Berriz jzioquitzeko asmoz eta ilusioz, EuskarAbentura elkarteak 2021eko espediziorako izen-emate epea ireki du aste honetan, Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpen agerraldian.
Euskal Herriko zein diasporako 16 eta 17 urte bitarteko gazteek izango dute abenturan parte hartzeko aukera, alegia, 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoek. Hautagaitza aurkezteko, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute, elkarteak bere webgunean proposatutako formatu eta gaien artean aukeratuz.
Abenturan parte hartu nahi duten eta adin baldintzak betetzen dituzten gazteek, martxoaren 12ra arteko epea izango dute horretarako. Jasotako lan guztiak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus fundazioarekin elkarlanean ebaluatuko dira, eta 120 lan onenen egileek espedizioan parte hartzeko aukera izango dute, inolako tasarik ordaindu gabe.
Gainera, oraingo hautaketa prozesuan, azkenean egin ez den 2020ko espediziorako aurkeztutako hautagaitzak ere hartuko dituzte kontuan; 2003an jaiotako gazteenak barne. Izan ere, osasun krisiak eraginda, EuskarAbentura elkarteko kideek 2020ko espedizioa bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan zuten, parte hartzeko izena eman zuten 316 gazteen penarako. Edonola ere, gazte horiek aukera izango dute aurkeztu zuten lanaren notari uko egin eta proiektu berri bat aurkezteko.
Modu horretan, gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditu elkarteak. Aukeran izango dituzten gaiak honakoak izango dira:
- Baserritik Sardexkara: gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruko hausnarketa bideratzeko.
- Klik eta post: gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaren inguruan gogoetatzeko.
- Adina, jakintzaren iturri: edadeko pertsonen esperientzia aintzat hartzea inoiz baino garrantzitsua delako.
Uda ibiltari baten irrikaz
Espediziorik gabe ere, EuskarAbenturak asmatu izan du 2020ko uda berezian gazteen egunerokotasuna alaitzen, EuskarAbentura 2.0 edizio berezia izeneko alternatibaren bitartez. Instagrametik erronka desberdinak proposatu zituzten, eta 60 gazte baino gehiago animatu ziren parte hartzera, Ane Pedruzo elkartekideak azaldu duenez.
Hurrengo udara begira, espedizioa unean-uneko osasun egoeraren eta indarrean dauden arauen arabera antolatuko da. EuskarAbenturak normaltasunetik gertuago dagoen esperientzia bat bizitzeko aukera eskaini nahi dio euskal gazteriari, baina Pedruzok adierazi duenez, ezin izango dute %100ean ziurtatu espedizioak betiko formatua izango duenik: "Ezin dugu ziurtatu ohiko bilbidea jarraituko duen 120 gaztez osatutako hilabete osoko espedizioa antolatu ahalko dugunik".
Momentuz, hori posible egiteko hainbat alternatibak aurreikusi dituzte: espedizioaren mugikortasuna murriztea, gazte kopurua edota jardueraren iraupena murriztea, adibidez, jende gutxiagoko ekintza laburragoak eginez… Nolanahi ere, uda hurbildu ahala egitasmoari buruzko informazio eguneratua argitaratzen joango dira. "Gure azken helburua espedizioa egitea izango da; hori ezinezkoa balitz, haren esentzia mantenduko duen esperientzia ahaztezin bat burutzen saiatuko gara", gaineratu du Pedruzok.
Esperientzia ahaztezina
Aurreko edizioetan parte hartu zuten Haimar Martin eta Anne Rodriguezek argi utzi dute espedizioan bizitakoak aztarna utzi diela. Rodriguezek, adibidez, bere esperientzia partekatu du aste honetako aurkezpenean: "Bizitza osoa pasa dut erdaldun giroan, ez nituen ezta euskal kantak entzuten ere... EuskarAbenturak lagundu zidan burbuila horretatik ateratzen". Martinek, bestalde, espedizioa bitan egiteko zortea izan du: jzioquitar moduan bizi izan zuen lehenengo edizioa, eta begirale-laguntzaile moduan bigarrena. Kontatu duenez, EuskarAbenturak lagundu dio konturatzen "euskarak zein eragina duen norberarengan eta beste lurraldeetan bizi direnengan, bakoitzak etxean nola bizi duen...·.
Aurkezpenean Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz ere izan da, eta horrelako esperientzien garrantzia azpimarratu du: "Ni, Anne bezala, inguru erdaldunekoa nintzen, eta Abaigarko Euskal Udalekuetan bizi izan nituenak bultzatuta murgildu nintzen euskal munduan".
Horrekin batera, Gipuzkoako Hizkuntza berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabalek gaineratu duenez, abentura honek "urrutira joan gabe etxetik mundu bat deskubritzeko aukera" eskaintzen du.
Josune Zabalak, Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, azpimarratu du EuskarAbenturak proiektu modura erantzuten diola euskarari, baita "bere biziberritze prozesu etenezin honetan estuki lotzen zaion unibertso zabal bati ere: aisialdia, kultura, ingurunearen ezagutza eta harremanak".
Euskara erdigunean
Hain zuzen ere, gazteen euskararen erabileran eragiteko asmoz sortu zen EuskarAbentura Elkartea; "euskal hiztun gazteak aktibatzeko, ahobizitzeko", Pedruzoren esanetan. Orain arte jorratutako euskara ohiturak trinkotzeko estrategiaren lanketan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburordetza (HPS), Soziolinguistika Klusterra, EBETE eta GEU elkartea izan ditu bidelagun.