Ikasturte berezia euskaltegietan

Erredakzioa 2020ko abe. 5a, 08:00
Aintzane Pradera da Arabako AEK-ko arduraduna. AEK

Ahalegin ekonomiko handia egiten ari dira urteotan Arabako AEK-ko eta IKA-ko euskaltegiak aurrez aurreko ikastaroen alde, kontuan izanik ikasle gehienentzat horiek direla preziatuenak.

Ikasturte berezia izaten ari da urte honetakoa euskaltegietan. Aurrekoa nola edo hala bukatu zuten pandemiari egokitzeko ia astirik izan gabe; eta udaren ostean denetariko neurriak –kostu ekonomiko handia ekarri dutenak– hartu behar izan dituzte Arabako euskaltegiek ikasleak behar bezala artatzeko eta aurrez aurreko eskolak bermatzeko. AEK-ko Aintzane Praderak eta IKA-ko Joxemi Reguerok egoeraren berri eman dute. 

Nahiz eta matrikulazioetan jaitsiera nabarmena izan, ikasle gehienek euskara ikasten jarraitzeko egin duten apustua nabarmendu du AEK-ko Arabako arduradunak. "Egoera ez da nahi dugun modukoa, baina ikasleak gurera etorri izana eta ikasteko gogoa izatea oso puntu positiboa izan da. Guk aurten pilak jarri behar izan ditugu. Jaitsiera egon da Euskal Herri osoan, logikoa den moduan, baina mantendu dugu ikasturtea". 

Matrikula gutxiago izan dituzte ere Gasteizko IKAko euskaltegietan. Reguero zuzendaritzako kideak kopuruak zehaztu ditu: "Jende gutxiagok eman du izena eta jende gutxiagorentzat tokia genuen. Aurten, 800 bat ikasle ditugu euskaltegietan, eta iaz 1.000 inguru, %20ko jaitsiera hain zuzen". 

Halere, otsailetik aurrera galdutako matrikulazio batzuk berreskuratzea espero dute, gela gehiago izango baitituzte Gasteizko Paraguay kalean atondu duten euskaltegi berrian. "Horrekin ordezkatu nahi izan ditugu galdutako hamahiru gela, eta beste lokal bat ere utzi behar izan dugu egungo baldintzekin oso txikia geratzen zelako". 140.000 euro gastatu behar izan dituzte konpondu eta lokal berria atondu ahal izateko.

Ikasle gutxiago gelan

Pandemiaren aurkako neurriak betetzeko, ikasgeletan egon daitezkeen ikasleen kopurua murriztu behar izan dute, eta horrek azpiegiturak egokitzera behartu ditu euskaltegiak, muga asko zituztelako espazio aldetik. "Euskaltegi bakoitza modu batekoa da –esan du AEK-ko irakasleak–, ez daude bi berdin, eta horrek ekarri du toki batzuetan sei ikasleren taldeak osatu ditugula, eta beste batzuetan handiagoak". Egoera berriak  talka egin du euskaltegien ohiko funtzionamenduarekin, talde bat martxan jartzeko orduan gutxieneko kopuru handiagoak baitituzte. "Talde batzuetan, bi gela libre egonda, bitan banatu dira, bi azpitaldetan, eta irakasleak biak artatzen ditu, horrek dakarren desgastearekin. Baina hori aukera bat da ikasleek aurrez aurreko klaseak mantendu ahal izateko".

Beste aukera bat da konbinatuan ibiltzea; alegia egun batzuetan euskaltegian eta beste egun batzuetan etxetik egiten dute lana ikasleek. Irakasleak etxean egiteko lanak bidaltzen dizkie eta plataforma dute eskolak online emateko. Beste ikasle askok baliabide teknologikoak ez dituztelako arazo gehiago dituzte, baina posta elektroniko arruntarekin eta telefonoz aritzen dira horiekin.

"Formakuntza egin dugu, ikastaroak egin ditugu online mundu horretatik ahalik eta hoberen artatzeko ikasleak. Ez du ematen beste konfinamendu orokor bat etorriko denik, baina konfinatzen baldin badituzte ikasleak edo irakasleak, kasu horietan gure plataforma erabili ahal dugu, baita bideo-bilerak egiteko ere".

IKA-n, berriz, bi estrategia nagusi erabili dituzte pandemiaren ondoriozko neurriei aurre egiteko. Batetik, lokalak moldatu; obrak egin dituzte euskaltegi guztietan eta aforoa handitu egin dute modu horretan. "Horrela lortu dugu gehienetan gutxienez zortzi lagun sartu ahal izatea legezko baldintza guztiak beteta. Iaz, hamaika laguneko ratioa geneukan eta aurten batez beste bederatzikoa dugu". Halaber, txandaka ibiltzen dira gela batzuk, online eta aurrez aurrekoak konbinatuz. Izan ere, eskola telematikoak eskaintzea izan da bigarren estrategia. Horietan iaz baino askoz jende gehiago dagoela esan du Reguerok; 50 lagun guztira, eta 22 talde osatu dituzte. 

Aldaketa horiekin batera, ahalegin ekonomiko handia egin behar izan dute euskaltegiek. "Baliabide teknologiko gehiago behar izan ditugu eta pertsonalari begira ere kontua da ordezkoak asko direla eta kontratazio asko egin behar izan ditugula", aipatu du Praderak. Gainera, ratioak eta gutxieneko kopuruak jaisteak kalte egin die. AEK-ren kasuan, gainera, hurrengo urteko Korrikaren edizioa bertan behera utzi behar izateak eragin ekonomikoa ekarriko du.

Udala eta Aldundia

Erakundeen erantzunaren inguruan, Reguerok aipatu du HABEk nahiko "koltxoi handia" jarri zuela eta ziurtatu zuen diru-laguntzak jasoko zituztela euskaltegiek; beraz, horretan ez dute galerarik izango. Matrikula kopuruagatik eta egin dituzten gastuengatik izango dituzte galerak, "baina maila batean apaltzen dira HABEk emandako diru-laguntzekin".

Alta, beste administrazio batzuek hartutako neurriekin kritiko hitz egin du IKA-ko arduradunak."Egia esan ez dute gehiegi lagundu; Udalak eta Diputazioak osatutako taldeetan, galerak izan ditugu. Adibidez, Udalaren guraso taldeen erdiak sortu dira. Neurri batean izango da gurasoek ez dutelako izena eman, eta beste neurri batean Udalak iaz hartutako erabaki okerrarengatik, alegia taldeak bertan behera uztea nahiz eta eskaintza telematikoa izan". 

Beste alde batetik, HAEEn eta Udalaren kasuan irakasleen bajak izatekotan horiek beste irakasleekin ordezkatzea eskatzen dituztela aipatu du Reguerok, eta ez dutela modu telematikoan jarraitzeko aukera ematen. "Ordezkoak bidali behar izanez gero, oso aukera gutxi ditugu; irakasle berriak hartzea ia ezinezkoa da guretzat, hezkuntzako zerrendak beteta daudelako, eta ez dute kontuan hartzen"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide