Celta 2 - 0 Alaves

Alavesek burua altxatu ezinik jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 21a, 08:15
Celta nagusi izan da, eta Brais Mendezek egin ditu partidako bi golak. / LA LIGA

Celtaren aurka 2-0 galdu ondoren, taldea gainbehera doa. Alavesek bigarren porrota jarraian jaso du, Balaidos futbol zelaian. 

Celta

2

Alaves

0

Bi eta huts galdu du Alavesek Celtaren aurka, eta sailkapenaren beheko postuetan jarri da. Berriz ere taldea egoera larrian dago. Agian okerrena emandako itxura izan da. Izan ere, partidaren hasieran talde arabarrak pare bat aukera izan ditu gola egiteko, baina ezerezean gelditu dira. Hortik aurrera, talde galiziarra nagusi izan da, eta arazorik gabe garaipena eskuratu du.

Futbolak baditu idatzi gabeko zenbait lege, eta horietako bat da, ezbairik gabe, ate aurrean barkatuz gero, garesti ordaintzen dela. Horixe bera gertatu zaio Alaves taldeari. Bizi bizian eman dio hasiera neurketari, eta lehendabiziko sei minutuetan gol aukera garbiak izan ditu markagailua mugiarazteko.

Talde galiziarra nagusi izan da, eta arazorik gabe garaipena eskuratu du

Bazirudien Huescaren aurka emandako itxura kaxkarra alde batera utzi nahi zuela. Berriz ere talde lehiakorra izan nahi zuela. Baina ilusioa besterik ez da izan. Handik aurrera, Celta nagusi izan da. Joko horren ondorioz etorri da lehen gola. Ezkerretik egindako erdiraketa Brais Mendezek buruz errematatu du eta saretara bidali du. Pachecok pitin bat ukitu du, baina ezin izan du ezertxo ere egin. Baina gauzak okerretik okerrera joan dira Ely atzelariak min hartu duenean. Halere, gutxienez, gol gehiagorik ez du jaso eta atsedenaldian 1-0ko emaitzarekin joan dira aldagelara.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu dira. Taldea erasokor atera da eta itxura askoz hobea eman du. Lehendabiziko jokaldian Joseluk buruz egindako errematea atezainak desbideratu du. Bide horretan jarraitu du, eta bai Jota Peleteirok nola Lucas Perezek aukerak izan dituzte, baina ez dituzte gauzatu. Baina, gutxienez, Celtaren arearen inguruan izan da baloia.

Berriz ere maldan behera, eta hurrengoan puntuak pilatzea komenigarria izango litzateke zuloan ez sartzeko.

Ekinez eta ekinez, baina golik ez. Futbolean zortea eta azken partidetako norabidea ere beharrezkoa baita partidak aurrera ateratzeko. Horixe bera gertatu baita. Izan ere, talde galiziarrak egindako lehen kontraerasoan bigarren gola egin du eta bukatutzat eman du norgehiagoka. Machin entrenatzaileak taldea pizteko aldaketak egin ditu, baina ezin izan du markagailuari buelta eman. Berriz ere maldan behera, eta hurrengoan puntuak pilatzea komenigarria izango litzateke zuloan ez sartzeko.

Hurrengo partida Eibarren aurka izango da. Datorren asteazkenean, abenduak 23, 22:00etan derbia. Partida korapilatsua, baina garaipena lortzea ezinbestekoa izango da.

Hamaikakoak

  • Celta: Ruben; Hugo Mallo, Araujo, Murillo, Olaza (92’. Aido); Tapia; Fran Beltran (74’. Fontan), Nolito (69’. Okay), Denis Suarez (69’. Baeza); Iago Aspas (92’. Emre Mor), Brais Mendez.
    • Txartel horiak: 54’. Araujo, 60’. Nolito.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Ely (39’. Tachi), Lejeune, Ruben Duarte; Jota Peleteiro (73’. Guidetti), Battaglia (84’. Manu Garcia), Luis Rioja (89’. Borja Sainz); Lucas Perez (73’. Tavares), Joselu.
    • Txartel horiak: 20’. Battaglia, 35’. Pina

Golak

  • 1-0: 18’. Brais Mendez
  • 2-0: 78’. Brais Mendez

Balaidos futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik. Epaileak ez du inongo arazorik izan, eta partida bide onetik joan da alde horretatik. Lehen zatia bukatzear zela, Ely atzelariak min hartu du, eta badirudi lesioa larria izan daitekeela. Azken bolada honetan Alaveseko atzelariek ez dute zorterik izaten. Aurreko norgehiagokan, Laguardiak eta Ximo Navarrok partida utzi behar izan zuten min hartuta. Garai batean jokalariek txartel gorriak ikusten zituzten, eta oraingoan lesioak.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Gogoratzen duzue iaz Balaidos futbol zelaian gertatutakoa. Celtak 6-0 irabazi zuen.
  • Ea Huescaren aurka emandako itxura kaxkarra aldatzen den. Hamaikakoa betikoa, ea gutxienez golen bat egiten dugun.
  • Hau da hau hasiera! Ze aukerak, horiek saretara bidali behar dira, bestela gero sufrikario etorriko da. Ezin da barkatu, ezin da.
  • Gola, Celtaren gola. Hori da gertatzen dena. Normalean, golik sartzen ez baduzu hurrengo jokaldian aurkariak gola egiten du. Bada, horixe gertatu da.
  • Gainera zer nolako gola. Ia-ia area txikian bakar bakarrik errematatu du. Orain datoz komeriak. Ikusiko dugu.
  • Eskerrak Pacheco sasoi betean dagoela, bestela jai.
  • Atsedenaldia, beno, bada, gutxienez, gol bakarra sartu digute. Egia esanda taldeak ez du gauza handirik.
  • Badirudi taldeak zerbait egin nahi duela bigarren zatian. Ondo ari da. Hori da hori egin behar, presio goian egin, zelai erdian borroka itzela eta atzealdean ez utzi zirrikiturik. Ea berdinketa datorren.
  • Ezin eta ezin. Golik gabe ezin da partidarik irabazi. Ea Guidettik zerbait egiten duen! Aurrekoan bi gol sartu zituen eta bolada onari jarraipena ematen dion.
  • Buah!, Celtaren bigarren gola. Bigarren zatian ez dute kontraerasorik egin eta bat egin eta gola. Hori da gure patua.
  • Agur berdinketari, agur puntuei. Hemendik aurrera, beti bezala, sufritzea tokatuko zaigu. Ea Eibarren aurka!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide