2005eko urriaren 20a. Data hori ageri da Kapildui mendiko tontorrean, lautada osotik ikus daitekeen 60 metroko radar dorrearen azpian dagoen oroitarrian. Egun horretan inauguratu zuten, eta, ordutik, Euskal Herrira gerturatzen ziren ekaitzen berri eman du. Izan ere, radarrak hamar minuturo arakatzen du atmosferaren bolumen osoa, eta prezipitazioen berri ematen du. Horri esker jakin daiteke ekaitzik ote dagoen hirurehun kilometroko radioan, eta ehun kilometroko radioko eremuan gai da zehazteko prezipitazioa euria, txingorra edo elurra den.
Kapilduin dagoenaren moduko radarrek ematen duten informazioa "oso baliagarria" dela nabarmendu du Jose Antonio Arandak, Euskalmet Agentziako Meteorologiaren arduradunak. Datu horiek balio dute prezipitazioek edo ekaitzek eragin ditzaketen arriskuak neurtzeko. Izan ere, hamar minuturo prezipitazioen mapa gaurkotzen duenez, jakin dezake ekaitzen bilakaera eta norabide aldaketak. Horrek ahalbidetzen du egoeraren irudi "ahalik eta zehatzena" izatea, beti egon daitezkeen arren aldaketak. "Ekaitzak oso aleatorioak dira, eta oso zaila da bete-betean asmatzea, baina, zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta arrisku gutxiago".
Zaintza hori ez da “oso agerikoa”, Arandak azaldu duenaren arabera, etengabekoa delako. Hots, egunean 24 orduz egindako lana da, 365 egunez urtean. Beraz, hamaika adibide egon daitezkeela gaineratu du. "Elurra antzematen badugu, aldundiei abisua ematen diegu, ekaitza mugituko den inguruetan abisua eman, eta elurra kentzeko makinak bidali ahal izateko". Horrez gain, ekitaldi jendetsuak ere aintzat hartzen dituzte. Bruce Springsteen 2012ko Donostiako kontzertua gogora ekarri du. "Ekaitza handiak egon ziren, eta ikusten genuen horietako baten norabidean Anoeta egon zitekeela; tximista batek kalte handiak eragin zitzakeenez, kontzertua atzeratu zen, arriskua pasa arte".
Saihestu ezin diren gertakariak daude, ordea. Hau da, euri jasen ondorioz uholdeak gertatuko badira, unean bertan uholde horiek saihestea oso zaila dela azaldu du Jose Antonio Arandak. "Bizitzak galtzea da saihestu dezakeguna, eta kalteak urritzea; Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzaren helburua da heriotzarik ez gertatzea".
Euria eta txingorra bereizi
Ohiko radar meteorologikoek prezipitazioak antzeman ditzakete. Aldiz, Kapilduikoak ohiko radarrek baino informazio gehiago ematen du: gai da zehazteko euria, txingorra edo elurra datorren. Hori gertatzen da ohikoek seinale bakarra, uhin bakarra, bidaltzen dutelako informazioa biltzeko. Kapilduikoak bi bidaltzen ditu: bat horizontala, lurrean dagoen suge baten moduan; eta beste seinalea bertikala, "itsasoaren olatua balitz bezala". Bi seinale horiek zerbaitekin topo egiten dutenean, oihartzun moduan itzultzen dira, antenak jaso, eta sistemak informazioa interpretatzen du. Horri esker jakin dezakete jo duten horren diametroa eta luzera.
"Ur tanta erortzen denean ez da biribila, dilista baten formakoa baizik; txingorra, aldiz, biribila da, eta radarrak hori antzematen du". Elurraren kasuan prozesu osoa antzematen duela azaldu du Arandak. Atmosferaren goiko geruzetan elurra sortzen bada modu batean detektatzen du radarrak, baina, jaitsi ahala, geruza epelagoetan sartzen bada, sistemak ikusten du nola urtuz joaten diren malutak. "Horrek aukera ematen digu jakiteko non dagoen zero graduko geruza atmosferan, radarrak geruza argitsu bezala erakusten baitigu", azaldu du Arandak.
Esan bezala, hori guztia hamar minuturo egiten du radarrak. Orduro sei aldiz, antenak hainbat 360 graduko itzuli ematen ditu, inklinazio ezberdinetan. Horri esker, Kapilduiko radarrak atmosferaren bolumen osoa arakatzen du, eta bertan dauden prezipitazioak antzematen ditu. Ordea, hain zehatza denez, "zarata" asko ere jasotzen du: hautsa, intsektuak, hegazkinak… "Berriki txori askok hegoalderantz migratu dute. Hori zarata da guretzat, nahi ez dugun informazioa, baina ornitologoentzat oso baliagarria da, eta informazio hori pasatzen diegu".
"Radarra egoera onean badago ere, etorkizunean pentsatu behar da"
Jose Antonio Aranda, Euskalmet
Telekomunikazioetako antena batzuekin ere arazoak izaten dituzte. Antena horiek, wifi-koak kasu, behar ez duten frekuentzian lan egiten badute, radarraren datuetan ager daitezke. "Kasu horietan telekomunikaziokoekin hitz egiten dugu, arazoaren berri emateko, eta haiek arduratzen dira konpontzeaz". Zarata hori garbitu, eta datuak Gasteizera bidaltzen dituzte, bertan publiko eginez herritar guztiek ikus ditzaten, eta, administrazioak, horren gainean egin dezan lan.
Arazoak tximistekin
Hamabost urteetan egindako bidea ez da erraza izan. Horietatik hamalau eman ditu lanean, 24 orduz. Urte bat, ordea, galdu du arazo teknikoen ondorioz. Eta arazo nagusia tximistak izan dira. Jose Antonio Arandak azaldu du Euskal Herrian ezohiko tximista mota bat gertatzen dela: negukoa. "Jendeak esan ohi du neguan trumoiak entzunez gero elurra datorrela, eta hala da; haize hotza dator altuera handietan, Kantauri itsasoko ur beroarekin kontrastea sortzen du, mugimendu bertikalak, eta, horiekin, tximistak. Leku gutxitan daude neguko ekaitzak tximistekin: Japonian, Euskal Herrian…".
Bada, tximisten eta ekaitzen ondorioz bi aldiz aldatu behar izan dute antena babesten duen radomoa, sei metroko diametroa duen pilota erraldoia. Horrek arazo gehigarri bat ekarri zuen. "Neguan, ekaitza horietan, bereziki beharrezkoa da radarrak eman ditzakeen datuak izatea, prezipitazioak egon daitezkeelako". Bada, kalte horiek konpontzea ez da erraza izan. "Negu batzuetan honaino heldu ondoren ez gara gai izan inguruko hesiaren ateak irekitzeko, zegoen elurragatik, eta bi metroko hesiaren gainetik pasa izan behar genuen". Goraino igotzea beharrezkoa zen, radarra aktibatzeko. "Itzalita dagoen bitartean itsu gaude".
Edonola ere, konponbide bat asmatu zuten, eta zazpi urte baino gehiago dira tximistek eragindako inolako arazorik gabe. Horri esker, 2013tik ia atsedenik gabe zaindu du zerua Kapilduiko radarrak. "Ikusten duen zeru zatia", zehaztu du Jose Antonio Arandak. Lautadako atmosfera osoa ikus badezake ere, beste eremu batzuetan ez da beheko geruzak ikustera heltzen, mendien atzean daudelako. Alegia, altuera zehatz batera arteko datuak biltzen dituzte. Datu horiek osatzen dituzte beste radar batekin: Bizkaian, Jatan, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak duenarekin.
Aurreikusitako biziraupena, gaindituta
Hamabost urteren buruan radarrak lanean jarraitzen du, eta hala jarraituko du etorkizun gertuan ere. Edonola ere, epe ertainera zer gerta daitekeen ikusteke dago. Radarrak dagoeneko gainditu du aurreikusitako biziraupena. "Mota honetako azpiegiturek hamar edo hamabi bizitza dute, eta, Kapilduikoa egoera onean badago ere, etorkizunean pentsatzen hastea komeni da".
Jose Antonio Arandaren ustez oraindik beste hiru edo lau urte egon daiteke martxan, "zortea badugu". Duela gutxi radarra egin zuten enpresako teknikariak egon ziren, azpiegitura aztertzen. “Harrituta geratu ziren ikusi zutenean ze egoera onean dagoen”. Edonola ere, 2005etik egindako ibilbidea aztertuta, Arandak espero du azpiegitura gaurkotzeko aukera izatea etorkizunean, Kapilduiko ekaitzen zaindariak bere lana egiten jarrai dezan.