Alaves 0 - Reala 0

Alavesek sufrimenduan oinarritutako puntua eskuratu du

Ibon Gorrisi 2020ko abe. 7a, 07:22
Alavesek ondo eutsi dio Realari. / DEPORTIVO ALAVES

Bigarren zatia ia-ia osorik hamar jokalariekin aritu da 0-0ko berdinketa Realaren aurka lortzeko.

Alaves

0

Reala

0

Alavesek galdu gabe eta puntuak pilatzen jarraitzen du. Realaren aurka sufrimenduan oinarritutako berdinketa lortu du. Balio handiko puntua izan da bigarren zatia ia-ia osorik hamar jokalariekin aritu delako. Izan ere, Battagliak zer edo zer esan dio epaileari eta honek, zalantza izpirik gabe, 61. minutuan txartel gorria zuzena atera dio. Horren ondorioz, taldeari sufritzea tokatu zaio eta txuri-urdinek izandako aukerak Pachecok bikain gelditu ditu.

Lehen zatian bi taldeek gol aukera gutxi sortu dituzte. Garbienak partida hasi eta berehala izan dira. Lehen minutuetan Isak aurrelariak buruz errematatu du Merquelanzek egindako erdiraketa baina baloia Pachecoren eskuetara joan da. Hurrengo jokaldian Joseluk ondo baino hobeto aprobetxatu du atzealdean egindako hutsa baina ez du asmatu. Hortik aurrera, jokoa orekatu egin da eta talde txuri-urdinak eraman du jokoaren ekimena. Talde arabarra atzealdean sendo aritu da eta zuzeneko jokoa egiten saiatzen da. Halere, ez batak ez besteak ez dute aukera garbirik markagailua mugitu ahal izateko.

Bigarren zatian talde arabarra indartsu atera da. Lerroak pitin bat aurreratu ditu eta derbiaren bila joan da. Baina, garaipenaren ametsak berehala izan du zaplaztekoa. Epaileak Battaglia erdilari argentinarra kanporatu du eta gauzak erabat okertu egin dira. Halere, talde babazorroa, Bartzelonaren aurka egin zuen bezalaxe, ondo eutsi dio Realari. Bikain aritu da taldea defentsako lanetan eta txuri-urdinek zirrikituren bat aurkitu dutenean hor izan da Pacheco. Dena den, esan beharra dago Realak baloia alderik alde mugitu duela baina gol aukera pare bat bakarrik izan dituela. Honek esan nahi du Alavesek ondo baino hobeto egin duela bere lana golik ez jasotzeko. Berdinketak oso zapore gozoa utzi du eta bide onean jarraitzeko aukera eman du. Dagoeneko sei partida jarraian dira porrota ezagutu gabe.

Hurrengo neurketa datorren larunbatean izango da, abenduak 12, arratsaldeko 18:30ean Huescaren aurka. Etxetik kanpo beste aukera polita garaipena lortu ahal izateko. Ea egia den!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Rubén Duarte; Jota Peleteiro, Tomás Pina, Battaglia, Luis Rioja (88’. Edgar Mendez); Lucas Perez (72’. Martin), Joselu.
    • Txartel horiak: 42'. Lejeune.
    • Txartel gorria: Battlagia
  • Reala: Pacheco; Remiro; Gorosabel (75’. Joseba Zaldua), Sagnan (83’. Martin Zubimendi), Zubeldia, Aihen; Merino, Gebara; Portu (83’. Barrenetxea), Roberto López (75’. Jon Bautista), Merquelanz; Isak (75’. Willian Jose).

Golik gabeko neurketa

 

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Gau hotz-hotza futbolean aritzeko eta ia-ia partida osoan zehar euria eta euria. David Silva hamaikakoan jokatzeko iragarrita zegoen baina partidaren hasierako berotze ariketetan ezker izterrean arazoak sentitu ditu. Horren ordez, Imanolek Roberto Lopez zelairatu du. Harrigarria izan da 61. minutuan Battagliaren txartel gorria. Zerbait esan omen dio epaileari honek pentsatu gabe txartel gorri zuzena erakutsi diolako. Hurrengo neurketarako Alavesek bi baja garrantzitsu izango ditu: Lejeune (bosgarren txartela hori ikusi duelako) eta Battaglia.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Hau hotza Mendizorrotzan! Egia esanda, era honetako partidak hobeto etxeko goxotasunean ikustea. Bestela, pentsa gaur Mendizorrotzan, hor eserita. Buff, euria, hotza eta gainera sufritzea tokatuko zaigu.
  • Reala oso talde ona da. Behintzat orain arte talde txuri-urdinak erakutsi du ondo baino hobeto jokatzen duela.
  • Ikusiko dugu. Beno, Machinek ohiko hamaikakoa zelairatu du. Badirudi talde honako hau izango dela hemendik aurrera ikusiko duguna.
  • Kontuz, kontuz, Realaren lehenengo aukera. Joseluk izan du, gurea.
  • Realak ondo mugitu eta erabiltzen du baloia baina sakontasunik gabe.
  • Ea guk geldikako jokaldi edo kontraeraso batean gola egiten dugun! Bestela jai daukagu. Reala ekin eta ekin arituko da. Beno, gutxienez gol aukera gutxi izan dituzte bi taldeek.
  • Horrela jarraituz gero ez dugu golik ikusiko. Ea bigarren zatian gauzak aldatzen diren.
  • Partidaren bila atera gara. Hori da hori! Aurrera, presioa goian egin behar da. Ea gola datorren.
  • Epaile jauna, baina zer, txartel gorria. Baina zer da hau! Lau partidetan aritu gara hamar jokalariekin. Azkena Bartzelonaren aurka. Zerbait esan dio, bestela ez da batere normala epaileak horrela jokatzea. Ikusi egin beharko da.
  • Hau desastrea! Orain komeriak, sufrikario, baloiak urrundu eta urrundu! Eskerrak Pacheco dugula.
  • Oraindik asko falta da eta Realak ondo jokatzen du. Ikusiko dugu! Bartzelonak ere ondo jokatu zuen baina berdinketa lortu genuen. Ea oraingoan gauza bera gertatzen den!
  • Ondo, ondo eta Pacheco bikain, bikain.
  • Oso gutxi luzatuko du epaileak, bakarrik hiru minutu.
  • Oso ondo, puntu bat! Sei partida galdu gabe eta aurrera!!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide