Koronabirusaren pandemiak hala behartuta, pantailaz bestalde jarraitu behar izan da aurten Lazarraga Sarien seigarren edizioaren sari banaketa ekitaldia. ARTgia Sorgune Aretoak, ASASAM elkarteak, Uriarte Industrialek, Museo del Organo jatetxe begetarianoak eta Bertako Igogailuak-ek jaso dituzte 2020ko Lazarraga Sariak, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa.
Edurne Begiristain Berria-ko kazetariak aurkeztu du ekitaldia eta bertan izan dira, saridunekin batera, Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria.
Rober Gutierrezek aipatu duenez, euskara "garapen iraunkorrerako giltzarria" da, eta "giltzarri bezala garatu behar dute administrazioak eta enpresek". Azpimarratu du aurtengo sarituek "lehiakortasunerako giltzarri" dutela euskara. Lexuri Ugartek, bere aldetik, nabarmendu du "atzera urratsik egin ez duten pertsona eta entitateak" direla Lazarraga Saria jaso dutenak. Gaineratu du "aberastasunaren ikur" direla saridunak lurraldeko beste askorentzat.