Lexuri Ugarte

"Erabili egiten ez badugu, euskarak ez du etorkizun onik"

Mirian Biteri 2020ko abe. 4a, 07:00

Euskara eta Gorbernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugarte, Diputazioko jauregian.

Pandemiak eragina izan badu ere, Diputazioko Euskara zerbitzuaren hasierako helburu estrategikoak mantentzeko gai izan dela azpimarratu du bertako zuzendariak.

Pasa den urtean, erronka berria hartu zuen bere gain Lexuri Ugarte Aretxagak (Laudio, 1979): hain justu ere, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gorbernu Irekiko zuzendaritzarena. Datozen lerroetan, orain arte egindakoaz, euskarak Araban izandako bilakaeraz, Diputazioaren Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoaz eta hemendik aurrerakoen inguruan hitz egin du, besteak beste.

Euskara eta Gobernu Irekiko Zuzendariaren kargua hartu zenuen iaz. Nola hartu zenuen erronka?
Hasieran beldur asko nion erronka handiari, txiki ikusten nuelako nire burua horretarako. Baina, banekien ekin behar niola eta horrela hasi nintzen, jakinda administrazio hau nahiko urrun geratzen zitzaidala, bereziki Aiaraldean sortua naizelako eta beti ere nahiko urrun geratzen zaigulako. Sartu eta berehala konturatu nintzen administrazioak ahalegin handia eskatzen duela.

Pandemiak bortizki jo gaitu, eta eragina izango du, baina ziur naiz aurrera aterako dugula, elkarlanean. 

2020 'xelebre' honekin, ziur orain artekoa ez dela hasiera batean espero zenuena bezala joan, ezta?  
Bai, eta orduan konturatu nintzen oso desberdina zela aurretiaz izandako beldurra edo nolabaiteko ezinegon hura. Jakinda guztiontzako erronka berria bazetorrela, baina hasiberrientzako bikoitza izango zela. Hala eta guztiz ere, jokatzeko moduan pandemiak eragina izan badu ere, hasierako helburuak tinko mantendu ditut; hau da, euskarak behar duen bultzadari eutsi diogu. Eta hori da hemendik aurrerako asmoa ere. Pandemiak bortizki jo gaitu, eta eragina izango du, baina ziur naiz aurrera aterako dugula, elkarlanean. 

Ezinbestekotzat jotzen duzu orduan elkarlana...  
Bai. Norbanakoak aurrera atera nahi badu, lagunak izatea funtsezkoa dela erakutsi didate txikitatik etxean; kasu honetan, lankidetza lagun moduan ulertuta. Funtsezkoa da ez bakarrik beste administrazio batzuekin batera jardutea, baizik eta elkarte, kolektibo eta norbanakoekin batera. Adibide garbiena da Diputazioan dugun Euskararen Batzordea; euskalgintzan aritzen garen hainbat kidek osatzen dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait bakoitzak egiten dituen ekarpenak. Horrekin lotuta, uste dut guk guztion arteko harremanak sendotzeko bidean gaudela. 

Pandemiak eragindakoetara itzulita, egungo egoerara egokitu beharra izango zenuten Aldundiko Euskara Zerbitzuan ere?
Bai. Esan bezala, aurreikusita genituen helburuei eusteko adorea izan dugu, esparru ekonomikotik ziztada izan badugu ere. Horrek, baina, ezin du gure helburua ahuldu. Baliabide ekonomikoak murritzagoak izango dira, baina positibo begiratu behar diogu etorkizunari. Txikitasunean handi da euskara; Arabak asko dauka esateko, eta funtsezkoa da txikitasun hori handi erakustea; baina, nire ustez, salto kuantitatibotik baino, kualitatibotik bideratuta joan beharko litzateke gure ahalegina. 

Ziztada ekonomikoa %20koa izan da, esparru guztietan. Baina, nik azpimarratuko nuke zenbait aurrekontu lerro bere osotasunean mantentzeko gai izan garela.

Zenbatekoa izan da gidatzen duzun zerbitzuak jasandako murrizketa ekonomiko hori?
Ziztada %20koa izan da, esparru guztietan. Baina, nik azpimarratuko nuke zenbait aurrekontu lerro bere osotasunean mantentzeko gai izan garela. Adibidez, Euskaraldia mantendu dugu. Bestetik, badakigu tokian tokiko hedabideak ere funtsezko erreminta direla herritarrengana heltzeko eta horiei eskaintzen genien lerroa, 193.400 euro horiek, mantentzea lortu dugu. Hainbat esparru estrategikori eutsi behar geniela ikusi dugu, eta horrela izan da. Gure departamentuan bertan beste zuzendaritza batzuek jasotako zaplaztekoa handiagoa izan da; horrek euskararekiko konpromisoa erakusten du. 

Lehentasuna izan da orduan...
Beti. Konpromisoa hori izan da, zehar lerroa izan behar du eta gogor gabiltza lan egiten. Adibide batekin azalduko dut. Pasa den astean banatutako Lazarraga sarietan, esaterako, Asasam ongi izate saileko Aiaraldeko elkarte bati eman genion saria, horretan euskarak duen garrantzia erakusteagatik. Horrekin esan nahi dudana da arlo sozioekonomikoan ere buru-belarri gabiltzala lanean pausu berriak ematen; bereziki, enpresa, saltoki eta ostalaritzan euskarak toki gehiago izan dezan. 

Jabe gara eskola garaian euskara erabiltzen dela, baina lan mundura salto egitean euskarak horma bat topatzen du; eta ezinbestekoa da arlo horretan ere presente egotea.

Pausu berri horiek Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoan barruan daude. Zeintzuk dira horren lan-ildo nagusiak?
Batetik, gazteak eta haurrak daude; bestetik, badakigu aisialdian, kirolean eta kulturan euskarak pausu garrantzitsuak eman behar dituela. Aipatu bezala, arlo soziokonomikoari ere keinu bat egin nahi diogu. Jabe gara eskola garaian euskara erabiltzen dela, baina lan mundura salto egitean euskarak horma bat topatzen du; eta ezinbestekoa da arlo horretan ere presente egotea.

Zer leku dute teknologia berriek guzti horretan?
Oso garrantzitsuak dira. Digitalak bihurtzen ari gara, haurrek eta gazteek modu garbian erakusten digute digitalizazioak duen garrantzia. Eta euskarak erreminta digitalak behar ditu; Eusko Jaurlaritzarekin batera ari gara lanean erreminta horiek eskura jartzeko. Euskara, berez, digital bihurtu behar dugu. Gurean, esaterako, hasi gara pausuak ematen, webgune batzuk euskaratzen edo esparru sozioekonomikoan laguntzak eskaintzen.

Guzti horiek aurrera eramateko bitartekoak behar dira, eta krisi hotsak entzuten hasiak gara; hortaz, zer aurreikuspen dituzue urteko aurrekontuetan Euskararekin lotutako gaietarako?
Gure asmo zurruna eta irmoa da orain arteko konpromiso guztiei heltzea, horren adierazle da izan ditugun aurrekontu guztiak mantenduko direla. Ahaleginak eta bi egingo ditugu, hitzarmen bitartez, berme bat eskaintzeko hainbat eragileri eta ekintzari, eta plan estrategikoan aurreikusitako ildo estregikoei ere eusteko.   

Mantendu bai, baina murrizketarik aurreikusten da?
Oraindik ez dakigu ezer. Hala eta guztiz ere, jakin dezatela arabar guztiek konpromisoa badagoela euskarari eusteko; hau da, gure lurraldean sortzen diren ekimenak eta proiektuak laguntzeko.

Diputazio barrura begiratuta, euskarak Aldundiko sail guztietan presentzia izan beharko luke. Hori gauzatu dadin neurriak hartzen ari zarete?
Zehar lerroa aipatu dut lehen, eta hori da ideia garrantzitsuena, gu baikara sarea ehuntzen ari garenak. Departamentu guztiekin harreman zuzena dugu euskara presente izan dezaten; euskara zerbitzua prest dago departamentu guztiei laguntzeko beraiek ere euskara presente izan dezaten, eta epe motz-ertainera lortuko dugu sail guztietan presentzia izatea, ziur naiz.  

Bestalde, oztopoak oztopo, Euskaraldian murgilduta gaude, eta herritarrek beste behin euskararen alde pausuak ematen jarraitzeko gogoa erakutsi dute.
Oso pozgarria da. Hau guztia hasi baino lehen, Kike Amonarrizekin elkarrizketa bat izan nuen eta aurtengo Euskaraldiaren helburuetako bat zein zen galdetu nion, salto kuantitatiboa edo kualitatiboa egitearen gainekoa. Berak erantzun zidan kopurua biderkatzea buruan bazuten ere, kualitatiboa zela helburua; ni horrekin bat nator eta uste dut lortzen ari garela. Bestetik, pentsa dezagun 18 urtetik beherakoek ez dutela parte hartzen eta gu adibide garbiak izan behar garela, hurrengo Euskaraldira begira, beraiek ere parte har dezaten.  

Oso adierazgarria da Arabako Errioxako edo Lautadako kasua. Azken honetan esfortzu ikaragarria egiten ari dira euskara oraindik ere presenteago egoteko.

Argi dagoena da euskarak bilakaera ona izan duela azken urteotan Araban. Zein izan daiteke horren arrazoia?
Gasteizek, azken 30 urteetan, beste herrialdeetatik etorritako euskaldun asko hartu zituen; gizarte segmentu hori gaztea zen, euskarak balio erantsia duela erakutsi duena. Norbanakoek egin dute ahalegin hori, eta horren fruitua da sortu dituzten elkarte berriak euskararen presentzia handitzeko. Egoera hori beste eskualde batzuetara igaro da. Oso adierazgarria da Arabako Errioxako edo Lautadako kasua. Azken honetan esfortzu ikaragarria egiten ari dira euskara oraindik ere presenteago egoteko. Horiek guztiek aldarrikapen serioa egin diete erakunde ezberdinei eta feedback bat sortu da; hori dugun egoera onaren adierazle da. Egun, hamar gaztetatik zortzi euskaraz ulertzeko gai dira.  

Ulertzeko gaitasuna bai, baina erabileran hanka-motz jarraitzen dugu...
Hain justu, hori da gure hurrengo erronka, ahaztu gabe oraindik badagoela jende asko gure hizkuntza ezagutzen ez duena. Ezagutu bai, baina erabili egiten ez badugu, euskarak ez du etorkizun onik.  

Etorkizunera begira, itxaropentsu egoteko arrazoiak ditugu?
Sekulako altxorra dugu, pribilegiatuak gara, Europako hizkuntza zaharrenetarikoa dugu, eta hori erabilita, distira atera dezakegu. Beraz, erabili dezagun. Baina, beti ere ahaztu gabe elkarlana funtsezkoa dela. Hasten baldin bagara bakoitza bere bidea jorratzen eta konturatzen ez baldin bagara euskara guztiontzako aterkia dela, ez dugu zereginik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago