  • Gooooooool, Deyversonen gola, hor, hor egon behar da era horretako golak egiteko. Bi partidetan golik ez eta gaur bi. Garaipenaren bidean.
  • Hori da hori partidari buelta ematea. Orain atsedenaldira.
  • Bigarren zatian, berriz ere, sufritzea tokatuko zaigu.
  • Eibarrek berdinketa nahi du. Ea kontraeraso batean hirugarrena egiten dugun eta bukatutzat ematen dugun partida.
  • Ze aukerak, Joselu, orain Luis Rioja, baina gola egin behar da bestela haiek bat izango dute eta barrura bidaliko dute.
  • Lau minutuko luzapena. Sufrikarioa. Bukatu, bukatu, bukatu da. Akabo. Eskerrak taldeak garaipena lortu duela!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide