Gabonetan mugikortasuna malgutzea eta 10 laguneko bilerak proposatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 18:41
Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen bilera. / IREKIA

Eusko Jaurlaritza Gabonetan udalerrien eta erkidegoen konfinamendua kentzearen "aldekoa" dela iragarri du Gotzone Sagardui sailburuak. Oraingoz, neurri murriztaile gehienak mantenduko ditu abenduaren 10era arte.

Astelehen honetan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bileraren ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak abenduaren 10etik aurrera EAEn ezarriko diren neurri murriztaileen nondik norakoak aurreratu ditu. "Egoera kezkagarria da oraindik. Ondo goaz, baina ez gaude ondo", adierazi du sailburuak.

Pandemiaren bilakaera etengabe aztertzen ari dira, eta hurrengo bilerara arte neurri gehienek bere horretan jarraituko badute ere, abenduaren 9an horietako batzuk leuntzeko aukera aztertuko dute berriro.

Gabonetako egun handietako abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 6anospakizunetan, 10 lagun arteko taldeak baimendu nahi dituzte, azken egunetan aurreratu bezala; Gabon Gauean eta Gabon Zaharrean abenduaren 24an eta 31n etxeratze agindua 1:00etara atzeratuko litzateke.

Gainera, Eusko Jaurlaritza Gabonetan udalerrien konfinamendu perimetrala eta erkidegoen konfinamendua kentzearen "aldekoa" dela iragarri du sailburuak. Udalerrien konfinamendua bertan behera uzteko konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena da, baina erkidegoen arteko mugikortasuna gainontzeko autonomiekin adostu beharko du. Ostalaritzaren inguruko erabakiak ere hurrengo asteazkenean hartuko dituzte.

Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berri bakarra ezarri du: azalera handiko merkataritza guneen edukiera %60ra mugatzea. Neurri horrek 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduei eragingo die; 150 metro koadro arteko establezimenduen kasuan, ordea, gehieneko edukiera %75ekoa izango da.

Bestalde, LABIk Gabonetako prebentziorako akordioa lortu du, eta asteazkenean autonomia erkidegoen arteko bilerara eramango dute. Akordioak bost gomendio orokor biltzen ditu:

  • Segurtasun eta prebentzio neurriak errespetatzea.
  • Erosketak denborarekin planifikatzea.
  • Mugikortasuna ahalik eta gehien murriztea.
  • Elkarrekin bizi ez diren pertsonen topaketak ahalik eta gehien murriztea.
  • Jende pilaketak saihestea.

Zentzu horretan, Gabonetako ekitaldi masiboak bertan behera uztea eta enpresen, ikasleen zein kirol kluben ospakizun sozialak saihestea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak.

Abenduaren 10era arte

Momentuz, indarrean dauden neurri murriztaile nagusi gehienak mantenduko dira abenduko zubiaren ostera arte, gutxienez hilaren 10era arte:

  • Udalerrien konfinamendu perimetrala. Bizileku gisa finkatutako udalerritik ateratzea debekatuta dago, eta soilik ezinbesteko kausengatik egongo da baimenduta; udalerri mugakideen arteko mugikortasuna posible da orain arte baimendutako kasuetan.
  • Sei lagun arteko gizarte topaketak.
  • Ostalaritzako establezimendu guztien itxiera; etxera eramateko edo jasotzeko zerbitzua baino ez da emango, aldez aurreko hitzorduarekin eta 21:00ak baino lehen. Salbuetsita daude hoteletako zein ostatuetako jantokiak, gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun zentroak, zentro soziosanitarioak, eskola jantokiak, lan jantokiak eta jantoki sozialak.
  • Etxeratze-agindua 22:00etatik 6:00etara.
  • Saltokiak 21:00etan itxi beharko dira; farmaziak eta gasolindegiak izan ezik.
  • Jarduera, ikuskizun edo ekitaldi kultural oro 21:00ak baino lehen amaitu beharko da. Bertan behera entsegu kolektiboak eta musika zein dantza ez-profesionaleko emanaldiak.
  • Garraio publikoaren ateratzeko gehieneko ordutegia 22:30ean; salbuetsita dago taxiz edo gidaridun ibilgailuz garraiatzea.
  • Taldeko kirol jarduera oro bertan behera; lehiaketa profesionala edo erdi-profesionala izan ezik.
  • Kirol ekitaldietara joatea debekatuta.
  • Kirol instalazioetan (gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan) programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, betiere maskara erabiliz, gehienez 6 laguneko taldetan eta gehienez %40ko edukierarekin.
  • Gurtzarako aretoen edukiera %35era mugatuta.

Beheranzko hirugarren astea Araban

Koronabirusaren azken datuei erreparatuz, Arabak 581 kasu positiborekin itxi du azken astea, eta azken 24 orduetan soilik 45 kasu berri atzeman dira; urriaren 13tik izandako daturik onena da. Bitartean, 78 paziente daude Arabako Unibertsitate Ospitalean Covid-19arekin ingresatuta.

Hortaz, azaroaren 16tik 22ra bitartean atzemandako 706 positiboak baino 125 kasu gutxiago dira azken zazpi egunetakoak; hilaren 9tik 15era bitartean zenbatutako 797ak baino 216 gutxiago. Halere, bigarren olatuaren gailurra azaroaren 2tik 8ra bitartean iritsi zen, 906 kasu atzeman zirelarik.

Beraz, pandemiaren bigarren olatutik hobetzen jarraitzen du Arabak, pixkanaka baina beheranzko joera argiarekin. Arrisku handieneko eremutik urruntzen jarraitzen du gure lurraldeak. Izan ere, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia tasa 397 kasukoa da une honetan Araban; Covid semaforoaren alerta laranjan.

Joera positiboa bada ere, Agurain eta Gasteiz dira egoera okerrena duten bi udalerriak, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrien artean eta intzidentzia tasari dagokionez: Agurainek 415,41eko intzidentzia tasa du, eta Gasteizek 420,88koa. Amurrio eta Laudio, ordea, eremu horian daude, 230,35eko eta 245,30eko intzidentzia tasarekin, hurrenez hurren.

14 egunetan metatutako intzidentzia tasa, lurraldeka. / OSASUN SAILA

 

Eremu gorrian dauden udalerriak

Arabako datu orokorren zein udalerri handien datuetatik harago, Covid-19aren semaforoan agertzen ez diren hamabi udalerri arabar daude oraindik eremu gorrian, hau da, 500eko intzidentzia-tasatik gora:

  • Aramaio (863,21)
  • Arraia-Maeztu (683,06)
  • Asparrena (621,50)
  • Berantevilla (819,67)
  • Burgu (797,45)
  • Eltziego (770,71)
  • Iruña-Oka (711,44)
  • Iruraiz-Gauna (564,97)
  • Kuartango (557,10)
  • Lapuebla de Labarca (1020,41)
  • Urkabustaiz (627,18)
  • Zalduondo (515,46)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide