Presoak

Oier Urrutia baldintzapean aske, eta Jon Etxeberria Kantabriara hurbilduko dute

Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 16:40

Jon Etxeberria El Duesoko espetxera hurbilduko dute. / Argazkia: WIKIPEDIA (Nicolas Perez)

Oier Urrutia preso gasteiztarrak baldintzapeko askatasuna lortu du, auto judizial bidez; eta Jon Etxeberria Castelloko espetxetik El Duesora (Kantabria) hurbilduko dutela jakinarazi dute Espetxe Erakundeek.

NAIZ hedabide digitalak argitaratu duenez, Oier Urrutia preso gasteiztarrak ez du Zaballako espetxera itzuli beharko, baldintzapeko askatasuna eman dion auto judiziala irmoa delako. Horretarako baldintzak betetzen dituela onartzen du azaroaren 26ko autoak; bertan jasotzen denez, Urrutiak zigorraren azken betetze-maila lortzeko behar diren gutxieneko baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen ditu, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna eman diote.

Urrutia 2009. urtean atxilotu zuten, eta 11 urte eta erdi eman ditu preso, SEGI gazte erakundeko kide izatea eta "kale borroka" delituak egotzita. Atxiloketaren unean, Urrutia Arana auzoko taberna baten arduraduna zen, eta auziak "muntai polizial bat" izatearen susmoa sortu zuen bere garaian; izan ere, akusazioaren oinarria lokalean aurkitutako petardo eta produktu errekor batzuk izan ziren, bestelako froga gehigarririk gabe.

Gaur egun Zaballako espetxean zegoen, hirugarren graduan, baina A Lama (Pontevedra), Navalcarnero (Madril), Daroca (Zaragoza) eta Logroñoko espetxeetan ere izan da preso. 14 urteko kartzela zigorra ezarri ziotenez, askatasuna 2023rako aurreikusita zegoen, baina presoak espetxe-legeriaren bidez egindako bideari esker, lehenago dago kalean.

Zaballako azken fasean, etxeko espetxealdia izan du Oier Urrutiak, osasun krisia eta hainbat erakunderen presioa direla eta, baldintzapeko askatasunaren espedientea ebatzi bitartean. Zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko irailetik, baina hirugarren gradua ez diote 2020ko uztailera arte eman.

Jon Etxeberria, El Duesoko espetxera

Gainera, Espetxe Erakundeek ostiral honetan iragarri dute sei euskal preso gehiago Euskal Herriko edo gertuko espetxetara hurbilduko dituztela. Horien artean Jon Etxeberria preso gasteiztarra dago: Castelloko espetxetik El Duesora (Kantabria) hurbilduko dute, etxetik 170 kilometrora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide