Rincon 0 - 2 Alaves

Alavesek aurrera egin du Kopan

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 17a, 08:16
Guidetti aurrelariak egin ditu partidako bi golak. / D. ALAVES

Guidettik egindako bi golei esker, Koparen bigarren kanporaketan izango da Alaves.

CD Rincon

0

Alaves

2

Inongo distirarik gabe, Alavesek aurrera egin du Kopan. La Rosaleda futbol zelaian jokaturiko partidan, 0-2 nagusitu zaio El Rincon Ohorezko mailako taldeari. Ordezko jokalariek aukera izan dute hasierako hamaikakoan izateko. Horien artean, Guidetti aurrelaria nabarmendu behar da, berak bi golak egin dituelako, eta aukera paregabea izan du hirugarrena egiteko.

Talde arabarrak jokoaren ekimena eraman du, eta norgehiagoka une orotan kontrolpean izan du

Hasieratik agerikoa izan da bi taldeen arteko aldea. Talde arabarrak jokoaren ekimena eraman du, eta norgehiagoka une orotan kontrolpean izan du. Halere, era honetako partidetan, gola ahalik eta azkarren egitea komenigarria izaten da, gerora estutasunik ez izateko. Bada, gola egitea eta neurketa bideratzea pitin bat kostatu zaio. Izan ere, Guidettik egindako lehen gola 32. minutura arte ez da ailegatu. Gol horrek balio izan du iazko Kopako mamuak uxatzeko. Oraindik orain, denen buruan dago Jaenen aurka galdutako partida.

Bigarren zatian gauzak ez dira gehiegi aldatu Alavesen onerako. Rincon taldeak ez du inongo aukerarik izan berpizteko, eta, berehala, Guidettik egin du bigarrena. Gol honek, nolabait esateko, partidari amaiera eman dio. Hortik aurrera, Malagako taldea erabat etsita agertu zaigu, eta talde arabarrak ez dio inongo bizitasunik eman. Horren ondorioz, ia-ia inongo abiadurarik gabe joan zaigu norgehiagoka.

Helburua aurrera egitea izan da, eta taldea arazorik gabe izango da hurrengo kanporaketan. Orain Liga etorriko zaigu. Datorren igandean, 14:00etan Balaidos futbol zelaian, Celta izango da aurkaria. Aukera paregabea puntuak lortu ahal izateko.

Hamaikakoak

  • CD Rincon: Javi Tellez; Ivan Lopez, Tom, Manu, Soto, Corpas; Javi Fernandez (66’. Olalla), David Alvarez (78’. Kuni Gil), Adal (Alex Bravo), Semi (46’ Miguel Angel); Alex Ruiz (66’. Foncuberta).
    • Txartel horiak: Txartelik ez.
  • Alaves: Sivera; Martin, Tachi, Adrian Marin, Javi Lopez; Tavares, Lejeune (82’. Sergi Garcia), Battaglia (66’ Jota Peleteiro), Borja Sainz (82’. Burgui); Deyverson, Guidetti (73’. Edgar Méndez).
    • Txartel horiak: Txartelik ez.

Golak

  • 0-1: 32’. Guidetti.
  • 0-2: 59’. Guidetti.

La Rosaleda futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik. Partida La Rosaledan jokatu dute C.D. Rincon taldeko futbol zelaia egokia ez zelako era honetako neurketak jokatzeko. Epaileak ez du inongo arazorik izan partida osoan zehar eta horren adibidea dugu ez duela txartelik erakutsi. CD. Rincón taldeko jokalariak gozatu ederra hartu dute eta haientzat Alavesen aurka jokatzea festa modukoa izan da. Izan ere, talde honako hau Ohorezko mailan dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide