Arabako pentsiodunek kaleak hartu dituzte Toledoko Itunaren aurka

Erredakzioa 2020ko abenduaren 6a

Asteburu honetan, pentsiodunek kaleak hartu dituzte Gasteizen, Amurrion, Laudion eta Agurainen, Toledoko Itunaren aurka eta pentsio-sistema duin baten alde.

Pentsionisten mugimenduak deituta, ehunka lagun mobilizatu dira larunbat honetan, abenduaren 5ean, Araban. Hego Euskal Herriko beste herri askotan bezala, Toledoko Itunaren Gomendioak berresteko Espainiako Kongresuak hartutako erabakia arbuiatu dute, eta gutxienez 1.080 euroko pentsioa ezartzea aldarrikatu dute.

Itunak pentsioen zenbaketa 15 eta 25 urte artean mantentzea defendatzen du, eta, pentsiodunen ustez, zenbaketa urteak luzatzeko bidea irekitzen du horrek, pentsioen murrizketarekin batera.

Bestalde, salatu dutenez, itunak ez du genero-arrakala ezabatzeko neurririk proposatzen, ezta alarguntasun pentsioa igotzeko neurririk ere.

Mobilizazioekin jarraituko dute, eta astelehen honetan, plazetan mobilizatuko dira berriro, astero bezala, pentsio-sistema publiko duin baten alde

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago