Hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi dute Araban

Erredakzioa 2020ko aza. 30a, 10:11
Gardelegiko zabortegia. / PHOT.OK

Gasteiz Zero Zabor taldeak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, "foru gobernuaren laguntzarekin", hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi duela Araban, Hazkunde Iraunkorraren eta Enpleguaren Esparru Programaren barruan.

Gasteiz Zero Zabor ekimenak ohartarazi duenez, Araban hiri hondakinen erraustegi bat sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Proiektua abuztuan plazaratutako Hazkunde Iraunkorraren eta Enpleguaren Esparru Programan aurreikusten da, eta foru Gobernuaren laguntza izango luke.

NAIZ hedabide digitalak argitaratu duenez, PwC aholkularitza-enpresak aztertu du egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Next Generation EU Europako Funtsean finantzaketa lortzeko helburuarekin.

Azterlan horren balorazioetan, trakzio-proiektu publikoak eta pribatuak jasotzen dira, besteak beste, eta talde horren barruan, trantsizio energetikoari dagokion atalean, "hidrogeno berriztagarria ekoizten duten hiri hondakinak balorizatzeko proiektua" azaltzen da Araban.

20 milioi euroko aurrekontua

Zero Zabor taldeak azaldu duenez, proiektuaren lidergoa Arabako Foru Aldundiari dagokio, eta 20 milioi euroko aurrekontua izango luke. Une honetan, "garapen kontzeptualeko" egoeran dago, baina PwC enpresaren gomendioen arabera, Europaren finantzaketa jaso dezake, ekonomia zirkularraren eta energia berriztagarrien sustapenaren kontzeptuaren barruan.

Gauzak horrela, azpiegitura horren "beharraren justifikazioa indartzea" gomendatzen du PwCk, Zero Zabor taldeak jakitera eman duenez. Hala ere, hondakinen tratamendurako azpiegitura horrek "arrisku handia eta errentagarritasun txikia" dakarrela kritikatu du talde ekologistak.

Alternatibak

"Irtenbide teknologikoek hobetu dezakete egungo egoera deskarbonizatzea eta, are gehiago, aurrerapenak eskaintzea nekazaritzako eta industriako hondakin birziklagarrien kudeaketarako, baina ez dute ekonomia zirkularrak eskatzen duen kontzeptu aldaketa sortzeko gaitasunik", azaldu du Zero Zabor taldeak.

Horrenbestez, hondakinak bereizteko, birziklatzeko eta konpostaje intentsiboa egiteko estrategiak lehenestea eskatu dute, eta "gardentasunez" jokatzea eskatu diete erakundeei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide