Real Madril 1 - 2 Alaves

Alavesek meritu handiko garaipena lortu du Madrilen

Ibon Gorrisi 2020ko aza. 29a, 08:56

Alavesek goi mailako garaipena lortu du Real Madrilen aurka. / LA LIGA

Real Madrilen aurka 1-2ko emaitzarekin nagusitu da Alaves, eta bolada ezin hobean jarraitzen du.

Real Madril

1

Alaves

2

Talde arabarrak goi mailako garaipena lortu du Real Madrilen aurka. Lorturiko hiru puntuek aukera ematen diote taldeari sailkapenaren goi aldera begiratzeko. Alavesek bolada ezin hobean jarraitzen du, eta, gainera, esan behar da merezimendu osoz irabazi duela.

Lorturiko hiru puntuek aukera ematen diote taldeari sailkapenaren goi aldera begiratzeko.

Alavesek hasiera bikaina eman dio neurketari. Partidaren lehen minututik baloiaren jabe izan da, eta, 5. minutuan, Lucas Perezek penalti baten bitartez 0-1koa jarri du markagailuan. Korner baten ondorioz, Laguardiak buruz egindako errematean, Nachoren besoetan jo du baloiak, eta epaileak, inongo dudarik gabe, penaltia adierazi du. Taldea ez da atzealdean sartu, eta berdegunean agindu makila eramaten jarraitu du.  24. minutuan, Lucas Perezek, bakar bakarrik atezainaren aurrean, bigarrena egiteko aukera paregabea izan du. Baina baloia gehiegi loratzea nahi izan du, eta Courtoisek urruntzea lortu du.

Lehen zati honetan, talde arabarrak Liga honetako minuturik onenak jokatu ditu. Pacheco bikain aritu da, azken partidetan bezalaxe. Gainera, Kroosek jarraian egindako erremateak gelditzea lortu du. Atzealdean sendotasunez aritu dira, ia-ia akatsik egin gabe. Zelai erdian eta aurrealdean ondo baino hobeto erabili dute baloia eta gol aukerak sortu dituzte.

Lehen zatian, Alavesek Liga honetako minuturik onenak jokatu ditu.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Courtois atezainak egindako oparia ondo baino hobeto baliatu du Joseluk 0-2ko jartzeko markagailuan. Gol honek partidaz gozatzeko aukera eman dio. Hortik aurrera, defentsako lanean oinarrituz, presioa goian eginez edo atzerago jaitsiz, kontraerasora ateratzeko abaguneak izan dituzte. Lucas Perezek eta Joseluk gol aukera bikainak izan dituzte hirugarrena egiteko, eta norgehiagoka erabat erabakita uzteko.

Halere, hori ez da gertatu, eta, Casemirok egindako golaren ondorioz, taldeari sufritzea tokatu zaio berriz ere. Azken minutuetan, Alavesek hirugarrena egiteko aukerak izan ditu, eta, era berean, Real Madrilek berdinketa egiteko. Baina oraingo honetan hiru puntuak Gasteizera etorri dira. Ondo merezita, gainera.

Hurrengo neurketa Mendizorrotzan izango da, datorren igandean, abenduaren 6an, 21:00etan Realaren aurka. Ea taldeak galdu gabe jarraitzen duen!

Hamaikakoak

  • Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez, Varane, Nacho, Marcelo (70’. Mendy); Casemiro, Kroos (70’. Odegaard), Modric (70’. Isco), Asensio (63’. Vinicius); Mariano, Hazard (28’. Rodrygo).
    • Txartel horiak: 18’. Casemiro, 61’. Kroos.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Ruben Duarte; Jota Peleteiro, Tomas Pina (77’. Edgar Mendez), Battaglia, Luis Rioja (88’. Javi Lopez); Lucas Perez (88’. Borja Sainz), Joselu (90’. Deyverson).
    • Txartel horiak: 67’. Luis Rioja, 76’. Ruben Duarte.

Golak

  • 0-1: 5’. Lucas Perez, penaltiz.
  • 0-2: 49’ Joselu.
  • 1-2: 86’. Casemiro.

Alfredo Di Stefano futbol zelaiko harmailak

Partidaren hasieran, minutu bateko isilunea gorde da Maradona gogoan izateko. Ohi bezala, harmailak hutsik. Badirudi hurrengo urterako zale kopuru mugatuak sartzeko aukera izango duela. Pare bat jokaldietan epaileak VAR erabili du, baina berak hartutako erabakiak ez dira aldatu.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Ondo legoke Madrilen irabaztea. Talde handi-mandi hauei irabazteko orain izan behar da Liga hasieran, gerora ez dute puntu bat bera ere galtzen.
  • Ondo, ohiko hamaikakoa. Beno, bada, Edgar Méndez ordezkoen aulkian utzi du eta Luis Rioja hasieratik. Talde ona. Ondo, ondo ari da taldea. Baloia ondo erabiliz eta partidaren erritmoa eramaten.
  • Orain, orain dator gola. Lucas Perezek jaurtiko du. Ea gola egiten duen!!
  • Gola, gola. Hori da hori bikain hastea. Gaur, bai ala bai, Alavesek irabaziko du. Ondo gogoan dugu partida hura Azkoitiak korner baten ondorioz gola egin zuenekoa. Haiek ziren garaiak! Taldeak irabazi zuen eta gainera Lehen Mailako lidergoan jarri zen. Horiek dira oroitzapenak.
  • Lucas, Lucas, baina zer-nolako aukera izan duzun. Gol zoragarria egin nahi eta ezerezean gelditu da. Ze pena! Hau pena!! 0-2ko izan zitekeen.
  • Ondo taldea, oso ondo ari da. Real Madrilek ez du inongo gol aukerarik sortu.
  • Uff, kontuz, kontuz. Eskerrak San Pacheco atean dugula. Kroosek bi jaurtiketa egin eta bietan Pacheco bikain. Onenen pare ari da.
  • Beno, bada, atsedenaldia. Ikusiko dugu bigarren zatian. Orain arte bezalaxe jarraitu behar. Aurrera, aurrera.
  • Goooooooool, Eskerrik asko Courtois. Horiek dira opariak horiek eta ez Olentzerok egiten dituztenak. 0-2koa. Oso ondo Joselu, oso ondo. Garaipena Gasteizera etorriko da. Ez dago dudarik.
  • Taldea partida borobila egiten ari da. Hiru, hiru, hiru. Buff, hirugarrena une batetik bestera. Partida bikaina. Merezimendu osoz irabazten ari gara.
  • Kontuz, kontu, Casemiroren gola. Berriz ere, sufritzera. Partida erabat apurtuta dago. Hirugarrena, hiru, hiru… Bada, ez, ezetz. Kontuz, kontuz Iscok langara. Ordua, ordua…
  • Bukatu da, bukatu da, akabo. Madrili irabaztea hori ez da eguneroko ogia. Ondo, ondo, sailkapenean goruntza. Hurrengo partida Reala. Bide horretan jarraitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide