Kultura bonua izango du Arabak Gabonetan

Erredakzioa 2020ko aza. 27a, 16:07
Ana del Val eta Gregorio Rojo, bonua aurkezteko agerraldian. / AFA

4.575 bonu emango dira, eta enpresek abenduaren 1etik 15era bitarteko epea izango dute parte hartzeko. Kanpaina Gabonak baino lehen jarri nahi dute abian.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Gregorio Rojo Merkataritza Ganberako presidenteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, Gabonak baino lehen Foru Aldundiak abian jarri nahi duen kultura bonuen programa prestatzeko. Enpresek abenduaren 1etik 15era bitarteko epea izango dute parte hartzeko.

"Bonuen helburua Arabako kultura sustatzea eta zabaltzea da, gure lurraldean kultura produktuen eta zerbitzuen kontsumoa sustatuko duten bonu deskontuen bidez, eta, horrela, kultura sektorearen zati handi bat osatzen duten profesionalen, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen ekonomia suspertzen laguntzea. Herritarren aldetik ondasunen eskaria sustatzeaz gain, zerbitzuena ere sustatuko da, eta hori da berrikuntza nagusia", azaldu du Ana del Val diputatuak. 

Gabonak baino lehen jarriko dira bonuak herritarren eskura, eta maiatzaren 31 arte iraungo dute. Lau bonu mota egongo dira.

1.-Lehenengo bonua euskarazko kultura ondasunen kontsumorako izango da, 10 euroko deskontua 20 euroko gutxieneko erosketarekin.

2.-Bigarren bonua euskara ez den beste hizkuntza batean egindako kultura ondasunen kontsumorako eta musika tresnen kontsumorako izango da, 10 euroko deskontua 30 euroko gutxieneko erosketarekin.

3.-Hirugarren bonua euskarazko kultura zerbitzuen kontsumorako izango da, 20 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin.

4.-Laugarren bonua edozein hizkuntzatan dauden kultura zerbitzuen kontsumorako izango da, 15 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide