Huesca 1 - 0 Alaves

Alavesek garaipena oparitu dio Huescari

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 13a, 10:25
Alavesek ez du neurria eman, eta, horren ondorioz, porrota etorri da. / LA LIGA

Aspaldiko partez, talde arabarrak porrota jaso du eta bolada onari bukaera eman dio.

Huesca

1

Alaves

0

Alavesek atzerapausoa eman du. Irabazi beharreko neurketa zirudien. Huesca sailkapenaren zuloan zegoen eta gainera partidarik irabazi gabe. Dena alde garaipena edota berdinketa lortu ahal izateko, baina partida astuna izan da, eta azkenean Ontiveros aurrelariaren golak eman dio garaipena Huescari.

Talde arabarrak ia-ia ez du gol aukerarik izan, eta neurketa osoan zehar atzealdean sartuta izan da

Pena izan da. Bolada onari jarraipena emateko aukera ezin hobea baitzen. Dena den, talde arabarrak partida kaxkarra jokatu du. Ia-ia ez du gol aukerarik izan, eta neurketa osoan zehar atzealdean sartuta izan da. Huescak lehen minututik garaipena nahi izan du eta joko handirik egin gabe lehen partida irabaztea lortu du.

Hasieratik, Machin entrenatzaileak zuzenduriko taldeak Huescaren esku utzi du jokoaren ekimena. Alavesek ez du ezer jakin nahi izan baloiaren jabetzaz. Lehen zatian eroso izan da defentsan, eta Pacheco ikusle bezala aritu da. Bigarren zatian gauzak pitin bat aldatu dira, eta talde babazorroak lerroak aurreratu ditu. Halere, ez du gauza handirik lortu. Joan etorri horretan etorri da Ontiverosen gola. Ezkerretik barrurantz egin eta baloiari gurpil fina emanez saretara bidali du. Neurketa maldan gora jarri da. Izan ere, era honetako partidak gol batekoak izaten dira normalean. Hau da, gola egiten duenak garaipena lortzen du.

Alavesek aldaketak egin ditu berdinketa lortu ahal izateko. Alferrik; ez du inolako gaitasunik izan partiduari buelta emateko

Dena den, Alavesek aldaketak egin ditu berdinketa lortu ahal izateko. Alferrik; taldeak ez du inolako gaitasunik izan partiduari buelta emateko. Minutuak ezer egin gabe joan dira, eta, konturatu ordurako, epaileak bukaera adierazi du. Huescak garaipena behar zuen, Ligako lehena, eta azken minutuetan hortzak estutu ditu lortu ahal izateko.

Partida hauetan puntuak lortzea balio handikoa izaten da. Baina taldeak ez du neurria eman, eta, horren ondorioz, porrota etorri da. Ahalik eta lasterren ahaztu behar da, eta hurrengo norgehiagokan pentsatzen hasi behar da. Datorren igandean, abenduaren 20an, 14:00etan Balaidos futbol zelaian, Celtaren aurka. Bide onera itzultzeko aukera paregabea.

Hamaikakoak

  • Huesca: Alvaro Fernandez; Maffeo, Pulido, Sivoras, Galan; Mikel Rico (87’ Sergio Gomez), Mosquera, Borja Garcia; Ferreiro (87’. Insua), Okazaki (85’. Rafa Mir), Ontiveros (80’. Doumbia).
    • Txartel horiak: 57’. Ontiveros.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (46’ Martin), Laguardia (14’. Tachi), Ely,  Ruben Duarte (74’. Javi Lopez); Edgar Mendez (74’. Borja Sainz), Tomas Pina, Jota Peleteiro, Luis Rioja (86’. Deyverson); Lucas Perez, Joselu.
    • Txartel horiak: 36’. Ruben Duarte, 51’. Jota Peleteiro, 69’ Tachi, 82’. Joselu.

Golak

  • 1-0: 65’. Ontiveros.

El Alcaroz futbol zelaiko harmailak

Beti bezala, harmaila hutsik. Epaileak hiru jokaldietan VAR erabili du, eta hiruretan egindako golak bertan behera utzi ditu. Alavesek zorte txarra izan du lesioekin. Izan ere, 14. minutuan Laguardiak berdegunea utzi behar izan du min hartuta, eta, atsedenaldian, kolpe baten ondorioz, Ximo Navarro aldagelan gelditu da.

Erdialdeko tabernetatik partidari begira

  • Arratsalde atsegina futbola ikusteko taberna batetik. Bazen garaia, berriz ere, tabernetako giroaz gozatzeko.
  • Gaurko partida astuna, itsusia eta dena delakoa izango da. Ikusiko dugu. Baina era honetako partidak honelakoak izaten dira. Borroka handikoak eta gol aukera gutxikoak. Ea zortea izaten dugun!
  • Derrigorrez hamaikakoan aldaketak egin behar. Hasi bezain pronto gauzak okertzen hasi dira. Laguardiak min hartu du. Gutxi izango bagenu orain Laguardia. Beno, bada, ikusiko dugu Tachi-k eta Ely-ek zer egiten duten.
  • Atzealdean sarturik eta gol aukerarik sortu gabe ez dago partida irabazterik. Haiek bihotzarekin ari dira. Lehen partida irabaztea nahi dute eta guk, ordea, zain. Ez dago jakiterik noiz arte. Horrela jarraituz gero haiek gola egingo dute. Lehen zatia bukatzear eta, egia esanda, guk ez dugu jaurtiketarik egin. Gehiago, esango genuke, ezta hurbildu ere area ingurura. Ai ene!
  • Ematen du bigarren zatian zerbait egingo dutela. Gutxienez aurrerago jokatzen ari dira. Ea gola egiten dugun eta garaipena lortzen dugun.
  • Usteak erdi ustel. Gola, gola haiek egin dute. Gainera maila handiko gola egin du Ontiverosek. Gol polita. Orain gureak egin ditugu. Honi buelta ematea oso zaila izango da.
  • Haiek denekin eutsiko diote egindako golari. Haiek zortzi berdinketa lortu dituzte eta jakinaren gainean daude. Beraz, aspaldiko partez gaur ematen du porrota izango dugu.
  • Aldaketak eta aldaketak. Baina ezertxo ere. Arriskurik ez. Ze pena! Ze pena! Aukera paregabea zen honako hau. Baina….
  • Porrota, aspaldiko partez. Hurrengo neurketan izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide