Adinekoen egoitzek bisita gehiago izango dituzte Gabonetan

Erredakzioa 2020ko abe. 11a, 10:24

Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte hartuko dira neurriok. / Alea

Adinekoen eta euren familien "sufrimendua eta kalte psikologikoa prebenitzeko" hartuko dituzte neurriok.

"Familiarekin harreman handiagoa bermatzeko" , Gabonetan Arabako adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzek zenbait neurri aplikatuko dituzte irteerei eta bisitei dagokienez. Era berean, neurri berri horiek erabiltzen dituzten pertsonen eta egoitza zentroan geratu nahi dutenen eta bertan lan egiten dutenen "bizitza, osotasuna eta osasuna ahalik eta gehien babesteko" neurriak izango dira, azaldu dutenez.

Emilio Sola gizarte politiken saileko foru diputatuak iragarri duenez, hiru foru aldundiek egoitzei buruz adostutako neurrien arabera, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean bisita gehiago izango dituzte, bi seniderekin aldi berean. Aldi horretan bertan, egoiliarrak beren etxeetara edo senideen etxeetara irten ahal izango dira bazkaltzera, afaltzera, gaua igarotzera edo egun gehiago igarotzera. Zentrora itzultzean, PCR probak egingo zaizkie eta birusa zaintzeko eta kontrolatzeko protokolo bat egingo zaie. Irteera berezi horiek bertan behera geratuko dira egoitza kokatuta dagoen udalerriko edo destinoko udalerriko egoera epidemiologikoa alerta gorrian badago, hau da, hamalau egunetan zehar 500 kasu baino gehiagoko intzidentzia badago 100.000 biztanleko.

Solaren arabera, egoitzetatik irtetea eta senitartekoek egoitzetara bisitak egitea adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien senideen "sufrimendua eta kalte psikologikoa prebenitzeko neurria da". "Oso egun bereziak dira, eta adineko pertsonei eta desgaituei eta haien ingurukoei sufrimendu psikologiko handiagoa ekidin nahi diegu". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide