Informazio gizartean bizi gara inoiz baino gehiago direlako informazioa sortzeko eta zabaltzeko ditugun baliabide teknologikoak. Baina, maiz gertatzen denaren arabera, baliabide berberak erabili ditzakegu desinformazioa sortzeko eta informazioa manipulatzeko.
Gerretan egia da biktimen arteko lehenengoetariko bat, eta informazio gizarte honetan ere, askotan sareek eskaintzen duten anonimatuaren babesean, egia da biktima bihurtzen dena. Egia-ostea eta fake news garaietan dagokigu bizitzea, eta ariketa nekeza da alea lastotik bana0tzea, benetako egiaren eta sasiegiaren artean bereiztea, zer den zuzen eta zer den manipulazio hutsa jakitea, egiazkoaren eta gezurrezkoaren arteko aldeak igartzen ikastea.
Ez dugu astirik batzuetan edo gogorik besteetan, informazio zurrunbilo honetan galbahea irizpidez maneiatzeko, datuak benetakoak diren aztertzeko, datuetatik informaziora pausua zuzentasunez eman den ziurtatzeko, eta informaziotik ezaguerara doan bidea zorroztasunez ibilia izan den baieztatzeko. Errealitate baten gainean nahita egindako itxuraldaketa omen da egia-ostea, non gertaera objektiboetara jotzea baino emozioetara eta norberaren usteetara jotzen den, iritzi publikoa sortzeko eta moldatzeko, giza-joeretan eragina lortu nahian, norberaren iritziek eta helburuek gertaera berak baino balio gehiago dutelarik.
Oxford hiztegiak post-truth hitza ingelesez, posverdad gaztelaniaz, egia-ostea euskaraz, 2016. "urteko hitz" izendatu zuen bere erabilera 2015. urtean baino %2.000 gehiago izan baitzen. Kontuan izan Ameriketako Estatu Batuen lehendakariaren hauteskundeak eta Brexit erreferenduma 2016. urtean izan zirela.
Jakin aldizkariaren 239. zenbakian Irati Zubiak Egia-ostea ziurgabetasun garaian artikulu interesgarrian dio: "Egia-ostearen muina egiarekiko interesik eza da, eta hori arriskutsua izan daiteke. Egia-osteak egiarekiko errespetu faltarekin baitu zerikusia, gezurrekin baino. Egiarekin harremanetan jartzeko modu jakin bat seinalatu nahi dut, eta harreman hori egiarekiko axolagabetasunean, hots, interesik ezean datza".
Bestalde, fake news, berri faltsuek, edo, hobe esanda, berri faltsutuek bi berezitasun dituzte: nahitasuna eta faltsukeria. Berri faltsu baten zabaltzaileak badaki barreiatzen ari den albistea gezurra dela, baina, hala ere, apropos zabalduko du berria. Cambridge Hiztegiaren arabera, berri faltsuak berri baten itxura duten historia faltsuak dira, internet edo beste komunikabideen bitartez zabalduak, iritzi publikoan eragina izan dezaten; edo, besterik gabe, hainbeste maltzurtasunik gabeko txantxa moduko bat. "Iritziak libreak dira, baina gertaerak sakratuak", zioen Charles Prestwich kazetariak 1921. urtean. Berri faltsuak eta egia-osteak beste bide batetik doaz, eta kritikoak izatera behartzen gaitu desinformazio gizarteak.
Elhuyar erakundeak abian duen "ZientziaKIDE 2020: Gizarte kritikoaren bidean" proiektuarekin pentsamendu kritikoa garatu eta sustatu nahi da gizartean, proiektuaren baitan egingo diren ekintza guztietan herritarren parte-hartzea indartuz. Bertan azaltzen den dekalogoa aplikagarria bezain interesgarria iruditu zait, egunero entzun ditugun berri edo iritzi faltsuetatik abiatuz, pentsamendu kritikoa landu eta sustatu egiten baitu. Elhuyar webgunera jo besterik ez du egin behar interesa duenak.