2021erako aurrekontua abenduaren 15etik aurrera aurkeztuko du Aldundiak

Erredakzioa 2020ko abe. 2a, 13:00
Ramiro Gonzalez, Arabako Ahaldun Nagusia. / AFA

Foru Aldundiak iragarri du abenduaren bigarren hamabostaldian aurkeztuko duela 2021erako aurrekontu proiektua. Ramiro Gonzalezek aurreratu du gizarte politiketako inbertsioa "nabarmen" haziko dela.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak Batzar Nagusietako osoko bilkuran aurreratu duenez, abenduaren bigarren hamabostaldian iritsiko da Arabako Foru Aldundiaren 2021erako aurrekontu proiektua, foru gobernuak aurrekontuaren hasierako tramitazioa atzeratzea erabaki ostean.

Azaldu duenez, "Arabako gizartearentzat erantzukizunez jokatzeko" asmoz, Aldundiak epe luzeagoa eman dio bere buruari, "Covid-19ak eragindako egoera berriak eskatzen dituen lehentasun egokiak ezartzeko". Dena den, datorren urterako aurrekontua 2019koa baino handiagoa izango dela iragarri du Gonzalezek.

Diru bilketaren aurreikuspenak "bete edo hobetu" egingo direla uste du Aldundiak, eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak zor ahalmena hobetzea ahalbidetzen duen akordioa nabarmendu du. Era berean, akordio horri esker, Aldundiak zorraren aukera partekatu ahal izango du lurraldeko toki erakundeekin. Aldundiaren ustez, halaber, aurrerapen horri esker Arabako udalek ere "auzotarren beharren araberako aurrekontuak" egin ahal izango dituzte.

Gastu soziala

2021erako aurrekontuak "berrituta" daudela iragarri du ahaldun nagusiak, "aurreko urteekin alderatuta". Besteak beste, gizarte politiketako inbertsioaren hobekuntza azpimarratu du, eta Arabak gastu sozial handiagoa izango duela ziurtatu du Gonzalezek, Arabako Ganberako tribunatik.

Azkenik, egungo krisi testuinguruan akordioa lortzeko dei egin du: "Erakundeek elkarlanean ekin behar diogu 2021 urteari, krisialditik ateratzeko eta ahalik eta hobekien ateratzeko ahaleginetan. Arabak badu hori lortzeko ahalmenik, eta Aldundia buru-belarri ari da lanean helburu hori lortzearren".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide