Kultura Bonua martxan dago Arabako 35 dendatan

Erredakzioa 2020ko abe. 19a, 14:00
Arabako Kultura Bonuaren kanpainaren leloa: 'Kultura, Kontsumitu, Kontatu'. / AFA

Dagoeneko martxan dago Kultura Bonua, eta Arabako 35 saltokitan kultura ondasun eta zerbitzuak kontsumitzeko lau bonu mota daude; guztira, 4.575 bonu jaulkiko dira maiatzaren 31ra bitartean.

Arabako Kultura Bonua abenduaren 17tik aurrera jarri da martxan lurraldeko 35 dendatan, 2021eko maiatzaren 31ra arte. Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren arabera, "bonuen helburua Arabako kultura sustatzea eta zabaltzea da, gure lurraldean kultura produktuen eta zerbitzuen kontsumoa sustatuko duten bonu deskontuen bidez".

Kulturaren sektoreko profesionalen, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen ekonomia suspertzen laguntzea bilatuko du kanpainak, Kultura, Kontsumitu, Kontatu lelopean. Horretarako, lau bonu mota egongo dira, eta deskontuarekin erosteko ez da ezer berezirik egin behar, nahikoa da atxikitako saltoki batera joatea:

  • Euskarazko kultura ondasunen kontsumorako bonua: 10 euroko deskontua 20 euroko gutxieneko erosketarekin.
  • Euskara ez den beste hizkuntza batean egindako kultura ondasunen zein musika tresnen kontsumorako bonua: 10 euroko deskontua 30 euroko gutxieneko erosketarekin; 30 denda atxiki dira
  • Euskarazko kultura zerbitzuen kontsumorako bonua: 20 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin.
  • Edozein hizkuntzatan dauden kultura zerbitzuen kontsumorako bonua: 15 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin.

 

Kultura ondasuna

Honako ondasun hauentzat izango da deskontua, berariaz, dendetan eta programari atxikitako profesionalei erosteko unean:

  • Liburuak, komikiak eta nobela grafikoa.
  • Musika, filmak, dokumentalak eta serieak, edozein grabazio formatutan.
  • Musika tresnak.
  • Kultura produktutzat har daitezkeen gainerako ondasunak.

Hala ere, badira deskontu kanpainatik kanpo gelditzen diren zenbait produktu: prentsa eta aldizkariak; papergintzako eta eskulanetako produktuak; marrazketa materialak; testuliburuak; eskuliburu teknikoak eta hiztegiak; oposizioetako gai zerrendak; bideojokoak; informatikako ekipoak, periferikoak eta kontsumigarriak; argazki kamerak; eta ikus-entzunezko gailuak.

Zerbitzuak

Zerbitzuei dagokienez, honakoak dira deskontua izango dutenak:

  • Arte ederretako eskolak eta ikastaroak, kantua eta musika interpretazioa, dantza, marrazketa, argazkigintza, eskultura eta interpretazioa barne.
  • Bisita gidatuak profesionalek edota enpresek egindako ondare multzoetara eta interpretazio zentroetara.
  • Zinema emanaldietarako, zuzeneko antzerki eta musika ikuskizunetarako sarrerak.
  • Museo eta arte azoka pribatuetarako sarrerak.
  • Kultura produktutzat har daitezkeen gainerako zerbitzuak.

Kasu honetan, salbuetsita daude: eskolako edo unibertsitateko ikasgaietarako laguntza eskolak; hizkuntzak ikasteko eskolak; mekanografia eskolak eta antzekoak; museo eta arte galeria publikoetarako sarrerak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide