'Etxetik Kantari' ikuskizuna abenduaren 29an izango da ikusgai

Erredakzioa 2020ko abe. 21a, 12:49

206 lagunek osatutako 21 taldek hartu dute parte Etxetik Kantari ikuskizunean. / ALEA

21 bideo eta 206 parte hartzaile aurkeztu dira aurtengo Kantari ikuskizunera. Bideo guztiak jasoko dituen Etxetik Kantari telebista saioa abenduaren 29an izango da ikusgai alea.eus webgunean.

Abenduaren 20an amaitu da Etxetik Kantari ikuskizunean parte hartzeko epea, eta aurkeztutako 21 bideoak dagoeneko ikusgai daude ALEAren webgunean. Aldapan gora (Huntza), Euritan dantzan (Gatibu), Euskaraz bizi nahi dut (Esne Beltza), Musikaren doinua (ETS) eta Kantari abestiek osatu dute Kantari ikuskizunaren 2020ko edizio bereziaren soinu-banda, 206 parte hartzaileren eskutik:

Telebista saioa, abenduaren 29an

Jasotako material guztiarekin, Etxetik Kantari ikuskizuna sarean estreinatuko da abenduaren 29an, asteartean. Programa bakar batean parte hartzaileen bideo guztiak txertatuko ditugu, eta elkarrekin musikaz gozatzeko aukera izango dugu. Beraz, adi egon, eta egun horretan alea.eus webgunean topatuko duzue telebista saioa.

Edizio berezia

Aurten ez diogu Kantari ikuskizunari uko egin nahi izan, eta, horregatik, sarean gozatzeko moduko proposamena egin dugu GEU Elkarteak, Goienak eta ALEAk elkarlanean. Gasteizko Udalak antolatzen duen Euskararen Asteko egitarauaren barruan eta Vital Fundazioaren babesari esker, aurtengo edizio bereziak Etxetik Kantari izena hartu du.

Inongo mugarik gabe, norberak nahi izan duen bezala parte hartzeko aukera izan du: etxetik senideekin, klasean gelakideekin, lagunekin... eta nahi beste bideoklip eginda, gainera. Antolatzaileek proposatutako abestien artean aukeratu dute partaideek, koreografiak prestatuz eta bideoan grabatuz. Abestiarekin batera, testigantzak ere jaso dituzte bideoetan: partaideak nortzuk diren, abestia aukeratzeko arrazoiak, koreografia prestatzeko nondik norakoak, eta abar luze bat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago