Guraso eta euskaltzale talde batek kanpaina abiatu du Disneyk bere produktuak eta, bereziki, Disney+ plataforma, euskaraz eskaini dezan lortzeko. Dagoeneko 2.400 lagunek baino gehiagok eman diote babesa adierazpen honi Avaaz plataforman.
"Enekantak eta Pirritx eta Porrotxez gain, Euskal Herriko haurrek Frozen, Ice Age, Star Wars eta abar ikusten dituzte", nabarmendu du guraso taldeak, eta Disney multinazionalak eta bere menpeko Pixar, Marvel eta abarrek sorturiko filmak eta telesailak espainolez edo frantsesez bakarrik daudela gogoratu. Katalunian duela hilabete lortu zuten Disney+ plataforma digitala katalanez ere egotea, sinadura bilketa bat tarteko, "eta pentsatu dugu euskaldunok ere aukera hori izan dezagun mugitzeko ordua dela".
Ekimenaren bultzatzaileen ustez, "eskubide kontua" da Disney Plusek bere edukiak euskaraz ere eskaintzea, eta uste dute "EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzenduriko marrazki bizidunen zinema estreinaldiak euskaraz izatea eskatzen zaien bezala, kanpoko enpresei ere gauza bera eskatu beharko litzaiekela". Eskaria Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoari ere egiten diote, Disney-rekin harremanetan jar daitezen "haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen".