Gozogintza, urteari ginga jartzeko prest

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abenduaren 19a

Besteak beste, gorringo turroia artisaua prestatzen ari dira Artepanen. E.U.

Artepan, Hojalbi eta El Sauce. Arabako gozogintzaren adibide diren hiru gozotegiekin hitz egin du ALEAk koronabirusaren osasun krisiak sektorean zer eragin izan duen ezagutzeko eta Gabonetako kanpaina nola prestatzen ari diren jakiteko.

Eskaria bezain askotarikoa da Araban gozogintza. Tradizio handikoak dira herrialdeko labeak eta mota askotakoak bertan ekoizten dituzten hostopilak, pastelak, trufak, bonboiak, kremak, erroskillak, turroiak, polboroiak eta bestelako gutiziak. Gabonetara begira jarri dira jada herrialdeko zenbait gozogile, eta osasun krisiaren itzalpean hasi dira hurrengo asteetan kontsumituko diren gozokiak prestatzen. Hiru lantegiren jarduera eta pandemiarekin batera egin behar izan dituzten aldaketak eta bizi duten egoera ezagutu ditu ALEAk.

Txikienetik hasita, Lantarongo El Sauce gozotegiko jabea eta langile bakarra da Puri Montoya. Txikia baina tradizio luzekoa da bere negozioa, izan ere, duela 30 urte zortzi lagunen artean zabaldu zuten Salcedo herrian dagoen lantegia, eta ordutik El Sauceko erroskillak, bizkotxoak, trufak eta sagar eta txokolate tartak ospetsuak bilakatu dira Añana aldean ez ezik Gasteizen ere, hiriburuko zenbait dendatan ere saltzen baitira produktuak.

Gaubeako ekoizleen azokara hurbiltzen da falta gabe Montoya hileroko lehen igandean, eta bertan hartu du ALEA. "Zortzi edo hamar urte daramatzat merkatura etortzen, hasiera-hasieratik", eta aitortu du oso pozik dagoela egiten dituen gozokiek jendearen artean duten harrerarekin. Gabonetara begira ez du ezer berezirik prestatzeko ohiturarik, "trufak dira gehien saltzen direnak; horiek dira garai honetako protagonistak".

Lantegian pertsona bakarra izanik eta oso herri txikian kokatuta egoteagatik, eguneroko jardueran ez du traba gehiegirik bizi izan El Sauceko jabeak koronabirusaren ondorioz. "Lehen ontziratu gabe eramaten nituen produktuak merkatuetara, eta orain, aldiz, dena ontziratu behar da, baina bestela lantegian lasai nabil ni bakarrik". Ekonomikoki ere bakarrik egotea abantaila dela uste du Montoyak. "Salmenta pixka bat murriztu da, eta atzeman dut jaitsiera txiki bat, baina elikagaien sektorean beste batzuetan baino txikiagoa izan da kaltea".

Itxita, bi hilabetez

Hala ere, badira gozogintzan gaizki pasatzen ari diren profesionalak. Gasteizko Hojalbin, esate baterako, martxoko konfinamenduarekin batera, bi hilabetez itxi behar izan zuten lantegia, eta oraindik ez dute lehengo martxa berreskuratu.

El Ancora enpresan lan egiten zuen bazkide batek jarri zuen martxan duela hogei bat urte Hojalbi, era guztietako hostopilak egiten espezializatua dagoen labea. Sergio Alvarado 1990. urtean hasi zen askotariko hostopilak egiten bertan, eta gaur egun beste bi bazkiderekin batera da enpresako jabea. "Hasieran hostopil lazo izoztuak soilik egiten zituzten, eta guk horrekin jarraitu dugu, baina denborarekin, Mercedesko langileen eskaeragatik –Eharin dago gozotegia– eta gauza gehiago egiteko asmoarekin, askotariko hostopilak egiten hasi ginen, eta horiek kutxan saltzen ditugu".

Supermerkatuetan eta labean bertan saltzen dituzten kutxa horiek oso ezagunak dira, eta arrakasta handia dute laneko, ikastetxeetako eta familia arteko ospakizunetan. Negozio ereduagatik ziurrenik pandemiak kalte handia egin die. "Ordura arte eskaerari erantzun ezinik ibiltzen ginen; labea ez da oso handia baina txikia geratzen ari zen". Egun batetik bestera eskaerak murriztu ziren. "Jendea etxean sartuta zegoen, eta ez zihoan eskolara edo fabrikara. Kutxak ez ziren saltzen". Beraz, enpresa itxi eta enplegu erregulazio espedientea egin zuten. Maiatzetik lanean daude berriro, baina Alvaradok azaldu duenez, ez dute lehengo "alaitasuna" berreskuratu. Izan ere, astean milatik gora hostopil kutxa saltzetik 600 saltzera igaro dira "ondo saltzen den asteetan".

Produktu finkoa

Batik bat hostopil kutxa handiak dira gutxien saltzen ari direnak, kilo eta laurdenekoak eta 60 pieza dituztenak. "Kilo erdiko kutxa txikiari esker salbatu gara, supermerkatuetan horiek ondo saldu direlako. Kutxa txiki hori merkeagoa da eta ez du horrenbeste min ematen erosteak; gainera, etxean hiru bakarrik baldin badaude errazago jaten da handia baino", esan du Alvaradok.

Gabonetan kanpaina ona egitea espero dute Hojalbin. Normalean lan gehiago izan ohi dute, nahiz eta produktu berezirik ez duten ekoizten. "Ez dugu gure ohiko produktuez gain beste ezer berezirik egiten, saiakera egin genuen duela urte batzuk hostopil errege-opila egiteko, eta bezero batzuk urtero hartzen dute, baina errege-opil tradizionala da jendeari gehien gustatzen zaiona, baita niri ere, kar, kar, kar".

Artisauak, pandemia garaian

Arabako gozogintzaren beste liga batean jokatzen du Artepanek, 34 urteko lanaren ostean lan artisauaren eredu bihurtu den gozotegi ezagunak. Halere, gainerako gozogileak bezalaxe, kezkatuta dago bertako jabe Txema Pascual, pandemiaren ondorioen, eta oro har etorkizunera begira herrialdeko gozogintzak izan dezakeen etorkizunaren inguruan.

Herrialdeko gozotegien sektorea gehienbat artisaua dela nabarmendu du Pascualek, eta aurretik ataka larrian zegoela. "Ikusi besterik ez dago azken hogei urteetan zenbat gozotegi desagertu diren Gasteizen... Pasada bat da". Eta Covidaren osasun krisiak panorama are gehiago trabatu dezakeela duela uste du Artepaneko buruak. "Pandemia dela eta, erosketak egiteko modua aldatzen ari da, digitalizazioarekin, Amazonen zabalpenarekin, hartu telefonoa eta dena etxera ekartzeko joerarekin... eta horrek alde onak eta alde txarrak ditu: zer nolako erosketa egiten dugu, zer dago atzetik, non pagatzen dira zergak, non sortzen dira lanpostuak... Jende gazteak bereziki hausnartu beharko du horretaz", azaldu du Pascualek.

Halaber, herrialdeko gozogintzak moldaketak egin beharko dituela uste du Pascualek. "Badakigu bezero bakoitza soberanoa dela, eta gozogintzan ere agian betiko gauzek ez dute balio; panetonea egin behar bada, egingo da, moldatu beharko dugu".

Aldi berean, kudeatu beharko dituzte osasun krisiak eragin dizkien salmenten murrizketak eta eguneroko funtzionamenduan aldaketak. "Gurea bezalako enpresa batean neurri higienikoak mantendu egiten dira, eta orain kontu handiagoarekin ibili behar gara: desinfekzioa, mahaiak, garbiketa, arropa, maskarak...". Neurri berri guzti horiek barneratzea zaila izan dela aitortu du Pascualek, eta bereziki hasiera batean "etengabeko borroka" batean ibili behar izan zutenean jendearekin, baina dagoeneko egoera kontrolpean dute. "Ez gaude ohituta, eta sarritan jendea ez da konturatzen; orain denok dugu kontzientzia puntu hori eta nolabait kontrolatu dugu".

Bezeroak txalotzera

Salmentak ez dira toki guztietan jaitsi, baizik eta dendaren eta auzoaren arabera. "Bost denda ditugu Gasteizen, lau Artepan eta Mamia bat, eta Guridikoa da gure bandera-ontzia, hor hasi ginen duela 37 urte. Auzo zaharra da, eta gure bezero tipoa adineko jendea da, eta hor beldurra nabaritu dugu, jendea ez dela ateratzen; konfinamenduan salmenta jaitsi zen, eta oraindik nabaritzen da, ez dugu berreskuratu".

Dena den, eskertua dago Pascual gozotegiko bezeroekin. "Bezeroak txalotzera aterako nintzateke, lotsa ere ematen dit ikustea nola portatu diren; sekulako ilarak egiten dira dendetan, jendeak pazientzia handiarekin hartzen du, eta hori eskertzekoa da. Supermerkatu batean ez da horrelakorik gertatzen, baina gurean erosketa segurua da eta jendeak estimatzen du".

Osagai naturalak

Panetonea. Artepaneko Gabonetako izarra. Jatorriz Italiakoa den ogi gozoak arabar askoren mahaiak konkistatu
ditu. Gabonetan bi mila inguru saltzen dituzte. Duela hamar bat urte hasi ziren egiten, eta hasieran oso gutxi saltzen zituzten, baina pixkanaka Artepaneko klasiko bat bilakatu da. "Turroiak eta trufak mantentzen dira, baina panetonea da izarra".

Supermerkatuetako panetoneak ez bezala, Artepaneko izarrak ez dira hilabete luzez kutxa batean gordeta egoten; egin berriak dira, izan ere egunero egiten dituzte aste horretan salduko direnak. Gainera, naturala da produktua. "Hemen dena da naturala, gorringoa, gurina, guk egiten dugu infusioa, limoi eta laranja azalarekin; banilla banilla da, ez lurrina". Artepaneko lantegitik aspaldi baztertu zituzten margarinak eta osagai artifizialak, eta lehen mailako osagai naturalak soilik erabiltzen dituzte. "Kontsumitzailearen aldetik badakizu mugatzen zarela, baina gure goiburua da jan gutxi, baina jan ona. Txokolatea eramaten baduzu begiratu osagaiak eta txokolatea hartu, ez azukrea!". Zaila bada ere, oso pozik daude gozotegi eredu horren alde egin duten apustuarekin.

Gabonetako kanpainari begira, produkzioan aurreko urteetan baino aurreikuspen txikiagoak egin dituzte, pandemiaren eraginez ez dakitelako nolakoa izango den salmenta, eta pentsatuz agian gutxiago elkartuko direla etxeetan, afariak eta bazkariak txikiagoak izango direla. "Batzuek esaten dute jendea alaitasunez ibiliko dela dirua gastatzen, beste batzuek kontrakoa... ez dakigu oso ondo zer gertatuko den. Erregeak pasa ondoren esango dizut".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago